GOIAZ! Lanbide Heziketaren Azoka egingo da apirilaren 6an eta 7an

0
438

Testua: Debagoieneko Mankomunitatea.

Aurten bai, Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuaren laguntzarekin urtero antolatu ohi duen GOIAZ! Lanbide Heziketaren Azoka egingo da. Apirilak 6 eta 7an egingo da, 14.edizioa. Aurten baina, leku berrian egingo da: Arrasaten, Garaia Parke Teknologikoan. Bi urteko etenaldiaren ostean, berriro ere Lanbide Heziketaren Azoka presentziala berreskuratuko da.

GOIAZ! Azokaren helburu nagusia da, prestakuntzaren garrantzia azpimarratzea, Lanbide Heziketa ezagutzera ematea eta lan-merkaturako balizko aukera bezala aurkeztea; bereziki gazteei, baina baita langile, guraso eta orokorrean herritarrei ere. Stand-ak bisitatzeko eta zalantzak argitzeko aukera paregabea.

Eskualdeko formazio eskaintza eta bereziki, Lanbide Heziketa ezagutzeko aukera izango da bertan. Debagoieneko Lanbide Heziketako 7 ikastetxeek partehartuko dute; baita Bastida Akademiak, HHI-EPAk, Bizikasik, Lanekik, Mankomunitateak eta udalek ere beren informazio- mahaiak izango dituzte.

BISITA ORDUTEGIA:

  • APIRILAK 6, ASTEAZKENA: 9:00 – 20:00
  • APIRILAK 7, OSTEGUNA: 9:00 – 14:00

Azokako informazio mahaiez gain, bi hitzaldi eta tailer bat ere antolatu dira, apirilaren 6, asteazkenerako. Hitzaldiak Garaia Parke Teknologikoko Muru gelan izango dira (Goiru 1, Arrasate)

EGITARAUA:

16:30 – LH eta ENPRESA: “LANBIDE HEZIKETA ENPRESEI AZALDUTA”

Ezagutu Lanbide Heziketaren gakoak eta potentziala (praktikak, LH duala, proiektuak,…)
Hizlaria: Kepa Altube Eraña – Ikaslan Gipuzkoa-ko koordinatzailea
Jarraian, Lanbide Heziketako ikastetxeen informazio-mahaiak bisitatu ahal izango dira eskaintza ezagutzeko. Izen ematea HEMEN edo telefonoz (943 79 30 90)

18:00 – SOLASALDIA: “Nik ere Lanbide Heziketa aukeratu dut”

Gurasoei eta Lanbide Heziketan interesa dutenei zuzenduta. Ikasleen esperientziak ezagutu eta zalantzak argitzeko.
Ikastetxeen informazio-mahaiak bisitatu ahal izango dira. Eta solasaldiaren ostean luntxa egongo da. Izen-ematea HEMEN edota telefonoz 943 79 30 90
Tailerra Arizmendi Ikastolako Osasun Larrialdiak zikloko ikasleek emango diete HHI-EPAko ikasleei, RCP eta inmobilizazio tailerra izango da.

Eta Azokaz gain, zer aukera daukat LH ezagutzeko?

Azokaz gain, Lanbide Heziketa ezagutzeko beste baliabide batzuk dituzu eskura:

ATEAK ZABALIK: Ikastetxeak bertatik bertara ezagutzeko ateak zabalik jardunaldiak egingo dituzte. Data guztiak web orri berrian kontsultatu daitezke.

LANBIDE HEZIKETAREN ATARIA: www.fpdebagoienalh.eus

Lanbide Heziketarekin zehazki, eta prestakuntzarekin orokorrean lotutako gaiak bateratu eta jorratzen dira Lanbide Heziketaren web atarian: Lanbide Heziketa nola antolatuta dagoen, ibilbide profesional desberdinak eta sarbide baldintzak. Baita eskualdeko eskaintzaren informazioa eta bilatzailea, ikastetxe bakoitzaren fitxa; ikasleen bideoekin eta ziklo bakoitzaren azalpenarekin. Enpresen bideoak Lanbide Heziketari buruz testigantzak ematen eta LHrekin lotutako agenda eta berriak.

Azkenik, beste ohar bat AURREMATRIKULAZIOAREN GARRANTZIAren inguruan: Lanbide Heziketa ikasteko aukera buruan daukan pertsona orori, aurrematrikulazioaren garrantzia azpimarratu nahi diogu (aurten maiatzaren hasiera aldera izatea aurreikusten da).
Aurrematrikula egiteak ez zaitu ezertara behartzen, baina azkenean Lanbide Heziketa aukeratuz gero, lehentasuna izango duzu, aukeratutako ziklo horietan izena-ematerako orduan. Ondoren, matrikulazioa egin beharko da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen