Gazte Olinpiaden zuzeneko zozketa maiatzaren 23an egingo da

0
1994

Testua: Arrasateko Gazte Olinpiadak.

Maiatzaren 23an, ostirala, arratsaldeko 19:00etan, egingo dugu Arrasateko II. Gazte Olinpiaden zozketa, eta aurtengo edizioa berrikuntzaz beteta dator. Ekitaldia YouTube bidez zuzenean jarraitu ahal izango da, eta gainera, kale elkarrizketak egingo ditugu, gure herriko giroa eta gazteen ahotsak ekitaldira eramateko.

Aurtengo nobedadeen artean, sari berriak izango dira aipagarrienetako batzuk. Horiek zuzenean aurkeztuko ditugu zozketaren unean bertan, eta ziur gaude parte-hartzaileen artean ilusioa piztuko dutela. Gure helburua, beti bezala, parte hartzeko gogoa sustatzea eta ekimen hau ahalik eta erakargarriena bihurtzea da.

Aurten, 56 talde izango ditugu guztira, eta iaz bezala lau multzotan banatuko ditugu: Kurtzetxiki, Udalaitz, Ziorlako Balkoia eta Santa Barbara. Baina aurtengo zozketa berezia izango da, izan ere, talde guztiak lau bonbotan banatuko ditugu, adinaren arabera sailkatuta. Honela, saiatuko gara talde bakoitzean adin desberdinetako kideak egotea bermatzen, oreka eta elkartrukea bultzatuz.

Guretzat garrantzitsua da Olinpiadak ez izatea soilik lehiaketa bat. Harreman berriak sortzeko, elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera bikaina dira. Horregatik, zozketa hau ez da momentu tekniko hutsa izango: festaren hasiera moduan biziko dugu, eta guztioi dei egiten dizuegu zuzenean jarraitzera eta sare sozialen bidez parte hartzera.

Arrasaten badakigu gazteok gauza handiak egin ditzakegula elkarrekin, eta Gazte Olinpiadak horren erakusgarri dira. Beraz, prestatu egutegia: maiatzaren 23an (ostirala), 19:00etan, denok konektatuta egon gaitezen!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen