Debagoienako Ezker Kultur Gunean ikusgai dago gerrako haurren memoria oroitzeko argazki erakusketetan lehena. Gaur hasita, maiatzaren 16a bitartean bisitatu ahalko da, astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 19:30era, Ezker Anitzak Arrasateko Aldai kaleko 9an duen egoitzan.
Guztira, 240 argazkiz osatutako hiru erakusketa antolatu ditu Ezker Anitzak gerrako haurrak gogora ekartzeko. Erakusketa honen helburua “Gerra Zibilean atzerriko herrialdeetan babes bila itsasontzietan abiatu ziren 33.000 euskal haurren istorioak helarazteko eta haien memoria aldarrikatze” dela adierazi dute antolatzaileek.
Beseak beste, erakusketak ume hauek Sobietar Batasunean, Frantzian, Erresuma Batuan, Belgikan eta Mexikon bizi izandakoak ekartzen ditu gogora. Horien artean, Isaias Albistegi eibartarra, II. Mundu Gerran Sobietar Batasuneko pilotu eta heroia izandakoa; Angel Etxeberria musikari eta akrobata; eta Eduardo Gorosarri apaiz eta musikari eskoriatzarra, 1937an El Habanan itsasoratu zena 4.000 neska-mutilen tutore gisa.
80 argazkiko hiru erakusketetan banatu dute erakusketa zikloa: Lehen erakusketa gaur inauguratu da eta maiatzaren 16an amaituko da. Bigarrena maiatzaren 19tik 30era bitartean eskainiko da, hirugarrena ekainaren 2tik 13ra izango da.
Debagoieneko Ezker Kultur Gunetik azaldu dutenez, “balio historiko eta emozional handia duten doako erakusketa hauek bisitatzera gonbidatu nahi ditugu eskualdeko bizilagunak”.





