Gazteguneaz [Testua: EH Bildu]

19
786

Erdialdeko Gaztegunea ixteko erabakiak ezustean harrapatu gaitu. Bizilagunen kexak aspaldikoak ziren arren, azkeneko sei urteetan udal gobernuak ez du sekula arazoa Udaleko bilera batera ere ekarri eta bizilagunek sinadura bilketa bat egin dutenean neurririk gogorrena hartu du: Udal zerbitzuaren ateak itxi. Ez baitigu balio lekuz aldatu duela esateak, Musakolako espazioak, egungo baldintzetan, ezin dituelako jaso Erdialdekoak jasotzen dituen erabiltzaile guztiak.

EH Bilduko zinegotzi taldekook aurreko astean izan genuen erabakiaren berri, Gazteria batzordean eta bilerako gai zerrendatik kanpo esan zigutenean. Bilera horretan azaldu ziguten halaber bizilagunek sinadurak jaso zituztela, udaltzainburuaren informe bat ere ekarri zuten… Ordura arte, txintik ere ez.

Urgentziazko bilera bat eskatu genion alkateari erabakia geratu eta gaia elkarrekin bideratzeko laguntza eskainiz.
Batetik, zerbitzua, Musakolakoan txertatu gabe, Erdialdeko beste lokalen batean kokatzeko aukera aztertzea planteatu genuen. Bestetik, zerbitzua kudeatzen duen elkartearen proposamena aztertzeko, jakin bagenekielako, Gazteria batzordean esan zutenez, bazuela planteamendu landu bat zerbitzuaren inguruan sortzen ziren arazo horiek kudeatzen
saiatzeko. Eta, jakina, erabakia unilateralki hartu aurretik, komunikazioa lantzeko, edozein bizikidetza arazo konpontzeko funtsezkoa baita soluzioa elkarrekin eraikitzea. Alde horretatik, ezinbesteko jotzen genuen neurriak
kaltetzen zituen alde guztiekin hitz egitea, hala nola, erabiltzaileak eta euren familiak. Azpimarratu beharra baitago ez direla erabiltzaile guztiak bizilagunekiko errespetu falta eta portaera desegokia dauzkatenak.

Erantzuna ezezko borobila izan zen, erabakia hartua zegoela. Iruditzen zaigu EAJk – bere gobernu sozioa erabakitik desbinkulatu baita- neurri horren ondorioak baloratu gabe jokatu duela. Eta, gainera, udal arduradun bati dagokion erantzukizunari ihes eginez. Izan ere, bizilagunek kokoteraino egoteko motiboak izan zitzaketela ukatu gabe, Udalaren ardura da bere zerbitzuek sor ditzaketen arazoei konponbide bat ematea, baina betiere zerbitzuak mantentzeari lehentasuna emanez. Udal zerbitzuak ez baitira kapritxoz sortzen, behar sozial bati erantzuteko baizik, eta zerbitzua itxiz gero behar horri erantzuteari ere uzten zaio.

Udal gobernu honek, baina, errazenera jotzen du behin eta berriz. Boteretik, indarretik, agintetik erabaki eta neurriak hartzera. Beno, hartzera edo inprobisatzera. Kontua suak itzaltzea baita, ahalegin horretan uholde bat sortzen badu ere. Gero gerokoak.

Alde horretatik, ezin larriagoa iruditzen zaigu egoeratik airoso ateratzeko kaleratu duen oharrean iragartzen duena. Lanbideren zerbitzua Gelma eraikinera aldatzen denean hark darabilen eraikinean jarriko duela Gaztetxokoa. Baina, baina, ea, Ubarretxena andrea eta konpainia, ea aklaratzen zareten! Ez zen, bada, Emakume Txokoa Lanbideren egungo eraikinera eraman behar zenuten udal zerbitzua? Eta, orduan, zein proposamen daukazue orain Emakume Txokoarentzat? Zein aurreikuspen ekonomiko zerbitzu baterako zein besterako 2021eko udal aurrekontuan
ez baduzue proiektu horientzat zentimorik ere aurreikusi? Seriotasun apur bat, PNVko jaun-andreok, seriotasuna eta erantzukizuna.

19 IRUZKIN

  1. EH BILDU… orain arte arazoaren berri euki izan ez baduzue gura izan ez dozuelako izan da. Kexak publikoak dira, Udaltzainek jasotzen dituzten deien eta kexen erregistroa kontsultatu dezakezua, zuen lokala edifizio berdinean dago… benetan ezer ez zenekitela? Ezin dut sinistun.

    Gobernuak erabaki errexena hartu duela ezin duzue esan. Urteak gabiltza, Udaletxearekin bat gaia jorratzen. Batekin eta besteekin biltzen, gurasoak inbolukratzen saiatzen, begiraleekin arazoari bueltan bat ematen saiatzen…eta behin, egindako esfortsu guzti horrek balio izan ez duela ikusten zerbitzua lekuz aldatzea erabaki da.

    Ez saiatu gai hau gai politiko bat bihurtzen. Hau ez da PNV-Bilduren arteko borroka bat.

    Berriro errepikatuko dut, hau bizikidetasun arazo bat da. Eta hori da lortu behar dena.

    Ez du balio behin erabakia hartuta dagoenean erabaki hori atzera botatzen saiatzea. Hurbildu zaitezte Gaztetxoko batera eta landu arazoa oinarritik.

    Non egon da orain arte Txatxili bizilagunekin eta bertako gazteekin izan dituen arazoak zuekin partekatzeko? Erabakiaren berri jakin duzuenean azkar ibili zarete ba…

  2. Arrazoia duzu gai hau ez da politizatu behar. Hemen arazoa alkateak bideratu du txarto eta gainera ez du oraindik aurpegia eman. Txarto kudeatu badu gaia alkateak, orain berak konpondu dezala.

  3. Zu zara Bilduk defektuz dena kritikatzen duela esanez gaia politizatzen duena. Eta ez bota errua Txatxiliri berak Bilduri gaiaz informatu behar ziola esanez. Udaletxeko GUZTIETAKO dinamikak OSO ARGIAK dira:
    Gai bat dagoenean, batzorde bateko (ogasuna, gazteria, hiringitza… dena delakoa) hurrengo bilerako gai ordenean sartzen da. Zinegotziek hori ikusita, haien lana aurreratu dezakete eta berau prestatu. Idealena litzateke erabaki bat hartu aurretik, batzordean eztabaidatzea eta lantzea.
    Gaia azken ordukoa bada eta salbuespen bezala, gai ordenatik kanpo sartu daiteke eta batzorde bukaeran jorratu.
    Dena den, Bilduk ez du esaten arazoaren berri ez zekienik, baizik eta erabakiaren berri berandu eman zitzaiola eta berau gehiago lantzeko eskaintza egin ondoren, ezezko borobila jaso zuela.

    Naiz eta atzera egin eta oharra ezabatu, atzo PSEko zinegotzi batek ere haiek ez zutela erabakian parte hartu esan zuen. Agian gaizki ulertu bat izan da PSEko zinegotzien artean, baina esanguratsua da, oso, honek behintzat ez zekien ezer, eta 3 dira.

    Azken finean, erabakia alde bakarrez hartu dela argi dago, eta alkate honek gai korapilatsuak partekatzeko eta lantzeko gaitasun nulua daukala. Horrelako gai bat BATZORDEAN landu behar da, ez behin edo birritan, baizik eta askotan. Hori da politikarien lana.

  4. Oseake azkenian munipen pareko eraikina libretan danian azkenian ez doia gaztetxokua, emakume txokua baizik.
    Inprobisau ein zauen eta gainera txarto inprobisauta!
    Ze gezurteria dan alkate hau!

    • Urte pare bat doie ya gezurretan. Akordau bestela Polikiroldegi MegaChupiGuay hori eraiki bihar zauena eta azkenian botuak irabazteko estrategia Bat izen zan. Tristiena da, hainbeste hankazartze ostien, Mariak oindion fan asko ditxula herrixan. Gutxiaugatxik jarri zauien aurreko alkatia a caldo.

  5. Eta hezkuntzako batzordeetako AKTAK hor egongo dira. Atera ditzatela, urte hauetan gaia batzordera eraman den, edo azken batzorde horretara dagoeneko erabakita, bakarrik. Horrekin frogatu daiteke gaia Udaletxean landu den edo ez. Eta ulerzten dut Bilduk salatzen duena dela gaia landu ez izana, eta hori erantzunkizun politikoa da. Oposizioarekin ez lantzea, kontrakoa.

  6. Eta oker ez banago, Bilduk salatu izan du gobernuak ez diola munizipalen interbentzioen erregistroa erakusten. Lokala parean izateagatik diozu arazoaren berri izatea derrigorrezkoa dela, baina nik uste dut arrazoiezkoena , derrigorrezkoa esango nuke, dela Gobernuak berak hezkuntzako batzordean gaia ateratzea. Bilduk ere eraman zezakeen gaia batzordera jakingo balu, eta jakin beharko lukeela uste dut nik ere, baina hori AKTETAN egongo da.
    Baina gauza bat da arazo bat dagoela jakitea eta noizean behin batzordean komentatzea edo galdetzea berririk dagoen, eta beste bat arazoa horren larria baldin bada, horrenbeste denunztia eta interbentzio, eta erabaki radikal bat hartzeko zorian egonik, gobernuak hainbat batzordetan gaia landu ez izana. Adibidez, argi baldin bazuten Gaztetxokoa lekuz aldatu behar zela, zergatik ez komentatu batzordean eta lokal ezberdinak aztertu, erdigunekoak ere… apostatuko nuke EAJren aldebakarreko inprobisazioa izan dela.

  7. Orain gutxikoa da ere Salduspeko inprobisazioa. Ez dakigu non jarriko duten bus parada berria ez gaztetxokoa, ezta Emakume Txokoa ere. Konturatuko bazineten Mariak BEHIN BEHINEKO hitza erabiltzen du komodin moduan egoera batek gaina hartzen dionean, denbora irabazi eta bere kaosa alfonbra azpian gordetzeko. Funtsean hau gertatzen zaio ez duelako herri proiektu eta bisiorik.
    Arrasate eta Arrasatearrak ez ezagutzearen ondorioa ere izan daiteke Mariari pasatzen zaiona, edo/eta lan gutxi egiten duen pertsona izatea.

  8. Alkateak urte dexente daramatza alkatetzan. Tokia hain txarra balitz, zertara itxoin du?
    Agian kokalekua ez da arazoaren muina, baizik arazoren bat dagoenean inprobisazioara jotzea modu honetan gainera.
    Baina behin kokalekuak aipatzen hasita, nola justifikatuko du alkateak gaztetxokoa Lanbide dagoen tokira eraman behar duela esatea Emakume Txokoa bertaratzeko asmoa edukita?
    Erabakiak onak ala txarrak izan daitezke, gezurrak aldiz hanka motzak ditu.

    • Kaixo Aitor,

      Bizilagun bezela idazten dizut. Gaztetxokoa gure etxebizitza azpietan jartzearen erabakia ANV rena izan zen, Ino Galparsoro alkate zela, nahiz eta bizilagunen aldetik jada gure desadostasuna erakutsi. Baina garai hartako zinegotzi batek esan zigun bezela “erabaki hartuta dago eta hor kokatuko da”, inposaketa bat izan zen. Ostera, Inaxio Azkarragaurizar alkate zela, bere taldekide eta gazteriako zinegotziarekin egon ginen, gaur egun ere zinegotzia den Kepa Urtega, eta gure kexak eta egoera guztiz ezagutzen ditu.
      EH Bilduk bazuen bizikidetza arazo honen berri aspaldi, baina ez zuen EZER egin.
      Orain, lehen aldiz, gure kezkak eta egoera kontutan hartuak izan dira.
      Nahiz eta saiatzen zareten gaia beti bi alderdi konkretuen borrokara eraman, arazoa, bizikidetza arazo bat da, eta ez politikoa.
      Eta lehen aldiz sentitu gara entzunak eta aintzat hartuak bertako bizilagunak.

      • Bizilagunei urte luzez iraun duen arazoa konpondu dizue EAJk erdiguneko gaztetxokoa ixten. Eta gazteei? Eta gazte hauen gurasoei? Eta Txatxilipurdiri? Eta ondorioz, herriari? Beste arazo potoloago bat sortu digute! Hori da zuek, bizilagunok ikusten ez duzuena edo ikusi nahi ez duzuena. Arazoa konpontzeko inplikatu guztiei eman behar zaie erantzun bat. Eta erabaki honekin hemen 3tik bati bakarrik erantzun zaio.
        Eta horren erantzule zuzena erabakia aldebakarrez hartu duen EAJren taldea da (PSOE bere udal gobernukidea atzo desbinkulatu bait zen).

      • Orduan jarri aurretik ya kontra zeundeten?? Postura kuriosoa…asteburutan 3 orduz gazteentzako lokal bat jartzea gaizki ikusi zenuten? Gustua ematen dik herrian horrelako ekimenen kontra jendea egoteak… Argi izan herri erdian zaudetela… Ez bazaudete ezer toleratzeko prest agian malbina edo makatxenara joan beharko zarete. Makina bat zarata aguantatzen dugu beste batzuk!!

  9. Señora alcaldesa,espero que no se le vaya de la mano el tema de estos jóvenes menores de edad,ya que cuando son mayores aparecen los conflictos como el problema de las drogas y lo que hace es mirar a otro lado.

    • Hala da! Ciudadanak arrazoi osoa dauka! eta gune hauek prebentziorako eta arazoak atzemateko dira, eta arazoei, atzeman ostean, baliabideekin eta planekin heldu behar zaie, eta ez beste toki batera eraman edo alfonbraren azpian sartu. Hori egin ezean, arazoa “konponduko” dugu era txarrenean.

  10. Hemen DIRUA jarriko balute arazoa konponduta. Hezitzaile eta lokal gehiagorekin arazoa asko gutxituko litzateke. Lokalaren kokapena ez f
    Da arazoa!! 1000 gazterentzako herri osoan asteburutan lokal bakarra eta 2 hezitzaile jartzea da??? Nahikoa da???? Mesedez!! Haur parketan dirutza gastatu du Mariak. Baina gazteen arazoari ez dio jaramonik egin.

    Ez politizatzeko gaia?? Erabakia unilateralki hartu duen momentutik alkate andereak berak politizatu du gaia, ez konfuditu!!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen