Testua: Arrasateko Udala
Monterron parkea gazteei zuzenduriko kontzertu baten agertoki bilakatuko da bihar, irailak 30, Gipuzkoan Gazte Tour ekimenaren eskutik. Hala iragarri dute gaur goizean Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria diputatuak eta Gladys Fernandez Arrasateko Udaleko belaunaldien arteko batzordeko buruak.
Gipuzkoan Gazte Tour musikaren eta arte eszenikoen inguruko hainbat jarduera biltzen dituen programa da, Gipuzkoako gazte zein nerabeei zuzendua dagoena. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak garatu du, lurraldeko beste eragile eta udalerri batzuekin lankidetzan, horien artean, Arrasateko Udala.
Horren harira, Goizane Alvarezek ekimenaren gakoa zein den azaldu du. «Gipuzkoan Gazte Tour-aren arrakasta nerabeei ekitaldi horretan eta artistei buruzko erabakietan parte hartzea da. GGTren helburu garrantzitsuenetako bat lurraldeko artistei ematen zaien ikusgarritasuna da. Programazio bakoitzak artista erreferentzialak eta bertako artista gazteak».
Arrasateren kasuan, Nhil, Mirua eta DJ Kiliki Frexko izango dira 19:30etik aurrera Monterronen arituko diren talde zein artistak. Hiruetatik, Nhil taldea da, kasu honetan, erreferentzialatasunaz gain, bertako artistaren osagaia ere duena, Debagoienan eta zehazkiago, Aretxabaletan baitu, jaioterria. Kontzertuari dagokionez, Gladys Fernandezek Gipuzkoan Gazte Tourrek gazteen artean kultura eta aisialdi aktiboaren sustapenean duen funtzioa azpimarratu du: “Funtsezkoa da gure gazteei hazkunde pertsonalerako eta gizartean aktiboki parte-hartzeko aukera desberdinak eskaintzea eta hain zuzen ere, kulturaren eta aisialdiaren sustapena bi giltzarri garrantzitsu dira horretarako. Gipuzkoan Gazte Tour bezalako ekimenekin, gazteei arratsalde-iluntze dibertigarriak eskaintzeaz gain, musika eta arte eszenikoak gerturatzea dugu helburu, baita, aldi berean, gizartean aktiboki parte hartzea sustatzea ere, eta hori gure gazteen orainerako
zein etorkizunerako inbertsioa da». Monterron agertoki gisa aukeratu izanak ere badu bere arrazoia, Fernandezen hitzetan, «gazteek berea sentitzen duten espazioa delako». Eguraldi txarra eginez gero, Nhil eta Miruaren kontzertua JAMEren Auditoriumera eramango da eta DJ Kiliki Frexkorena Biteri plazara.
Hemen Arrasaten izango diren talde eta artisten inguruko informazio gehigarria:
Nhil
Nhil Aretxabaletan (Gipuzkoa) jaio zen 2017an. Talde hau, adiskidetasunean oinarritua, nahita hasi zen abestiak sortzen, baina, aldi berean, nahi gabe. Horrela lotu ziren hasiera batean, Asel Errasti bateria, Xabi Zuazabeitia baxua, Beñat Arrieta gitarra eta Sara Alonso piano eta ahotsa. Azkenik, haizearen sekzioa batu zen, Aitor Ruiz de Austri tronboiarekin eta Lia Garai saxofoiarekin.
Mirua
Mirua Gipuzkoako taldea gaztea Harrobia Sariaren irabazlea izan zen 2021ean Gaztea euskal irratiaren maketa-lehiaketan, eta Oso Polita zigiluko fitxaketa berrietako bat da. Maite Iruiñek osatu zuen 2019an Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebekin batera, eta haien musika-estilo bereziak melodiak eta pop klasikoko instrumentuak musika elektronikarekin eta indie esperimentalagoarekin nahasten ditu.
DJ Kiliki Frexko
Beñat Rodrigo aka Kiliki Frexko abeslaria, DJ-a eta Chill Mafia taldeko liderra. Euskal Herrian azken hamarkadan ezagutzera eman den artista bat da. Goian aipatutako Chill Mafia taldeko kidea da; Iruñeako koadrila bat da Chill Mafia, zeinak batzen dituen ekoizleak, abeslariak, DJak, MCak, diseinatzaileak eta graffiitien egileak. Euskaldunen panorama hankaz gora jarri du. Iruñeako kolektibo bat, ahots, ekoizle, DJ, diseinatzaile eta graffitti-egileek osatua. Iruñeako koadrila rave eta sound system-etan egin zen ezagun, eta beren soinua sortzen hasi ziren, estatuko eszenako talderik lotsagabeentako bat izan arte.