Gasteizko hiri-geografiari buruzko hitzaldia emango du Itziar Aguadok

0
205

Hitzaldia datorren astelehenean (urtarrilak 16) izango da, Kulturateko areto nagusian, goizeko 10:00etan. Goienagusi elkarteak antolaturik.

Beheko testua eta argazkia: Goienagusitik.

Itziar Aguado-Moralejo (Gasteiz, 1978) Ekonomian doktore da (UPV 2005) eta irakasle agregatua unibertsitate bereko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Sailean.

Bere ikerketa lana 2000. urtean hasi zuen, doktoratu aurreko ikerkuntza beka batekin, politika publikoen ebaluzioaren ingurukoa.

Bere doktoretza-tesiak, Tokiko Agenda 21a Garapen Iraunkorren erreminta gisa aztertuz, Bikain Cum Laude kalifikazioa lortu zuen, aho batez.

Era berean, UPVek aitortu egin zion Doktoretzako Lehen Aparteko Saria Gizarte- eta Zuzenbide-zientzien alorrean 2008. urteko ekainean.

Gaur egun Iraunkortasunerako Gobernantza eta Marketing Talde Kontsolidatuko kide da, Garapen Iraunkorreko eta lurralde-gobernantza politikak lantzen dituen taldea.

University of Reno-ko (AEB) irakasle bisitari izan zen, eta ikerkuntza-proiektu askotan parte hartu du. Proiektu hauek helburu dute politika publikoen ebaluazioa, garapen iraunkorra ikuspuntu multidimentsional batetik eta hiri-plangintza.

Proiektu hauetatik gehienak ikerkuntza-talde kontsolidatuaren baitan egin ditu, eta ikerlari gisa elkarlanean dihardu Universitat Autònoma de Barcelonako talde prestigiotsu batekin.

Lankide hauekin MINECOren bi proiektutan hartu du parte, lehena Auzo efektua eta berdintasun ezari buruzkoa, eta bigarrena, egun horretan diharduelarik, ondoko titulua duena:

‘Segregación urbana, densidad institucional, innovación social y actitudes políticas en las grandes ciudades españolas’ (‘Hiri-segregazioa, dentsitate instituzionala, gizarte-berrikuntza eta jarrera politikoak espainiar hiri nagusietan’).

Proiektu hau ‘Apurtutako metropoliak’ proiektu koordinatuaren eta FRAMET sarearen baitakoa da. Universidade de Santiago de Compostela eta Universidad Politécnica de Madrid-ek ere esku hartzen dute.

Hitzaldia: ‘Nola eraikitzen da hiri bat. Gasteizko kasua’

Gasteiz hiri iraunkorraren eredu bezala aurkeztua izaten da, bertako proiektu enblematikoekin: gizarte-etxeen sarea, eraztun berdea edota superetxadien ezarpena, mugikortasun iraunkorraren planaren testuinguruan.

Hala ere, azken bi hamarkadetan bere hiri-azalera asko hedatu da, bere biztanleriaren hazkuntzarekin koherentziarik izan ez duena. Hiria gero eta lausotuagoa da, eta komunitatea eratzeko nahiz 15 minutuen hiri lortzeko trinkotasuna galtzen du.

Horregatik, talka egiten dute bere iraunkortasunaren aldeko apustuak (azpiegitura berdeetan eta mugikortasun iraunkorraren politikan oinarrituta) eta bere hiri-ereduak (oraindik indarrean dagoen PGOU onartzearen ondorioz).

Arrasateko hitzaldian, mapen eta argazkien bitartez, aztertu egingo dituzte hiriaren garapena, baita zenbait faktore ere, iraunkortasun txikiagoko eta sozialki bereiziagoko hiri bat eragin ditzaketenak.

Halaber, hitzaldian azpiegitura berdeen funtzioak azalduko dira, baita hiriaren iraunkortasunari egin dioten ekarpena ere, tartean, eraztun berdea eta beste proiektu batzuk, gune berdeak elkar lotzeko.

Ekitaldian ere aipatuko dira Garapen Iraunkorraren Helburuak 11 (hau da, hiri inklusiboagoak, seguruagoak, erresilienteagoak eta jasangarriagoak lortzea) delakoarekin zerikusia duten gaiak.

Horretarako, Gasteizko bizitegi-sozial bereizketaren diagnostikoa azalduko da. Funtsean, hitzaldiak gura du hiriaren hiri-geografian sakontzea.

Bestalde, aipatzekoa da, Goienagusik antolatuta, datorren asteazkenean Joseba Sarrionandia Uribelarrea ‘Sarri’ idazleak hitzaldia emango duela Oñatin.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen