Gaztetxe inguruko urtetako arazoak, udal-ardurakoak, konpontzeko eskatu du AGAKOk

1
868


Hezetasun arazoak esaterako “duela 7 urte okertu egin ziren”, eta azkenik Plenoaren astean, “aste honetan enpresa bat” bertaratuko da Gaztetxera. Irisgarritasunari dagokionez, elbarritasuna duten pertsonek ezin dute igogailu publikoa erabili Gaztetxera bertaratzeko. Udal-gobernuak argudiatu du “duela 10 urte” inguru Gaztetxeak “txarto erabili zuela”. Gaztetxearen kanpo garbitasunari dagokionez, Udalak agindutakoa “ez dela betetzen ari” salatu du AGAKOk. Udal-gobernuaren arabera, “astero” garbitzen da.

Bideoa: Udala.

AGAKO, iragarri zuen bezala, aste honetako pleno aretoan izan da, eta hainbat neska-mutil bertan izan dira bertan, hilabete honetako Osoko Bilkuran.

“Arrasateko gazteok nazkatuta gaudela” ohartarazi du AGAKOk, “Udal-gobernuko kideek Arrasateko gazteekiko duzuen konpromiso eta ardura faltagatik”.

“Nazkatuta, haserre eta batez ere arduratuta gaude”. Arazoa konpontzeko zenbait ekimen egin dituzte neska-mutilek: “Bilerak eskatu dizkiogu Udal-gobernu honi, erantzunak exijitu, BAZ bidezko eskaerak sartu, telefonoz gaiaren larritasuna azaldu, eta abar luzeegi bat”.

Udal-gobernuko kideek “ez diguzue soluziorik eman, ez dizkiguzue mezuak erantzun, ez duzue aktarik jaso eta ez diguzue eskatutako aktarik bidali”.

“Kanal guztiek fruiturik eman ez zigutela ikusita, urtarrilaren 18an prentsara jo genuen – baieztatu du Beñat Barrena ordezkariak – Bertan zabaldutako mezua Euskal Herrian zehar hedatu da, baina antza Udal-gobernukoek ez zarete interpelatuta sentitu”.

“Erantzunik ez dugu jaso, eta horregatik Udal Bilkurara etorri gara, astebeteko epean erantzunak behar ditugula exijitzeko. Prentsa-oharrean 3 puntu azpimarratu nahi izan genituen”. Pleno aretoan gauza bera egin dute.

“Udal-gobernuak, Maitane Muñoz zinegotziak, hain zuzen ere, guk adierazitako arrazoiketarekin adostasuna adierazi eta Gaztetxearen kanpo-espazioan garbiketa bermatzeko konpromisoa hartu zuen ekainaren 6ko bileran. Dena den, ez du emandako hitza bete, eta ondorioz egoerak bere horretan jarraitzen du”.

HEZETASUN ARAZOAK udal-jabetzako eraikinean, Gaztetxeko eraikinean daude, “Gaztetxean arazo handiak ditugu, Udal-gobernukoek jakin badakizuten bezala”:

“Pareta bustiak, tantaz betetako sabaiak, ur-putzuak, zatika erortzen diren sabaiak,… Eraikinaren baldintza eskasak ikusita, eta hezetasunaren jatorria eta espazioan ematen diren joan-etorriak ugariak direla jakinda, arduratik, berehalako aterabidea eskatzen dugu”.

Prentsaurrekoan azaldu zuten bezala, “azterketa egiteko prozesua martxan jartzea lortu dugu, dena dela, nahiz eta behin eta berriz hala eskatu, ez dugu bertan hitz egindakoa idatziz jaso”.

“Zazpi urteko itxaronaldia duen auzia da honakoa, eta beraz gaiari urjentziaz eta seriotasunez heltzeko eskaera zuzena egiten dizuegu”.

Ekiñe Casado ordezkariak Udal-gobernuari ondokoa eskatu dio: “Azaldu Herriari zergatik pasa diren 7 urte hezetasun egoerak okerrera egin zuenetik, erabaki bat hartu den arte”. Halaber, “zergatik Udal-gobernuak, pareta zatiak 4 metroko altueratik jausi arren, beste aldera begiratu du?”. “Zer gertatuko litzateke pareta zati bat norbaiti gainera eroriko balitzaio?”.

Plenoan EAJ-PNVek erantzun du orain bi hilabete inguru, abendu hasieran, bilera egin zela Udala eta AGAKO artean udaletxean. Ezkurrak esan duenez “abenduaren 1ean hemen izan zineten alkatearekin, Maitane Muñoz zinegotziarekin eta hiruzpalau teknikarirekin”.

“Hezetasunaren inguruan hitz egin zen, eta egia da zuei arduratzen dizuela, baita guri ere, eta arazo urteetan eta urteetan eta urteetan egon dela gaztetxean”.

Azaldu duenez “esku-hartze ezberdinak izan dira”, baina ez da lortu arazoari “aurre egitea”. Duela bi hilabeteko “bileran konpromisoa hartu genuen, horretarako partida bat zegoenez, esleituko geniola enpresa bati lanketa egin dezan”.

Ildo horretan, EAJ-PNVek azaldu du azkenik “aste honetan enpresa bat gaztetxera joatekoa dela, uste dut zuekin jada hitzordua egin dutela, esleipena egin da”.

AGAKOk baieztatu du “arkitekto bat aste honetan Gaztetxetik pasatzekoa dela”, “baina sabaia jausi zenetik 3 hilabete igaro ziren inor Gaztetxera joan zen arte” zehaztu du AGAKOk. “3 hilabete horietan ere Gaztetxea ez da hutsik izan, astero-astero ekintzak daude”. Kontuan hartzekoa da “eraikin hori Udaletxearena dela eta ez dagoela behar bezala”.

EH Bilduk balorean jarri nahi izan du “Gaztetxeak egiten duzuen lana astero-astero, Herri honi ematen diozuena, urteetan eta urteetan, hiru Gaztetxe izan ditugu, autogestioan oinarrituak. Gaztetxeak gazteentzat eta hain gazteak ez garenontzat ere lan egiten du”. Hortaz gain “udal-eraikinak ondo egotearen ardura gurea da”.

Podemos Arrasatek gaitzetsi duenez “Udal-gobernu honek gazteak 2. mailako herritar bezala tratatzen ditu. Zein beste udal-eraikin dago Gaztetxearen egoera berdinean?”.

Hirugarren eskaera IRISGARRITASUNA ETA IGOGAILU PUBLIKOAri dagokie. Oihan Loiti ordezkariak jakitera eman duenez “ekaineko bilera berean Udal-gobernuko ordezkariak, Maitane Muñozek, igogailuaren erabilera berraktibatzeko konpromisoa hartu bazuen ere, oraindik ez dugu igogailua erabiltzeko aukera berreskuratu”.

AGAKOk “igogailuari eman nahi dion erabilera irisgarritasun zailtasunak dituen edonori bertara sarbidea ahalbidetzea da. Honako eskaera hau Asanblada gisa egin izanaz gaindi, Kooltur Ekintza eragileak maila kolektiboan, zein beronen erabiltzaileek, maila pertsonalean ere, burutu izan dute”.

“Horrenbestez, egun aipaturiko igogailuaren erabilera ukatzea, behin eta berriro ukatzea, Gaztetxeko erabiltzaileekiko diskriminazio ikur gisa irakurtzen dugu, kontziente baikara baliabide honen ukapenak norbanako desberdinei aukera berdintasuna ukatzen diela”.

Arazo honi dagokionez, Ekiñe Casado ordezkariak ondoko galderak egin ditu: “Zein da Herriari ematen diozuen erantzuna Arrasateko herritar ororen eskubide urraketen aurrean? Zergatik ezin da Gaztetxera gerturatu eskaileretatik igo ezin duen pertsona gainerako erabiltzaileok oinez sartzen garen ate beretik?”.

Igogailuari buruz Victoriano Fuentes zinegotziak erantzun du (Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak Saileko zinegotziak) “igogailua ez dela 1. solairuan geratzen, antza gaztetxera sarbide dena eta beste musikari kolektibo batena, 10 urte baino gehiagotik“.

“Zergatik? Txarto erabiltzeagatik, matxura asko eragiten zituelako. Iazko lehen lauhilekoan, Ferixalekua 64 ordu geldi egon zen, ekintza bandalikoengatik”.

“Kostua iazko urtarrilean 3.900 eurokoa izan zen, martxoan 1.400 eurokoa, apirilean 4.100 eurokoa, eta denera ateen konponketak 13.350 euro izan ziren” iaz.

“Iazko maiatz-ekainean errefortzu bat jarri zen atean, inork ateak kolpatu, saboteatu eta desenkajatu ez zitzan, igogailuak bere funtzioa ematen jarrai zezan, batez ere auzo garaietako bizilagunei (Jose Luis Iñarra, Altamira, Makatzena, Obenerreka, Aldaigain), eta erabaki hori hartu zen”. PSOEko zinegotziak ez ditu bereizi apurketak eta AGAKOren jarduera.

