“Gaztetatik jokoaren arriskuez ohartarazi behar da, adikzioak ekiditeko”

2
691

Hitzaldia eman du aste honetan Josu Vianak, joko mendekotasuna sufritutako gazteetako batek. “Adikzioa duten pertsonei, informazio nahikorik ez badute, laguntza eskatzea aholkatzen diet”.

Arrasateko Udaleko Prebentzio Zerbitzuak antolatuta, ‘Ludopatiak bizitza hankaz gora jartzen dizunean’ hitzaldia izan zen asteazkenean Kulturaten.

Ekitaldi honetan Josu Viana Mugikak bere testigantza eman zuen. 18 urte zituela, apustu egiten hasi zen eta adikzioa sufritu egin zuen.

Errehabilitazio prozesu bat aurrera eramatea lortu zuen zumarragar gazteak, eta bere bizipenak hitzaldira bertaratu zirenekin konpartitu zituen.

“Medikuek diote jokoarekin arazoren bat izan baduzu ludopata bat zarela, eta hori bizitza guztirako dela. Nik errehabilitazio prozesu bat egin dut, eta ez dut gustuko nire bizitza osorako ludopata etiketa izateak”.

Kulturateko hitzaldian “pertsona gutxi izan ginen hitzaldian baina oso aberasgarria izan zen”, izan ere, hitzaldiko entzuleek ere “parte hartu zuten, galderak egiten eta euren kezkak konpartitzen”.

Arazo honen inguruko “kezka nagusietako bat da nola konturatu zaitezkeen zure gertuko pertsona batek joko adikzioa duela. Izan ere, adikzio hau ez da drogamendekotasuna bezala: ez du arrastorik uzten aurpegian edota itxuran”.

Gainera “oso ezkutuan eramaten den adikzioa da. Nire ingurukoek adibidez ohartu ziren arazo bat banuela, baina ez zekiten zein zen. Arazoa detektatu daiteke pertsonak diru falta duelako edo dirua eskatzen duelako”.

Beste sintoma bat da “pertsonak umore aldaketa handiak dituela. Bizitza doble bat duzu (bat ezkutukoa da) eta hori nabari da antsietate maila bat daukazulako, azkar haserratzen zarelako,…”.

Beste sintoma bat “pertsona urruntzen dela gehien maite dituenengandik. Aisialdia familiari, lagunei, mutil-lagunari edo neska-lagunari dedikatu ordez, jokoari dedikatzen diozu”.

Oro har, bada esaldi esanguratsu bat: “Jokoa ez da jolasa”. “Egungo arazo garrantzitsuenetako bat da jokoa modu sozial batean sartu dela gazteen artean, gure bizitzan”:

“Adibidez, futbol partidu bat ikus-entzutean, apustu-etxeek iragarki piloa barneratzen dizkizute. Areago, partidua taberna batean ikusiz gero, adibidez lagunekin trago bat edaten Realaren edo beste taldeen partidu bat ikustean, tabernan bertan apustu-makina bat dago”.

“Lagunekin eta era sozial batean hasten zara apustu egiten, eta badirudi jolas bat dela, edo behintzat ekintza oso soziala dela, baina ondoren gazteen parte bati adikzioa sortzen zaio”.

Mendekotasuna duten gazteei aholkatzen die “informaziorik ez badute, laguntza eska dezatela. Gaztea ohartzen bada bere dirua apustuetan xahutzen duela, edota jokatzeko dirua eskatzen duela, arazoaz jabetuko da”.

“Adizkioa dutenek egin beharreko lehen gauza laguntza eskatzea da. Hala ere, arazoa aurrez ekiditeko, garrantzitsuena da gaztetatik informazioa jasotzea, jokoak dituen arriskuen inguruko informazioa. Norbera bere kabuz arazoa konpontzea oso zaila da”.

Aldi berean, publizitatea mugatzea ere garrantzizkoa da “bonbardaketa bat izan ez dadin. Tentazioak denok dauzkagu gure inguruan, jokoa dela, alkohola dela, droga dela. Arazoak ekiditeko, egokiena da gaztetatik azaltzea zein arazo eragin ditzaketen. Kontzientziazio lana guztioi dagokigu”.

2 IRUZKIN

  1. Arrasateko udalak gaztion artien lodopatiaz prebeniuteko, modu eraginkorrean maalako apustu etxe berrixa, istia da eta ez hitzalditxo bat. Baño argi dau langileoi miseria bakarrik ekartzen dozkuela apustu etxiek, eta hitzalditxo batek ez dau hori aldatuko.

  2. Egixa borobila, apostu etxeek miseria bakarrik ekartzen daue, inolako onurarik ez, jendearen ezintasun eta ahultasunak explotatu bakarrik.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen