Ikastaroak industria-automatizazioari eta fabrikazio mekanikoari buruz izango dira.
Testua: Mondragon Unibertsitatea.
Mondragon Goi Eskola Politeknikoak beste bi ikastaro eskainiko ditu langabeentzat, Lanbiderekin elkarlanean. Lehena industria-automatizazioko sistemen proiektuen garapenari buruzkoa izango da, eta martxoaren 6an hasi eta uztailaren 28an amaituko da; astelehenetik ostiralera emango da, 08:00etatik 14:00etara. Horretan, izena ematen duten pertsonek potentzia elektrikoko instalazioen proiektuak garatzen ikasiko dute —erregulazioa eta kontrola, robotak, manipulatzaileak, komunikazioak eta industria-automatizazioko sistemetarako transmisio-ekipoak—, segurtasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren arloetan kalitate-irizpideak lortuz eta indarrean dagoen araudia betez. Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren campusean, Arrasaten, egingo da aurrez aurre.
Bigarren ikastaroa, fabrikazio mekanikoko produkzioaren kudeaketaren gainekoa, martxoaren 13an hasi eta ekainaren 16an amaituko da; astelehenetik ostiralera emango da, 09:00etatik 14:00etara, eta interesdunek fabrikazio mekanikoko produkzioa programatzen eta kontrolatzen ikasiko dute —erregistroa, bilakaera eta gorabeherak; biltegiratze-kontrola, eta prozesu mekanizatuen kostuak—, eta praktika profesionalak egingo dituzte.
Bi ikastaroak Lanbiden edo beste edozein autonomia-erkidegotako enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeei daude zuzenduta, baina plaza guztien % 30 jardunean diren pertsonek bete ditzakete.
Langabeen enplegagarritasuna hobetzea da ikastaroen helburu nagusia, laneratzeko aukera izan dezaten. Jardunean dauden langileek, berriz, ezagutza profesionala aberasteko aukera izango dute, beste lanpostu batzuk eskuratu ahal izateko.
Interesatuta daudenek Irune Retolazaren bidez eman dezakete izena, iretolaza@mondragon.edu helbide elektronikoan edo 664265068 telefono zenbakian.