Gema Iñiguezek ‘¡Cuidado! Zona húmeda’ liburua aurkeztu du Kajoin

0
756

Idazle arrasatearrak bere bakarkako lehen kontakizun liburua idatzi eta argitaratu du. Orain arte gai erotikoko kontakizun bilduma batzuetan parte hartu izan du. Liburua Belle Rose ezizenarekin idatzi du.

Gai erotikoko 14 kontakizunez osatutako liburua da. Egileak azaldu izan duenez, “bakoitza era batera bideratuta dago: kontakizun erromantikoagoak daude, batzuk komikoak dira eta beste batzuk erotikoagoak. Gai bera dute, baina ez nuen nahi denak berdinak izatea. Hainbat leku daude, sexua ikusteko moduak, harremanak sentitzeko erak,…”

Gema maiatzean hasi zen liburua idazten eta uztailerako bukatua zuen. “Uztailean eta abuztuan oporretan nagoenez, denbora luzea izan dut idazteko, eta dena oso azkarra izan da. Inspirazioari dagokionez ere ez dut inolako arazorik izan, ordenagailuaren aurrean esertzen nintzen eta berehala etortzen zitzaizkidan ideiak burura.”

Liburu honetarako, gainera, bere kontakizunak non eta nola kokatzeko eskaerak jaso ditu. “Adibidez, landa-giroko kontakizunak girotzeko eskatu didate. Eskaera batzuk aurrera eraman ahal izan ditut eta beste batzuk ez. Semeak berak ere eskola batean girotutako kontakizun bat eskatu dit. Era berean, kontakizunen protagonistak askotarikoak izan daitezen saiatu naiz, pertsona mota desberdinak aukeratu ditut kontakizun bakoitzaren protagonista izateko.”

Onartu izan digunez, apur bat txundituta dago liburuak izan duen harrera onarekin. “Argitaletxeak eleberri erotikoaren Agatha Christie ezizena jarri dit, eta hori ohore bat da.” Horrek abentura berri batean murgiltzeko balio izan dio egileari, bere lehen eleberria idazteko. “Kontakizunekin hasi nintzen, niretzat errazagoa zelako. Eleberri batek hari eroale bat behar du, pertsonaien jarraipen bat,… Baina ordenagailuaren aurrean esertzeko orduan uste baino errazagoa egin zait. Oraingoz ez dakit noiz argitaratuko den nobela berri hau, ez zait presiopean lan egitea gustatzen.”

Gema orain argitalpena sustatzen dabil eta gaur arratsaldean liburua aurkeztu du Kajoi Tabernan. Liburua Diversidad Literaria web orriaren bitartez ere eros daiteke, eta aurkezpenean ere erosgai izan da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen