Garraiolariak greban: “Gure lanean gastuak irabaziak baino handiagoak dira”

0
1386

Gasolioaren prezioa jaistea aldarrikatzen dute, eta kinka larriaren aurrean “piketeak egiten gabiltza San Prudentzion, ez dugu beste irtenbiderik”.

Ukrainako Gerraren harira, garraiolarien lan-baldintzak okertu egin dira, eta greba mugagabean ari dira.

“Garraiolari autonomoen kinka jasanezina da, eta ezin ditugu kamioiak piztu: gastuak irabaziak baino handiagoak dira. Gastu garestiena gasolioaren prezioa da, baina badira beste gastu asko ere”.

“Langile guztiok bezala, guk lan egiten dugu dirua irabazteko, baina hori ezinezkoa denez greba egiten ari gara, gasolioaren prezioa jaitsi ahal duenak jaitsi dezan”.

“Pandemia, Ukrainako gerra,… argudiatzen dituzte”, baina espainiar estatua da Europan “petrolioaren kupelari zerga gehien jartzen dizkiona”.

“Egoera tristea baino tristeagoa da: guk lan egiteko beharra daukagu. Lan ez egitean txarto gaude, baina lan egitean galerak ditugu”.

Gainera, “garraiolarien sektorea oso banatuta dago, ordezkatzen ez gaituen patronal eta sindikatu bana dago. Sektorea oinarrizko garraiolari autonomook eramaten dugu aurrera. Kamioitik guztiek etekinak ateratzen dituzte, garraiolariok izan ezik”.

Langile hauek aldarrikatzen dute gasolioaren prezioa behingoz jaitsi dadila. “Ulertzen dugu kargatzaileek ezin dutela garestitze osoa euren bizkar hartu, baina hala egiten ez dutenez, kaltetuak garriolariok gara”.

Hortaz gain, aldarrikatu egin dituzte “garraiolariarekiko tratua hobetzea, behar bezalako ordainketak jasotzea, kargak eta deskargatzak hobetzea, denbora-epeak hain zorrotzak ez izatea, jubilazioak,…”.

Gobernu espainiarrari “manipulatzea eta gezurrak esatea” leporatzen dizkiote, eta horien guztien ondorioz, egun hauetan garraiolari boluntarioak pikete informatiboak egiten dabiltza San Prudentzion.

“Bat-batean antolatutako ekitaldiak dira hauek, hemen batu garenok kinka larri berean gaude, beste irtenbiderik ez daukagu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen