Arrasateko talde hauez gain, The Lio proposamen nafarra ere oholtzara igo da bart Sanisidrocken. Perlataren kontzetuan, 2023an zendutako ‘Mak’en omenez, bere zenbait lagunek ahotsa jarri dute. Jaialdiak publiko ugari erakarri du larunbat gauean ordu txikietara arte.
Ginka Bilobaren kontzertuko argazki eta bideoak: Ginka Biloba.

Ziorlako Jai Batzordearen eskutik, bart Sanisidrocken zapatuko festibala ospatu da, auzoko jaien harira.

Lehena taularatzen ‘etxeko’ talde bat izan da, Ginka Biloba, 2023an Arrasaten sorturikoa.
Hiru kidek osatzen dute taldea: Olatz Urkia (baxua), Julen Ribas (kitarra eta ahotsa) eta Iker Leibar (bateria).
Hirurak aurrez beste hainbat musika-proiektutan ibiliak dira, eta Olatz esaterako Muskarian aritu zen, baita ondoren Ozen taldean Iker eta Julenekin.

Taldea 2009an desegin zen baina 2023an lehen urratsak ematen hasi ziren talde gisa elkartzeko.
Beraxek azaldu izan duen bezala, 2024ko maiatzean Arrasateko Deposgazeko entsegu lokaletan sartu eta kantuei forma ematen hasi ziren.

Lan horren emaitza San Isidroken plazaratu dute bart, festibalari hasiera indartsua eta bizia ematen.

Ondoren, Nick Linbött taldea igo da oholtzara, eta estilo asko jorratu ditu: punka, power popa, oi!a, rhythm and bluesa, ska, psychobillya,…

‘Pottoko’, Marina, Jago, Peru, Ibai eta Roberrek erritmo bizia jendarteratu dute.

Gero, Perlata queer punk laukoteak eman du zuzenekoa, beste behin estetika landuta, eta proposamen musikal gogorrarekin.

Maialen, Ane, ‘Jaio’ eta Txerrari zenbait lagun batu zaizkie oholtzan ‘Mak’ abestia kantatzeko, 2023an zendutako lagunaren omenez.

Horrela, Edurne, Amaia, Jaione, Iban eta Txemak ahotsak jarri dituzte abesti honetan, Perlataren diskoan ere azaltzen dena.
Bide batez, lagun talde honetatik eskerrak eman dizkete bai Perlatari baita Ziorlako Jai Batzordeari ere, eta gehitu dute plazer bat izan dela parte-hartzea.

Perlataren kontzertuaren ostean, Maniaks taldea aritu da zuzenean, talde honek ere zendutako pertsona bat gogoan izan duelarik: Aitor.

Bestalde, azpimarratzekoa da ere Maniaks hirukote izatetik laukote izatera pasa dela, Brian de Inda kide berriarekin.

Guztiak elkarrekin ‘Laberintua’ lehen diskoko abestiak eta zenbait bertsio eskaini dituzte, tartean Josu Basterrarekin (Bat, bat, bi).

Jaialdia osotuz The Lio talde nafarrak punkroll azkarra jendarteratu du, gaueko ordu txikietan amaitutako emanaldian.







