“Gerren ordez demokrazia” aldarrikatuko du Gure Eskuren ekitaldiak Kataluniarekin

0
921

Erabakitzeko eskubidearen alde, aurtengo ekitaldian (Pirinioetako Bidea – Vía Pirenaica) arrasatearrei Pirinioetako Iduzkimendiko gaua argitzea egokitu zaie. Antolakuntzan Besaide elkartea ere badabil. Arrasateko Gure Eskuk nabarmendu du erabakitze eskubidearen bidea “ahalduntze prozesu bat” dela.

Pirinioetako Bidea – Vía Pirenaica ekitaldia egingo da aurtengo uztailean, Gure Esku, FEEC eta Assemebleat-ek antolatuta, eta Ómnium-ek lagunduta.

Gaur arratsaldean Arrasaten aurkeztu egin da mendizaleek Pirinioetako gailurrak uztailaren 2an linternekin, frontalekin,… argiztatzeko ekitaldia.

Ekitaldiari ekiteko, Jasone Giraldo Arrasateko Gure Eskuko ordezkariak azpimarra jarri du “Gure Eskuren ibilbidea ahalduntze prozesu bat” dela. Herriaren burujabetza helburu”.

Pandemiako apatiaren ostean, ekimen berri eta jendetsuak “konexioa eta lankidetza berreskuratzeko gonbidapena” da, kataluniarrak eta euskal herritarrak Pirinioetan elkartuz.

Pirinioak alderik alde gauez herritarrek argiztatzea “erronka kolektibo erraldoi bat da”, eta horrela “salto kualitatibo eta kuantitatibo bat ematera goaz”, autodeterminazio eskubidearen alde.

Aurkezpenean ere nazio mailako Gure Eskuko ordezkari Amalur Alvarez Ortizek hitza izan du, ekitaldia nazioarteko testuinguru politikoan kokatuz.

Pirinioetako ekitadiarekin Kataluniak eta Euskal Herriak mezu bat helarazi nahi diote nazioarteko komunitateari. “Gerra, mina, sufrimendua eta inposaketaren ordez, demokrazia behar du izan konponbiderako tresna”.

Pirinioetako ekitaldiko alor teknikoak Bixente Elortza Arrasateko Gure Eskuko ordezkariak azaldu ditu. “Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako parte-hartzaile gehienak Iguzkimendin edo Iduzkimendin izango direla” iragarri du, hots, Nafarroa eta Lapurdi artean.

Izen-ematea zabalik dago, eta antolakuntzak parte-hartzaileei dei egiten die “autobusak erabiltzera, eta ibilgailu propioa erabiliz gero, ibilgailua herrian uztera, hau da, mendi tontorretik 11 kilometrora”.

Azpimarratzekoa da antolakuntzan Besaide Mendizale Elkarteak parte hartzen duela, eta bertako bi ordezkarik ekitaldian iragarri dute elkarteak Arrasateri dagozkion Pirinioetako parajeak eta bideak aztertuko dituela.

Halaber, Gure Eskuk kamisetak erosgai jarriko ditu ohiko lekuetan, besteak beste, Portaloian eta hartara aurki jarriko ditu mahaiak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen