GipuzkoHarrok lehiaketa abian du MUk “etorkizuneko enplegua irudikatzeko”

0
593

Beheko testua, goiko framea eta kartela: Mondragon Unibertsitatea.

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak sustatu du ekintza, etorkizuneko langileen enplegagarritasuna bultzatzeko proiektuaren barruan
Gipuzkoako etorkizuneko enplegua irudikatzea da lehiaketaren helburua, eta, horretarako, parte-hartzaileek galdera honi erantzun beharko diote: «Nolakoa izango da etorkizuneko gipuzkoarron lana?»
Bideoek 30 segundoko iraupena izan beharko dute gehienez, eta formatu bertikalean grabatu behar dira; 2024ko apirilaren 30era arteko epea dago lanak aurkezteko
Lehiaketako sarien banaketa maiatzaren 23an egingo da Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako campusean

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak «GipuzkoHarrok» bideo-lehiaketaren bigarren edizioa antolatu du.

Gazteei zuzenduta dago, eta etorkizuneko langileen enplegagarritasuna bultzatzeko proiektuaren barruan gauzatuko da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta LABORAL Kutxaren babesarekin. Gipuzkoako etorkizuneko enplegua irudikatzea da lehiaketaren helburua, eta, horretarako, parte-hartzaileek galdera honi erantzun beharko diote: «Nolakoa izango da etorkizuneko gipuzkoarron lana?». Bideoek 30 segundoko iraupena izan beharko dute gehienez, eta formatu bertikalean grabatu behar dira.

Lehiaketa bi mailatan egingo da: 18 urtetik gorakoen mailan eta 18 urtetik beherakoenean. Sariei dagokienez, nagusien mailako irabazleak 700 euro eskuratuko ditu, eta bigarrenak, berriz, 300 euro. Gazteen kategorian, lehenengo saria 500 eurokoa izango da, eta bigarrena 200 eurokoa. Gainera, 300 euroko sari berezi bat emango da.

2024ko apirilaren 30era arteko epea dago lanak aurkezteko.

Etorkizuneko langileen enplegagarritasuna bultzatzea

Gipuzkoan bizitza osoko ikaskuntza-sistemaren rola eta enplegagarritasuna indartzea da proiektuaren helburu nagusia. Ildo horretan, kontuan hartzen du enplegagarritasunaren inguruko hezkuntza lan-munduan sartu aurretik hasten dela, eta bizitza osoko ikaskuntza ere barne hartzen duela. Hala, proiektuak beharrezkotzat jotzen du funtsezko gaitasunak eta zeharkakoak lantzea, bai eta gaur egun bizi ditugun trantsizioen ondoriozko testuingurua ulertzea ere.

Proiektuan aurreikusita dagoenez, lehenik eta behin, etorkizuneko langileen enplegagarritasuna indartzeko lantegia diseinatuko da. Horretarako, nazioarteko esperientziak aztertuko dira, bi alderdiri erreparatuta: batetik, lantegiaren bidez funtsezko gaitasunak, malgutasuna, konpromisoa, herritartasun aktiboa eta langileen etorkizun hurbileko orientazioa landuko dira, eta, bestetik, kontuan hartuko da bizi ditugun trantsizioek bestelako agertoki bat dakartela lurraldera.

«GipuzkoHarrok»

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaileek gidatzen dute ekimena. Proiektu praktikoa da, ez bakarrik teorikoa edo diseinu-mailakoa. Horregatik, lantegia diseinatzeaz gain, askotariko ekintzak antolatzen ari dira ikastetxeetan. Horien artean «GipuzkoHarrok» bideo-lehiaketa da nabarmenena. Lehiaketako parte-hartzaileek prospekzio-lana egin beharko dute, eta etorkizuneko Gipuzkoa irudikatu, ikus-entzunezko lanen bidez. Aurreko edizioan 32 parte-hartzailek eman zuten izena.

«GipuzkoHarrok» lehiaketako sarien banaketa maiatzaren 23an egingo da Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzako campusean

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen