Gaueko sugarrek auzotarrak “kezkatu” dituzte, baina “egoera kontrolpean dago”

1
2393

Gas gune batzuk daude sutearen tokitik nahiko hurbil, Maitena kalean, baina “azaldu digutenez, suteen aurka prestaturik daude”. Lurra ureztatzeko lanek “goizaldeko 01:00 arte jarraituko dute”.

Sutea gaur arratsaldean piztu da, eta Gorostiza auzoko Maitena kaleko bizilagun batzuk etxetik ateratzeko dei egin diete.

Mendialdetik hurbilen dauden atariko lagunak izan dira, eta bertako bizilagun batek azaldu digunez “etxeetara gehien hurbildu diren sugarrak etxeetatik metro batera egon dira”.

Goiko komentuan bizi diren erlijiosoak eta gune horretako etxebizitzetako bizilagunak ere bertatik atera behar izan dute. “Sustoa hartu” dutela eta “kezkaturik” daudela azaldu digute.

Malbinetara itzuliz, kontuan hartzekoa da Maitena kalean, basotik hurbilen dagoen kalean, gasaren gune batzuk daudela, eta sugarrak bertatik oso hurbil egon dira arratsaldean.

“Azaldu digutenez, gune hauek suteen aurka prestaturik daude”, adierazi digute Maitenako lagun batzuek.

Dena den, normala denez, bertako bizilagunak “kezkatuta” daude, areago sugar batzuk berpiztu direla ikustean. Horregatik gauean ere kalera irten dira, egoera ezagutzeko eta elkarrekin hitz egiteko.

Ordu hauetan [gaueko 23:25] baso-suhiltzaileek lanean jarraitzen dute su txiki horiek itzaltzen, Fermin Lezeta basozainak zuzendurik.

Honek azaldu digu “egoera kontrolpean dagoela, perimetroa behar beste ureztatu dugu, eta orain su txikiak itzaltzen dihardugu buru-belarri”.

Lan horietarako beste ur-kamioi bat eskatu dute, eta lanean jarraitzekoak dira goizaldeko 01:00 arte.

“Biharko [ostiralerako] hego haize bizia eta bero handia iragarri dituzte, eta beraz bihar goizean jarraipena egingo diogu”.

Iruzkin 1

  1. Duela urte gutxi Kurtzetxikin gertatu bezala, sastrakak bazter baten deskonposatzen utzi beharrean, su eman diete eta mendia erre zaigu. Ohitura zaharrei jarraiki, lurjabe askok eguneratu beharko dituzte heuren ohiturak, edo?
    “Basoa garbitu” kontzeptuaz hitz egiten denean oinarri zientifikoetatik baino arbasoen sinismenetatik hitzegiten dugu. Sastrakek ez dituzte mendiak erretzen, sua pizten duenak baizik. Sastrakak etorkizuneko basoa baitira, zuahixkak eta fauna babestuz. Eta basorik nahi ez duenak, errespetatuko dugu, baina ez eman surik, mesedez.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen