“Gero eta zailagoa da Arrasaten bateriak aurkitzea”

0
1797

Manex Bakerok, Aitor Barbadillok eta Alex Regañok hiru belaunaldi ezberdinetan bateria izatea nolakoa den azaldu dute 

Bateriaren mundua ez da edonorentzat. Arrasaten musikari ugari daudela egia bada ere, eta gehienak bidean gurutzatzen diren abentura musikal guztiekin bat egiteko prest badaude ere, ez da hain ohikoa herrian bateria-joleak aurkitzea. Horretan ados daude Aitor Barbadillo, Manex Bakero eta Alex Regaño. Hirurak, belaunaldi ezberdinetako hiru bateria, Mondraberriren deiari erantzun diote, Arrasateko bateria mundua nolakoa den, bere hastapenetatik zer gogoratzen duten eta musikaren eta instrumentuaren etorkizuna nola ikusten duten kontatzeko.

Aitor, Crap Taldeko bateria-jotzailea eta hiruretan nagusiena, bere lehen urteez eta beti jo nahi zuen instrumentuaz mintzo da: “Hasieran beti lokalean egoten nintzen Arkada Social, Eskizofrenia Rock eta Kañeria 13-rekin. Horietako batzuk nire koadrilakoak ziren eta beti begiratzen nuen euren taldeetako bateriek egiten zutena. Ordu asko ematen nituen lokalean beraiekin. Ez nintzen inoiz musika klaseetara joan eta beti besteek egiten zutena begiratzen, kopiatzen eta imitatzen hasi nintzen, niretzat hori izan da ikasteko modurik egokiena”.

Alexek, Des-Kontrol eta Arkada taldeko bateria-jotzaileak besteak beste, dioenez, berak, aldiz, “zerotik ehunera” hasi zen: “Gogoan dut zortzi urterekin, gutxi gorabehera, nire anaiaren lagun batek Slipknot-en abesti baten sarrera egiten bazekiela, niri asko gustatzen zitzaidana. Momentu horretan konturatu nintzen nik ere egin nezakeela zati hori instrumentuarekin, eta harrezkero etengabe jo dut. Une horretatik aurrera bateria zegoen lekura joaten nintzen eta ahal nuen guztietan jotzen nuen. Handik gutxira nire anaiarekin entseatzen hasi nintzen eta gero gauza gehiago iritsi ziren. Nire debuta agertoki batean Eskoriatzako Aldatz tabernan izan zen Drop! -ekin eta ordutik beste talde asko etorri dira”.

Manex, Rebel Noise taldeko bateria-jotzailea eta hiruretan gazteena, ez da gogoratzen noiz hasi zen bateriarekin. Berak dio hasiera bat bera ere ez dagoela, mundu honi lotuta egon izan dela beti: “Aitak beti jo izan du baxua Ekon edo Heriotza bezalako taldeetan, eta beti bizi izan naiz musikaren mundutik oso gertu. Etxean beti zeuden gitarrak eta baxuak, baina berarekin entsegu-lokalera eramaten zidanean, gustatzen zitzaidan atzealdean geratzea bateriarekin. Bost urtetik aurrera, nire inguruko guztiak futbolaren munduan sartzen hasi ziren, eta nik erabaki nuen, futbolaz gain, musikan ere arituko nintzela. Orduan sartu nintzen Arrasate Musikalen. Urte batzuk geroago, Libertad Condicional taldearen kontzertu batean, agertokira igotzera gonbidatu ninduten. Handik gutxira Rebel Noise agertu zen”.

Hirurek talde askotan parte hartu dute urteetan zehar: Drop!, The Remembers, Los Quadrophenicos, Bacon Maiden, Los Cretinos… baita Manex bera ere, naiz eta hiruretatik gazteena izan. Oraindik izenik gabeko beste proiektu batzuetan ere parte hartzen du gaur egun, Rebel Noise ez ezik: “bateriak beti gara gutxiengoa eta talde askotan egoteko beharra dugu askotan”.

Hala ere badirudi Arrasaten behintzat gero eta gazteez osatutako talde gutxiago daudela. Hala azaldu du Aitorrek: «Ni musikaren munduan hasi nintzenean, entsegu-lokalak estilo ezberdinetako taldez beteta zeuden. Dena ez zen punka. Adin eta estilo guztietako jendea zebilen egunero entseatzen eta elkarrengandik ikasten. Orain hori guztia asko baretu da. Eta ez da pandemiaren errua. 2010. urtetik, gutxi gorabehera, ikusten ari gara ez direla lehen bezainbeste talde berri ateratzen”.

Alde horretatik, Manex bera ados dago: “orain, belaunaldi berrien artean, interes handiagoa dago rap-a eta antzeko generoen inguruan. Ez da hain ohikoa mutil batek instrumentu bat hartu eta banda bat muntatu nahi izatea. Orain gauzak beste era batera funtzionatzen dute eta horrek eragina du sortzen diren teldeen kopuruan. Egia esan, nire adinekoak, dozena erdi talde baino ez daude Debagoiena osoan. Musikari gutxiago badago, bateria gutxiago ere badaude”.

Izan ere, ez da erraza bateria izatea. Tresna garestiagoa da, handiagoa, eta ezin da entseatu zaratarik egin gabe. Eta horri gehitzen bazaio gero eta musikari gutxiago daudela oro har, bateria-jotzailearen irudia bitxikeria hutsa dela dirudi. Hala ere, hurrengo hilabeteak ere etorkizun oparoa dakarkie hiru musikariei: Aitorrek Crap taldearen disko berria grabatu du aurten, datozen hilabeteetan aterako dena (Youtuben dagoeneko horren promozio-bideo bat ikus daiteke), eta Manexek dio datorren urteko otsailean Rebel Noise taldearekin grabatuko duela 2022an kaleratuko den estreinako diskoa. Alexek berak ere hurrengo hilabeteetan zenbait berri izango direla azaldu du. 

Gainera, datorren urtean eta datozen hilabeteetan, Arrasaten musikazaleentzat berritasunez beteta egongo direla esan dute: «Covid-ak dena gelditu zuen, baina badirudi dena oso azkar jartzen ari dela martxan berriro», kontatu du Aitorrek. Gauza bera dio Manexek, datak pilatzen hasi zaizkiela esanez: “Kontzertu asko ematen hasiko gara. Gazteez osatutako talde bat gara, eta ez dugu besteek adina ibilbide, baina jendea gugan konfiantza izaten ari da, eta data asko ditugu aurretik”.

Rebel Noise Gaztetxean izango da azaroak 20-an eta urtarrilak 8-an berriz, Jimmi Jazz aretoan

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen