Gernikako Arbolaren gazi-gozoak Mondragoen [Testua: Anabel Ugalde]

0
1179

Azkenaldian Iparragirreren Gernikako Arbola kanta Euskal Herriko ereserki bilakatzeko ekimena sortu da. Eta masa fenomeno bihurtu zen zortziko ezagunaren nondik-norakoak jakiteko, Jose Mari Esparzak Gernikako Arbolaren biografia. Euskal Herriko ereserkia plazaratu du. Lan zinez interesgarria.

Argazkia: Arrasate Zientzia Elkartea, Mendia Fondoa.

Espainiako agintariek debekatu bazuten ere kantatzea, euskaldunek bere egin zuten, karlista zein liberal, federal edo errepublikar, komunista, sozialista eta nazionalista;. Euskal Herriko Iparraldean eta Hegoaldean, Ekialdeko eta Mendebaldekoek, baita diasporako euskaldunek ere. Esparzaren hitzetan, “Euskaldunak non, Gernikako arbola han” izan zen mende t’erdi luzean. De facto, Euskal Herriko herritarren ereserkia izan zen. Ofizialago oraindik Sagastaren gobernuak, halabeharrez, trabarik ez jartzea erabaki zuenean 1893an, urte horretan izandako istilu gogorren ostean, Gamazada zela, Sanrokada eta Donostian hildakoak abuztuko azken egunetan.

Gure herrian ere Gernikako Arbolak izan zuen protagonismoa. Eta honen harira, izandako pasarte bi ekarri gura ditut gogora, bata 1893koa, eta bestea, 1896koa.

1893ko irailaren 9an herriko musika bandak Gernikako Arbola jo zuen plazan. Gaueko zazpiretan, horretan ziharduela, Eskoriatzako postuko 3 guardia zibil agertu ei ziren. Eta ikusi orduko, jendetza txistuka eta zalapartaka hasi zen. Iskanbila zela eta, alkateak etorri behar izan zuen giroa “baretzera”, musika isilaraztera. Hurrengo egunean Gipuzkoako Gobernadore Zibilari idatzi zion gutunari esker izan dugu horren berri.

1896ko uztailean, ostera, besterik izan zen. Gipuzkoako lehen Euskal Jaiak ospatu ziren Mondragoen. Denetariko ekintzen artean Gernikako Arbolak ere eduki zuen bere protagonismoa. Uztailaren 6ko ilunkaran, euskarazko antzezlanaren atsedenaldian, musika bandak jo zuen eta jendeak kantatzen lagundu zion. Biharamunean, jaien amaiera gisa, Donostiako Orfeoiaren debuta izan zen. 20 gizonek kantatu zuten Norberto Luzuriagaren gidaritza pean. Txapel gorria jantzita abestu bazuten ere euren emanaldian, Gernikako Arbolaren txanda izan zenean, txapela erantzi zuten “euskaldunen askatasun loriatsuei errespetu eta hauekin bat egitea” adierazteko. Arrakasta itzela, aparta izan zuten (3).

3 urte baino ez ziren pasatu gertakizun bien artean eta ikaragarrizko aldaketa gertatu zen agintarien jarreran; ez, ordea, herritarren atxikimenduan, tinko, aspaldi lez.

Informazio zabalagoa

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen