Pilar Iriarte elkarteko kidearentzat, «aitorpen hau ohore handia guretzat, gure komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko egindako talde-lanaren saria».
Irungo Auzo Elkarteen Federazioarekin batera, 2026ko Guztiok Mugituz saria jaso du Anakon Arrasateko Nagusien Kontseiluak gaur Donostian. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, «Gipuzkoa hobea eraikitzen jarraitzen duten adinekoen konpromisoa, parte-hartzetik eta lankidetzatik abiatuta» aitortu du bere hitzartzean. Bi elkarte hauek «beren udalerriak eta eskualdeak hobetzeko —eta bereziki bertako garraio publikoaren zerbitzua indartzeko— egindako «etengabeko, isileko eta eskuzabaleko lanagatik» jaso dute saria. Diputatuak gogorarazi duenez, elkarte horiek nagusiki adineko pertsonek osatzen dituzte, eta «merezitako atsedenaz gozatzera mugatu beharrean, inplikatzen, parte hartzen eta egungo zein etorkizuneko belaunaldiek lurralde hobe batean bizi gaitezen borrokatzen jarraitzea erabaki dute».
Donostiako Catalonia hotelean egin den sari-banaketa ekitaldian, Azahara Dominguezek azaldu du Anakonekin eta Irungo Auzo Elkarteen Federazioarekin izandako «elkarrizketa konprometitu eta zorrotzek» garraio publikoaren arloan «aurrerapen garrantzitsuak» ekarri dituztela Debagoienan eta Bidasoan.
Telefono bidezko erosketa zerbitzua
Anakonen kasuan, lankidetza «erabakigarria» izan zen 2024ko urrian Lurraldebuseko telefono bidezko erosketa-zerbitzua martxan jartzeko. «Oraindik ere badira zenbait tresna teknologiko erabiltzeko zailtasunak dituzten herritarrak. Anakonek behar hori helarazten jakin zuen, eta horren ondorioz abian jarri genuen neurri bat, sinplea dirudien arren, eragin sozial handia izan duena; izan ere, hari esker pertsona askok beren joan-etorriak modu eroso, irisgarri eta autonomoan kudeatu ditzakete», gogorarazi du Azahara Dominguezek.
Pilar Iriarterentzat eta Anakon osatzen duten pertsona guztientzat «aintzatespen hau ohore handia da. Gure komunitatearen bizi-kalitatea hobetzeko egindako talde-lanaren saria da», adierazi du.






