Gautxoriko laborategi industrialen gunea 9’5 miliorekin egingo da “2023ko irailerako”

0
1100

Irudia: Mondragon Unibertsitatea / Beheko argazkia: MB artxiboa.

2021ko martxoan ekin zieten Uribe Goikoa eta Uribe Behekoa baserriak botatzeko obrak. Baita Gautxoriko 4 pabilioi zahar ere.

Obra horiek amaitu dituzte, eta “datozen egunetan” hasiko dituzte eremua berrurbanizatzeko eta eraikin nagusia egiteko lanak.

Aldi berean egingo dituzte Gautxori eremuaren urbanizazioa eta eraikin berria. Urbanizazioa egiteko obrek 13 hilabeteko epea daukate eta eraikin berria egitekoek 18 hilabete.

Beraz, “2023ko irailean” bukatuta egotea aurreikusten du Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak.

Eskolak azaldu duenez, epeak betetzen ari dira, baina hainbat arazo izan dituzte. Urbanizatzeko lanak hiru fasetan egingo dituzte:

Garaia Parke Teknologikorako sarreran, Uribarri etorbidean, biribilgune bat egingo dute. Bertatik sarrera bat egingo dute, Fagor Ederlanen eta MUren etorkizuneko eraikinaren artetik igaroko dena.

Bidea erreka ondoraino joango da, eta bertan bihurgune bat egingo da. Bideak errekarekiko paraleloan joango da, eta Uribe auzora irtengo da.

Errepideaz gain, espaloia, bidegorria, aparkalekuak eta zuhaitzak jarriko dira, besteak beste.

Bestalde, egungo aparkalekuak hartzen duen leku gehiena eraikin berriak hartuko du, eta orain arte hangar zaharrek okupatu duten lekuan egingo dituzte aparkalekuak:

Gaur egungo 170 aparkalekuak baino 49 gehiago egongo dira. Hortaz, denera, 219 aparkaleku egongo dira.

Urbanizazioarekin batera eraikin nagusia egingo dute, etorkizunean Arrasate eta Debagoieneko industria sarea berritzea helburu duena.

MUk iragarri duenez, eraikinak askotariko espazioak izango ditu, makina edota tresna berriak probatzeko batez ere.

Ekintzailetasuna bultzatzeko baliatuko dute eraikina, alor praktikoa lantzeko, batik bat. Beheko solairuan laborategi industrialak egongo dira, oso altuak, tamaina handiko gauzak probatzeko. Baita lokal sozial bat ere.

Lehenengo solairuan beste laborategi berezi bat egongo da, gainazaleko teknologiekin lan egitekoa.

Azkenik, 2. eta 3. solairuetan proiektu ekintzaileetan ari direnentzat izango dira. Normalean, Garaia Parke Teknologikoan jardungo dute pertsona horiek.

Mondragon Unibertsitateak aurreikusten du “2023ko irailerako” amaitzea eraikin berria eta gunearen urbanizazioa.

Gautxoriko beste eraikinari dagokionez, bere horretan mantenduko dute, “10. eraikina” deritzotena mantenduko dute, hau da, Arizmendi Ikastola pareko eraikina.

Hirekin izeneko proiektua Uribarriko 26.221 metro karratuko esparru honetan garatuko da.

Egitasmoaren helburua da lankidetzaren, ikerketaren eta ekintzailetzaren bitartez emisioak murriztera eta ingurumen helburuak betetzeko irtenbideak bilatzea. MUk sustatutako proiektua da, D2030 egitasmoak lagundutakoa. Hirekin proiektua ere bertan garatuko da.

Gaurtxoriko proiektuak denera 9,5 milioi euroko aurrekontua dauka. Eraikin berria egiteko 6 milioi euro erabiliko dira eta urbanizazioa egiteko 3’5 milioi euro.

Estatu espainarreko Gobernuak 700.000 euroko dirulaguntza eman zion iaz eta 1.000.000 eurokoa ematekoa da aurten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.000.000 euro bideratuko ditu, eta Gizabidea fundazioaren babesa ere izango du.

Halaber, 2019ko maiatzeko Osoko Bilkuran 1.137.000 euroko ekarpena egitea onartu zuen Arrasateko Udalbatzak. Beraz, egitasmoak ekarpen publikoak ere eduki dauzka.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen