Goienagusiko bazkideak Kulturateko areto nagusian bildu dira gaur goizean euren sorreraren X. urteurrena ospatzeko. Ordu eta erdi inguru eman dute hamar urte horien errepasoa egiten. Goienagusiren helburuetako bat beti izan dela herrietan integratzea, eskualdeko herrietan jarduera ezberdinak antolatuz.
2011ko irailaren 30ean ospatu zuten ikasturte hasierako lehen asanblada. Harrezkero, ekitaldi ugari antolatu dituzte: hitzaldiak, irteera kulturalak, kontzertuak,… Hainbat gai jorratu dituzte, hala nola historia, artea, musika, biologia, teknologia, egungo egoera politiko-soziala, emakumea, espazioa eta abar. Teknologia berrien gaiari ere heldu behar izan diote. Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, jarduerak egiteko modu berriak garatu behar izan zituzten.
65 bazkide izaten hasi ziren, eta ondoren beste batzuk gehitu zaizkie. Lehen bazkide horietatik 24k jarraitzen dute oraindik. Gaur ere elkarteak denbora honetan izan dituen 6 presidenteak omendu dituzte. Dagoeneko Goienagusin ez dauden bazkideak ere gogoratu dituzte. Bereziki, hil diren bazkideak.

Bukatzeko, ekitaldiari kutsu berezia eta doinuz gozatzeko aukera eman nahiean, Eneritz Urrutia musikari arrasaterrak abesti batzuk interpretatu ditu. Denon artean ere, olerki eta abesti bat interpretatu dute. Ondoren, Hotel Mondragonen aperitiboa egiteko elkartu dira.