Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euro bideratu ditu herritarren partaidetza sustatzera

2
513

Herritarren partaidetza sustatzeko 350.000 euroko dirulaguntza bideratuko zaio udalei, eta beste 150.000 euroko laguntza herritarren elkarteei.

Testua: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 500.000 euro bideratuko ditu 2021 honetan herritarren partaidetza sustatzera, udal eta elkarteei emango dizkien dirulaguntzen bitartez. Honela, gaurko Diputatuen Kontseiluan onartu da udalei eta tokiko erakunde txikiei zuzendutako laguntza deialdia, 350.000 euro dituena. Honen ondotik, foru erakundeak aurki kaleratuko du elkarteei zuzendutako dirulaguntza deialdia, beste 150.000 euro aurreikusten dituena. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, Aldundia gobernantza eredu berri baten aldeko apustua ari da egiten, irekia eta elkarlanekoa. “Etorkizuna denon artean eraiki behar diogula diogunean, partaidetza da herritarrei hitza emateko bidea. Horregatik, Aldundiarentzat berebiziko garrantzia duen lan esparrua da”, adierazi du.

Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. Adierazi duenez, herritarren partaidetza bezalako gai bat kudeaketa publikoan txertatzeak “herritarren erakundearekiko konfiantza sortzen laguntzen du”. “Honela, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, aniztasun soziala integratzen da, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da”, azpimarratu du. “Helburu eta lehentasun horiek betetzeko, gobernantza eredu berri bat diseinatu behar dugu, irekia eta elkarlanezkoa, non partaidetzak rol garrantzitsua jokatzen duen”, gaineratu du.

“Ondo dakigu zein garrantzitsuak diren udalak, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direlako”, esan du Mendozak. Hori dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalen lana sustatzeko eta errazteko, urteak daramatza tokiko erakundeei laguntzen, udal esparruan sustatzen diren partaidetza prozesuak ekonomikoki babesten. “Lurralde ikuspegi batetik, aberasgarria da eta Gipuzkoa osoaren mesedetan doa partaidetza dinamikak eta kultura tokiko mailan sustatzen jarraitzea. Eta uste dugu udalek lan oso ona egin dutela azken urteetan; partaidetzaren arloan, estimu handiko bazkideak dira guretzat”, defendatu du foru bozeramaileak.

2020ko dirulaguntza deialdiaren esperientziari erreparatuta, Mendozak azaldu du pasa den urtean udalek sustatutako eta partaidetza arloan kokatzen diren 42 proiektu babestu zituela Aldundiak. Hauen artean, batzuk aipatzearren, foru arduradunak Arrasateko partaidetzazko aurrekontu proiektua eta Eibarko Ipurua merkatu plaza eraikinaren erabilera adosteko prozesua nabarmendu ditu. Bestalde, elkarteen kasuan, beste 26 ekimen lagundu zituen diruz Aldundiak pasa den urtean, esaterako Gehitu elkartearen hausnarketa prozesua, edota Nagusivoz Kalean prozesua, Donostiako udal politiketan eragin nahi duen partaidetza ekimena, hiriko etxegabeen inguruan.

2 IRUZKIN

  1. Arrasateri 15.000€ inguru tokatzen zaizkio biztanleriaren arabera. Uzkeria bat, horrenbeste bonbo eta parte sasi hartzetarako saltzeko. Munarrekeko ur parkeak 400.000 euro kostatu zituen, eta Mapfre ondokoak beste hainbeste kostatzen badu… 800.000€. Hau da, parke hauen %1,8 ordaintzeko ez da heltzen. Berez, 15.000 euro horiekin ur parkeen kloroa erosteko ere ez dugu.

    Proiektu interesgarriak egin litezke, baina Arrasateko Udala porlanean itxututa daukagu, eta herritarrak pozez txoratzen.

  2. Diputazioko aurrekontua 2020an 915.000.000€ izan ziren. Hau da, Gipuzkoarron zergetatik %0,000546 bueltatzen da parte hartze bidez inbertitzera. Propaganda besterik ez duzue egiten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen