GEIKEk etorkizunari begira dituen asmoen berri eman du

2
532

Euskaraldiko lorpenei tiraka, arlo sozioekonomikoa eta euskararen transmisio-sozializazioa izango dira GEIKEren langaiak epe motzera.

Testua: GEIKE

Euskaraldia duela hiru hilabete bukatu genuen arren, Arrasaten ariketa antolatu genuen eragileok ez gara geldirik egon. Abendutik otsailera bitarte, edizioaren balorazioa egiten aritu gara, antolaketa mailan zein ariketan parte hartu duzuen entitate eta norbanakoekin.

Entitateei begira, inkesta bana bidali diegu izena eman zuten 186 erakundeei, eta elkarrizketak izan ditugu haietako hamabostekin.

Norbanakoei dagokienez, azken edizioan ere parte hartu duten 2.961 herritarren artetik zoriz aukeratutako 80 laguneko lagin bati inkesta bat betetzeko eskatu diogu. Entzute ariketa interesgarria izan da oso, eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi.

Jasotako iritzien eta ekarpenen ondorioak arrasatear guztiokin partekatzeko asmoz batu gara gaurkoan, Euskaraldiaren zikloari amaiera eman eta 2023 honetarako ditugun asmoei ekiteko.

  • Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa aproposa dela ikusi dugu beste behin ere. Norbanakoen eta entitateen arteko harremanetan eman dira nagusiki aldaketa horiek. Alegia, eguneroko hartu-eman txiki baina funtzional horietan.
  • Bestalde, euskararen erabilerarekiko jarreran eta aurrera begira erronka berriak hartzeko ere eragiten du, hainbat arlotan:
    • Euskara erabiltzearen garrantziaz kontzientzia hartzeko
    • Entitate gisa bezero-herritarren hizkuntza ohituretan eragin dezaketela ohartzeko.
    • Entitateetako kideak euskara ikasten hasteko, ariguneak egonkortzeko, euskararen erabilera normalizatzeko planak abiarazteko…
    • Nabarmenduko genuke asko direla lehen hitza euskaraz egiteko ohitura hartu dutenak, edota elkarrizketa elebidunak mantentzeko gaitasuna naturalizatu dutenak. Bejondeigula!
  • Aitzitik, aspaldiko inertziek finkatutako ohiturak aldatzeko zailtasunak ere jaso ditugu balorazio horietan. Nekea, beldurra, deserosotasuna, amorrua, norberaren estres linguistikoak sortutako emozioak edota solaskidearen jarrerak eragindakoak.

Euskaldunok aspalditik bizi ditugun zailtasunak dira, eta, horrexegatik hain justu iruditzen zaigu egokia Euskaraldia ariketa kolektiboki gisa, parte hartzaile guztiek aldi berean eta konplizitatez euskara gehiago erabiltzeko ahaleginak eginez, bakoitzaren ahalegin txikiak batuz, aldaketa handiak lortzeko indarra ematen digulako.

Asmo horrekin sortu genuen GEIKE lankidetza mahaia ere eta asmo horrekin jarraituko dugu lanean. Bi ardatz nagusi lehenetsi ditugu. Arlo sozioekonomikoa eta euskararen transmisio-sozializazioa.

Ez gara zerotik hasiko ez batean, ez bestean. Ugari baitira arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko zein euskararen transmisioa eta sozializazioa bermatzeko lehendik abian ditugun ekimenak. Dena dela, bietan sakontzeko beharra dago, beharra eta, gainera, eskaera.

2022a urte esanguratsua izan da euskararentzat. Kontra datozen haizeei aurre egiteko indarra dugula erakutsi dugu Euskaraldiarekin ez ezik Korrika, Euskara aurrera! manifestazioa, Hordago! Nafarroa mugimendua edota Netflix eta Pantailak euskaraz bezalako ekimenekin ere.

Izan bedi, 2023a ere Hitzen eta ekintzen urtea, GEIKEtik horretan saiatuko gara eta pozik hartuko ditugu zuen, euskaltzale ororen, proposamenak eta parte hartzeak.

2 IRUZKIN

  1. Euskaraldiko “lorpenak” irakurtzen aritu naiz eta, egia esateko, ganorazko ezer ez dut aurkitu… Euskararen erabilera EH osoan jeisten ari da, gehien bat harnasguneetan. Beraz, diskurtso emozionaletatik aparte, errealitateak galera etengabea erakusten digu.
    Benetan, harriturik nago batzuk diru publikoa itxurakerietan nola gastatzen duten…

  2. Amets egitea libre da, batez ere, ametsetan murgildua bazira. Bainan, noranzko batetik, hots, behetik gorakoan, goitik beherakoan ez da egia. Hegoaldeko erakundeek ze behar eta arau dute finkatzen.
    Txantxangorri eranskailuak Barakaldoko UGPn (umeen gabonetako parkean) nahi adina ikusiren duzu irristatzeko pistaren ondoko mahaietan hor sartzeko ziran ilaran. Arduradun gazteek beraien artean espainieraz, gehienak D ereduan ikasitakoak (euskaraz haiekilan). Euskaraldia finitu berria. Antza, ez zen suertatzen euskaraz egitea, epez kanpo baitzen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen