Gema Iñiguez arrasatearrak ‘¡Cuidado! Zona Húmeda’ bere bakarkako lehen kontakizun liburua argitaratu du. Orain arte gai erotikoko kontakizun bilduma batzuetan parte hartu izan du, baina hau da bakarrik idatzi duen lehen liburua. Liburua Belle Rose ezizenarekin idatzi du.
Gai erotikoko 14 kontakizunez osatutako liburua da. Egileak azaldu duenez, “bakoitza era batera bideratuta dago: kontakizun erromantikoagoak daude, batzuk komikoak dira eta beste batzuk erotikoagoak. Gai bera dute, baina ez nuen nahi denak berdinak izatea. Hainbat leku daude, sexua ikusteko moduak, harremanak sentitzeko erak,…”
Iñiguez maiatzean hasi zen liburua idazten eta uztailerako bukatua zuen. “Uztailean eta abuztuan oporretan nagoenez, denbora asko izan dut idazteko, eta dena oso azkarra izan da. Inspirazioari dagokionez ere ez du inolako arazorik izan, ordenagailuaren aurrean esertzen nintzen eta berehala etortzen zitzaizkidan ideiak burura.”

Liburu honetarako, gainera, bere kontakizunak non eta nola kokatzeko eskaerak jaso ditu. “Adibidez, landa-giroko kontakizunak girotzeko eskatu didate. Eskaera batzuk aurrera eraman ahal izan ditut eta beste batzuk ez. Semeak berak ere eskola batean girotutako kontakizun bat eskatu dit. Era berean, kontakizunen protagonistak askotarikoak izan daitezen saiatu naiz, pertsona mota desberdinak aukeratu ditut kontakizun bakoitzaren protagonista izateko.”
Gema Iñiguezek aitortu du apur bat txundituta dagoela liburuak izan duen harrera onagatik. “Argitaletxeak eleberri erotikoaren Agatha Christie ezizena jarri dit, eta hori ohore bat da.” Horrek abentura berri batean murgiltzeko balio izan dio egileari, bere lehen eleberria idazteko. “Kontakizunekin hasi nintzen, niretzat errazagoa zelako. Eleberri batek hari eroale bat behar du, pertsonaien jarraipen bat,… Baina ordenagailuaren aurrean esertzeko orduan uste baino errazagoa egin zait. Oraingoz ez dakit noiz argitaratuko den nobela berri hau, ez zait presiopean lan egitea gustatzen.”
Une honetan, Iñiguez ‘¡Cuidado! Zona Húmeda’ liburuaren promozioan murgilduta dago. Bihar, ostirala, arratsaldeko 19:30ean liburua aurkeztuko du Kajoi Tabernan. Liburua Diversidad Literaria web orriaren bidez eros daiteke, baina aurkezpenaren egunean ere erosi ahal izango da.
