Udalak dirulaguntza-lerroa erabili ahalko du “hiri-garraioaren defizitari aurre egiteko, Lurraldebuseko geltokien mantentzean inbertitzeko, eta mugikortasun planen garapenarekin lotutako ekintzak eta programak ezartzeko”.
Argazkia: MB artxiboa.
Mugi sistema erabiltzen den herrietan, eta bertako garraio publikoa sustatzeko, Aldundiak hitzarmen bat landu eta proposatu du.
Proposamenaren ildo nagusiak atzo aurkeztu zituen Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Rafaela Romerok, prentsaurrekoan.
Dirulaguntza-lerroa jasotzekoak dira Arrasate, Oñati, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Oiartzun, Tolosa, Zarautz eta Donostiako udalak.
Proposamenak oro har planteatzen du hitzarmenak 4 urteko iraupena izatea, baita urteko 1.354.733 euroko dirulaguntza-lerroa ere. Zenbateko handi hori “demografia- eta erabilera-irizpideen arabera” banatzekoa da, eta 11 udalerriek ondoko zenbatekoak jasotzekoak dira:
Arrasate 60.710 €, Oñati 31.590 €, Donostia 650.000 €, Irun 172.900 €, Errenteria 108.680 €, Eibar 76.310 €, Zarautz 64.220 €, Hernani 56.160 €, Lasarte-Oria 51.090 €, Oiartzun 28.340 € eta Tolosa 54.733 €.