Areago, zinegotziak ere aipatu ditu Altamirako gorengo igogailua. “Ekintza bandalikoen ondorioz 3.870 euro gastatu dira, beraz sailak hartu zuen erabakia da, teknikariekin hitz eginda, ez da komeni oraintxe” aldatzea.

“Nire sailari eskaera bat aurkeztu dion entitate bakarra, igogailuko geldialdi bat eskatuz, Kooltur izan da, ostegun arratsaldetan (sic) ekitaldi bat egiten duena. Beste gauzetaz ez dugu konstantzia idatzirik edota BAZen erregistraturik”.

EH Bilduk galdetu du ea “orain 10 urte igogailuaren erabilera txar bat egin bazen, zergatik dago egungo Gaztetxearekiko mesfidantza?”.

Maider Morras zinegotziak, Victoriano Fuentes zinegotziari zera aurpegiratu dio: “esan nahi duzu egungo AGAKOkoak bandalo batzuk direla? Ez da izan arrazoirik azken 10 urteetan AGAKOk giltza ez izateko”.

EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak aipatu duenez “uste dut” Kooltur Ekintzak “eskaera batzuk egin dituela”, eta Udalera iritsitako eskaerei “erantzun zaie”. “Ezetz erantzun zaie” zehaztu du AGAKOk.

EH Bilduk galdetu du “Udalak beste entitate batzuei irisgarritasuna betetzea eskatzen dienez“, aniztasun funtzionala edota elbarritasuna duten pertsonak bulegoetara, lokaletara,… “sartu ahal daitezen (adibidez obrak eginaraziz) zergatik ez du hori Gaztetxean bermatzen?”.

Maider Morrasekin batera, Kepa Urteagak gehitu du aniztasun funtzionalik edota elbarritasunik duten pertsonek ere Gaztetxera “era duin batean sartzeko” eskubidea dutela, “eta ez atzeko atetik”. Hartara, EH Bilduk batzordean zenbait neurri “egingarri” aurkeztu izan ditu.

Podemos Arrasatek “babes osoa” adierazi dio AGAKOri. “Harrituta gaude duela 10 urte erabilera txarraren argudioarekin. Arrasateko beste igogailuetan ere erabilera txarrak izan dira, baina gero konpondu dira, zergatik Gaztetxera doana ez?”.

GAZTETXE KANPOKO GARBITASUNAri dagokionez, AGAKOk azaldu du “gu Gaztetxearen inguruan ibiltzen garenez, jakin badakigu garbiketaren inguruko [Udalaren] puntua ez dela betetzen”.

AGAKOk salatu du “guk garbitu behar izaten ditugula guri ez dagozkigun espazio batzuk, jakin badakigu ez dela betetzen Udalaren ordena”.

OSMAko zinegotziak azaldutakoaren arabera, Gaztetxera “sartzeko eskailerak astero garbitzen dira. Ezin da presiozko urarekin garbitu igogailuko makinarian sartuko litzatekeelako eta kaltetuko lukeelako. Baina beste eskailera guztiak astero garbitzen dira”.

“Zentzuzkoa denez, espazio amankomunean, ordenantzak dioen bezala, zaborra sortzen duen jarduerak garbitzeko ardura du, bai komertzioetan, tabernetan, jatetxeetan eta kasu honetan gaztetxean”.

“Izan ere, bertan eserlekuak dauzka, tragoak eguzkitan hartzeko edo jendeak gura duena. Beraz, zabor guztia (beirak, edalontziak,…) kasu honetan gaztetxeko kudeatzaileak jaso behar dute”.

Zinegotziak gehitu duenez “urtean bizpahirutan, zona horren garbiketa orokorra egiten dugu, eskura dauden baliabideekin. Aipatu bezala, ezin da presiozko urik erabili”.

Hala ere, Txatxilipurdik Gaztetxea erabili duen azken aldian, Txikilandiaren harira, bertatik “haurrak igaro zirenean leku hori garbi egotetik oso urrun zegoen” AGAKOk gaitzetsi duenez.

Osoko Bilkuran gazteen taldeak ere ezbaian jarri du UDAL-GOBERNUAREN FUNTZIONAMENDUA. Ekiñe Casado ordezkariak ondoko galderak egin ditu: “Zuek diozuen bezala, hain ‘zuzena’ bada AGAKOk eta Udalak duten harremana, nola da posible egindako eskaerek erantzunik ez izatea? Zergatik ez dugu aktarik jaso? Ez duzue nahi idatziz jasotzea ahoz hartutako konpromisoak?”.

AGAKOk adierazi duenez, “Udal-gobernuaren aldetik ez da inolako prestutasunik egon: gu ez ginen prentsan agertu zuen kudeakearen inguruan hitz egitea gustuko dugulako. Ezta hona etortzea ere”. “Bide guztiak agortu ondoren, prentsara jo genuen, kokoteraino geundelako eta gaudelako”.

EH Bildu iritzi berekoa da: “Udal-gobernukoak mugitzen zarete gaia aurrez prentsan azaldu bada“. Koalizioak eskatu du “beste udal-eraikinetan eskatzen diren baldintzak Gaztetxean izatea”.

AGAKOk ondorioztatu duenez, “Udalak ez du inolako interesik Arrasateko herritarren eskubideak bermatzeko. Ez duela interesik gazteon ahotsa entzun, jaso eta gauzatzeko”.

“Udal-gobernuak ez du AGAKOrekin eztabaidatzeko espaziorik sortu nahi, eta Plenoak ez du eztabaidarako tarterik ematen. Horregatik 3 galdera prestatu ditugu gure hitzartzea amaitzean Arrasateko Udaleko buruak, Maria Ubarretxenak erantzuteko”.

“Ah, eta ez, esango diguzue ‘hausnartuko dugu’, ‘kontsultatu beharra daukagu’ eta antzeko erantzunak, baina ez gara horiekin konformatuko. Denbora izan duzue horretaz guztiaz hausnartu, adostu eta egikaritzeko”.

Udal-gobernuak azaldu duenez “herritarrek, lantaldeek edota eragileek gurekin hitzordua eskatzen dute, eta ondorioz gu eurekin biltzen gara”.

“Guk herritarrekin eta eragileekin egiten ditugun bileretan, bilera nolabait informaletan ez da aktarik egiten” Anuska Ezkurrak esan duenez. “Hemendik aurrera aktarik nahi bazenukete ez legoke arazorik”. “Eser gaitezen udaletxe honetan” esan du Ezkurrak, eta “goazen hitz egitera”, “hitz egitera”.

AGAKOk Udalbatzarrean eskatu du alkateak 3 galderei erantzutea, eta Maria Ubarretxenak erantzun du “ni prest nagoela zuekin berriro biltzeko, eskaera bat eginez gero”. “Inportantea da teknikari bat eta batzordeburua bertan izatea. Bilera egin dezakegu zuek aipatutako beste bi gaiak tratatzeko”.

AGAKOk adierazi duenez “azkenaldian asko entzun dizuegu Herrigintza egin nahi duzuela Arrasaten, zein Herrigintza mota baina? Herrigintza Herriaren alde egitea da, Herri bizi baten alde. Nola irudikatu Arrasate bizi bat Gaztetxe bizirik gabe?”.

“Herrigintza Herriko eragileak zaintzea da, Herriko eragileak entzutea eta babestea. Herrigintza ez da Herriko eragileei ezentzunarena egitea eta beste aldera begiratzea. Ez eta eragileak ez errespetatzea eta oztopoak jartzea ere”.

AGAKOk berretsi du “Herrigintzan lanean jarraituko dugula, benetako Herrigintzan. Herriko gainerako eragile eta norbanakoekin batera, Herriari alternatibak eskaintzen”.

Plenoko gai honen azken interbentzioan, EH Bilduk adierazi du “kokoteraino gaudela Plenoetan inoiz erantzunik ez jasotzeaz, ‘Batzordean esango da’ edota ‘Gero hitz egingo dugu’ bezalakoak entzuteaz”.

Iruzkin 1

  1. Zergatik deitzen zaio gaztetxe, zulo bat baino ez den horri? Gaztezulo egokiagoa da.
    Xabier Zubizarreta izan zen, alkate zenean, gaztetxea hor jartzea erabaki zuena. Normala da gazteak nazkatuta egotea. Gaztezulo horrek baldintza minimoak ere ez ditu betetzen. Oso esanguratsua da gaztezulo horren gainean Emakume txokoa egotea. Eta kokapen hau ere desegokia da, eta erabaki hori, Emakume txokoa hor jartzea ere Ezker Abertzaleak hartu zuen.
    Konponketa zaila gaztezuloarena.
    Beste herri batzutan gaztetxearena okupazio batekin konpontzen dute.
    Eta gaztetxea emakume txokoan jarriko balute?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen