Telematikoki egin da Mondragon korporazioaren kongresua

0
283

Guztira, 650 konpromisario egon dira bilerara deituta, kooperatiba taldeko kooperatiba guztien ordezkariak. Javier Goienetxea Kongresuko lehendakariaren lehen hitzak “koronabirusaren gogortasuna lehen pertsonan bizi izan dutenei eta haien familiei gogorarazteko” izan dira. “Besarkada bat eta gure elkartasuna luzatu nahi diet guztiei. Ezin dugu ahaztu zenbaki handien atzean dauden familien mina eta atsekabea “.

Aurtengo edizioan, besteak beste, organo korporatiboek egindako kudeaketaren txostena aurkeztu dute: Batzorde Iraunkorrak – aldez aurretik kongresukide guztiei bidalitako dokumentuaren arabera – eta Kontseilu Orokorrak egindakoa.

Hitzaldiak

Aurtengo edizioaren beste alderdi aipagarrienetako bat aurkeztu diren beste bi txostenak izan dira: “2021-2024 Politika Sozienpresariala” eta “Misioaren egokitzapena”. Bi txostenak zuzenketarik jaso gabe iritsi dira Kongresura eta osoko bilkurak onartu egin ditu.

Lehenengoari dagokionez, MONDRAGONek hurrengo laurtekorako ibilbide orria ezarri du, erronka honekin: “posizionamendua hobetzea, lehiakortasunean, lankidetzan eta malgutasunean irabazteko aldaketa disruptiboen aurrean”. Hori lortzeko, MONDRAGONek 7 ardatz estrategiko garatzeko konpromisoa hartu du: Konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, Iraunkortasuna, Etorkizuna duten negozioak, Malgutasuna eta moldagarritasuna, Eraldaketa digitala, Elkarren arteko lankidetza eta Talentua erakartzea eta garatzea.

Horren harira, Iñigo Ucín Korporazioaren Kontseilu Orokorreko lehendakariak berak adierazi duenez, ponentzia honetan “kooperatiba mugimendu gisa dugun izaera eta etorkizunak lehiakorragoak izateko eskatzen diguna batzen dituzten zutabe batzuk ezartzen dira. Aldaketa gero eta bizkorragoa da, eta horrek esan nahi du mehatxuak eta aukerak egongo direla gure kooperatibentzat. Abantailak lortzeko eta noraezean ibili nahi ez badugu oso zaila izango dugun itsasoan, hainbat olatu hartu beharko ditugu: klima aldaketa, deskarbonizazioa, I+G gehiago eta egokiago, digitalizazioa, 4.0, etab. “. 

Eta bigarren txostenari dagokionez (“Misioa egokitzea”), eguneratze horrek berariaz jasotzen du MONDRAGONek iraunkortasunarekin duen konpromisoa, eta azpimarratzen du Korporazioa “eragile aktiboa dela gizarte iraunkor baterantz, sozialki eta ingurumenaren aldetik, eta hurrengo belaunaldientzako legatuarekin konprometitua”.

Ormaetxea eta Gorroñogoitiari omenaldia

Kongresuan Jose Mari Ormaetxea eta Alfonso Gorroñogoitia Kooperatiba Esperientziaren sortzaileei ere omenaldia egin zaie, biak iaz hil baitziren. Javier Goienetxea Kongresuko lehendakariak adierazi zuenez, “Ormaetxea eta Gorroñogoitia bi gizon zintzo, langile eta eskuzabalak izan dira, proiektu kooperatiboari dena eman ziotenak, bi kooperatibista bikain, gure esperientziaren garapenean giltzarri izan direnak. Merezitako errekonozimendu beroa eman nahi diegu”.

Bestalde, hainbat ikus-entzunezko proiektatu dira kongresu honetan. Horietako bat MONDRAGONek pandemia garai honetan gizarteari egindako ekarpenari buruzkoa izan da, kooperatibek koronabirusari aurre egiteko egindako jarduera solidario batzuk laburbilduta jasotzen dituena.

Beste ikus-entzunezko baten, berriz, Euskaraldia dela eta, Kike Amonarriz Topaguneko lehendakaria MONDRAGONeko Kongresuari zuzendu zaio, kooperatibek orain arte euskaraz eginiko bideagatik esker ona adierazteko eta Ariguneak identifikatuz -Kongresuko Batzorde Iraunkorra bera Arigune izango da- Euskaraldian parte hartze zuzena izatera gonbidatzeko. Halaber, euskararen erabilerari dagokionez,  aipatu behar da aurtengo Kongresuan lortutako marka berria: %97 izan da euskararen erabilera.

Zer da MONDRAGONeko Kongresua?

Kongresua MONDRAGON gidatzeko jarraibide edo irizpide nagusiak ezartzen dituen organoa da, hau da, interes komuneko funtsezko gaiei buruzko oinarrizko politikak definitzen dituena. Urteroko hitzordu korporatibora guztira 650 konpromisario daude deituta, taldean integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatzeko. Organoan, halaber, kooperatiba berrien sarrera onartzen da, eta Batzorde Iraunkorraren –Kongresu batetik bestera diharduen ordezkaritza instituzionaleko organoa– eta Kontseilu Orokorraren –Korporazioaren zuzendaritza organoa– gestioaren deskargua egiten da.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen