Goi mailako 3 futbolari arrasatearrez (Sagasta, Larrauri, Aranbarri) lana egin dute Velez de Mendizabal eta Zaitegik

0
1006

Lanaren egileak Josemari Velez de Mendizabal eta Jose Ignazio Zaitegi dira (goiko argazkian). Hiru futbolariek Mondran jokatu zuten. Ondoren, Real Madridek Larrauri fitxatu zuen, eta Sagastak eta Aranbarrik Realean jokatu zuten. Liburuxka jada erosgai dago.

Goiko argazkia: Noticias de Gipuzkoa / Beste argazkiak: Liburua.

Gaur aurkeztu dute Jose Ignazio Zaitegi eta Josemari Velez de Mendizabal arrasatearrek lan berria. Josemarik azaldu du “esango nuke liburua hau pandemiaren seme edo alaba dela, izan ere, aurtengo martxoko egun triste horietako batean, sare sozialetan nenbilela, izen ezagun batekin egin nuen topo”:

“Javier Larrauri, San Viatorren nire ikaskide izandakoa 1963tik 1966ra, eta bere semearekin kontaktatu ahal izan nuen. Egun Leonen bizi da, eta berarekin hitz egiteko nahia agertu nion. Hala, 54 urteren ostean”:

“Hizketaldi hunkigarria izan zen, biok hunkitu ginen. Nik bere ibilbidearen berri banuen, eta nire blogean planteatu nuen Larrauriren inguruan zerbait idaztea. Baina gero ohartu nintzen, iturburetara joaz, banuela beste historia politago bat”:

“Real Madridek Javier Larrauri fitxatu zuen 1966an, baina denboraldi berean Mondran jokatutako beste bi jokalari handi ere (Jon Sagasta, egun Olarteko loteria dendako langile, eta Jesus Aranbarri, Garagartzako seme) ikaskide izan genituen Jose Ignazio Zaitegik eta biok”.

Horregatik, Josemari Velez de Mendizabalek Zaitegiri proposatu zion liburuxka bat egitea, hiruren ibilbideak azalduz. Kontuan hartzekoa da “hirurak profesionalak izan zirela”.

UCEA jubinel taldean aritu ziren, eta gero “Mondrarekin 1965/1966an denboraldi bikaina egin zuten. Ondoren, hirurek 1. edo/eta 2. mailetan jokatu zuten, Arrasateren koloreak bihotzean, orain bezalaxe”.

Horrela, “eurek jokatutako estadio guztietan ‘Mondrag√≥n’ izena egon zen. Hirurekin kontaktuan jarri ginen, eta apirilean idazten hasi nintzen, ekainerako bukatuz”. Lan gehiena “hemeroteka-lana izan da, eta klub askotan jokatu zutenez”.

Alde horretatik “12-13 ordutako lanegunak izan dira, hemeroteka digitalak kontsultatuz. Ekipo askotan jokatu zutenez (Galizia, Katalunia, Levante, Madril, Nafarroa, Donostian,…) hainbat egunkari eta aldizkari jorratu behar izan ditut. Lan nekeza da”. Baina halaber gratifikantea da adibidez “Larrauriri bidali nizkionean berari buruzko erreferentzia horiek guztiak”.

Deigarria da Real Madrilek Larrauri fitxatu zuela, “baita deigarria ere lehen taldearekin ez zuela partidu bat ere jokatu”:

“Real Madridek ‘pieza de cambio’ bezala erabili zuen arrasatearra. Hau da, Real Madridek beste talde bateko jokalari bat fitxatu nahi zuenean, Larrauri talde horretara bidaltzen zuen, eta trukean jokalaria Real Madridera zihoan”.

“9 urte eman zituen horrela klub zurian, eta klubeko bigarren taldean jokatzen zuen, bertan onena zelarik”.

Sagastak eta Aranbarrik, ordea, Real Sociedadean jokatu zuten, Lehen Mailan. Gero Aranbarri Alavesera joan zen, eta bere ibilbidea Gasteizko hiriburuan amaitu zuen. Sagastak hainbat ekipotan jokatu zuen.

“Seguruenik hiru jokalariok ez dira Arrasatetik ateratako onenak, nahiz eta hori %100ean ziurtatzea zaila edo ezinezkoa den, baina euren klubetan oso maitatuak izan dira”:

“Larrauri Leonen ezkondu zen 1972 aldera, eta han bizi da. Nik hango kazetari batzuekin hitz egin dut, eta esan didate benetako mito bat dela Leonen: pertsona ona, karismatikoa,…”.

Bien bitartean, “Aranbarri egun Gasteizen bizi da, eta oso maitatua da. Hori nik frogatu dut berarekin kalean joatean”.

Jose Ignazio Zaitegi eta Josemari Velez de Mendizabalek asmo zuten hiru jokalari ohiak Arrasatera ekartzea, abenduaren 17an, bostok liburuaren aurkezpen publikoa egiteko, baita mahai-inguru bat ere.

“Alabaina, pandemiaren ondorioz, litekeena da ekitaldia ez egitea, baina badaezpada ez dugu erabat baztertu 17an egitea. Egoera orokorra hobetzean, ekitaldia egitea asmo dugu”.

Bien bitartean, herritarrek badute erosgai liburua Ttukun kopistegian, Biteri plazako Maiztegi kioskoan eta Erdiko Kaleko Donde Ion kioskoan. 300 ale atera dituzte eta 10 eurotan dago. Monte, Taupan eta Ziorla tabernetan.

“Nik espero dut lanak erantzun polita izatea, izen ugari jorratu ditugulako, eta garai hartan futbola zen ia gauza bakarra zoriotxarrez, denok futbolera joaten ginen. Herritar ugarik hor euren burua ikusiko dute, bai ikus-entzule bezala”.

Liburuxkaren izen osoa ondokoa da: ‘Mondra, una temporada y tres futbolistas, 1965-66, Sagasta – Larrauri – Aranbarri’.

“Liburu xumea da, baina gure arteko laguntasuna handia denez, gustura ibili gara. Nik futbolaz ez dakit ia ezer, apur bat historiaren inguruan, eta gustuko dut gauzak behar bezala egin”:

“Oraindik Arrasateko futbolaren historia zoritxarrez egin gabe dago, eta orain arte idatzitako apurrak oso txarrak dira. Liburuxka honek behintzat orden pixka bat jartzen du behintzat denbora tarte batean. Horregatik ere oso pozik gaude”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen