Plenoaren gehiengoak salatu ditu “euskararen aurkako eraso judizialak”

0
369

EH Bilduren mozioa herritarren hizkuntza-eskubideetan oinarritu da, eta Podemos Arrasateren eta EAJ-PNVren aldekotasuna lortu ditu. PSOE bakarrik geratu da, gure hizkuntzaren erabilera sustatu ordez, “tokian tokiko sozio-linguistika” argudiatuz.

Beheko testua: EH Bilduren mozioa / Bideoak: Udala.

Zioen azalpena

2023 urtea hasi berritan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskararen aurkako epai bat eman du berriz. Zehazki, Barakaldoko Udalaren erabaki bat baliogabetu dute CCOOren eskariz, eta azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka agertu dira epaileak. Erabaki dute euskara ezin dela langileentzat betekizun gisa ezarri udalerri horretarako kultur zerbitzuez arduratzeko enpresa bat kontratatzeko lehiaketan.

Hau ez da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emaniko tankera honetako lehen epaia. Aurrez ere, euskara sustatzeko udal-administrazioen ekimenak baliogabetu izan dituzte epaitegiek, besteak beste, 2018an Lasarte-Oriako Udalaren haurrei zuzendutako ekintza kulturalak diruz laguntzeko ordenantza, 2021ean Irungo Udalaren udaltzaingo prozesuan ezarritako hizkuntza-eskakizunak, Atarrabiako Udalaren erabakia lantalde organikoko lanpostu guztietan euskara jakitea meritua izateko erabakia, 2022an Laudioko Udalaren langile baten hizkuntz-eskakizunaren erabakia,…

Euskararen aurkako epaiak izan dira, eta hizkuntza-politikaren judizializazioaren baitan ulertu beharreko erabakiak. Izan ere, egun ezarrita dagoen ofizialtasunaren, eta ofizialtasunaren ondorio juridikoen irakurketa are murritzagoa egiten ari dira epaien zein jurisprudentziaren bidez. Bide honetatik, euskaldunon eskubideak are gehiago murriztu nahi dituzte ofizialtasunaren irakurketa murritzago baten bidez. Herritarrek udal-zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea dute, eta erakunde publikoei, guztiei, baita judizialei ere, eskubide horren bermatzaile izatea dagokie.

Baina epai hau ez da euskararen aurkakoa soilik: EAEko araudiaren eta udal-autonomiaren aurkakoa ere bada. Batetik, 2/2016 Euskadiko Tokiko Erakundeen Legea urratzen du. Lege hark udaloi hizkuntza-politikan erabakiak hartzeko eskumenak ematen dizkigu, eta legea garatzen duen 179/2019 Dekretuak, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa, oso argi uzten ditu euskara lehenesteko bideak, arrazoi askorengatik. Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tokiko Erakundeen Legeak hizkuntza-politikan udalen eskumenak argi zehazten ditu, eta 2019ko dekretuak ere udalei euskara lehenesteko beharra ezartzen die, hizkuntza-normalizazioan urratsak emateko.

Hori dela eta, hurrengoa proposatzen dugu:

Mozioa

Arrasateko udalbatzak honako erabaki hau hartzen du:

1.- Gogor salatzen dugu epaitegiek abiatu duten hizkuntza-politikaren judizializazioa, eta euskararen aurka ematen ari diren epaiak, azkena EAEko Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka emandakoa.

2.- Euskal Herriko administrazioei, epaitegiei, eragile politiko, sindikal eta sozialei herritarren hizkuntz-eskubideak bermatu ditzatela eta euskararen alde egin dezatela eskatzen diegu.

3.- Udal honek, legedia betez, ondorengo konpromisoak hartzen ditu:

  • Udal-zerbitzuetan herritarrei lehen hitza euskaraz egitea bermatuko du
  • Zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzea bermatuko du
  • Udal-funtzionamendu osoa EAEko bi hizkuntza ofizialetan bermatzeko urratsak emateko plana gauzatuko du

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen