“Garraio publiko duina” exijitu dute Arrasate eta Debagoieneko Ernaik

0
1031

Beheko testua eta argakiak: Ernai Debagoiena.

Gaur Debagoieneko hamarnaka gazte batu gara hemen, eskualde osoari eragiten dion arazo larri bat aldarrikatu eta salatzeko: garraio publikoa. Ondo jakina da Debagoiena oso eskualde isolatua dela, ez dago burdin biderik eskualdean eta garraio publikoa egoera oso larrian dagoen autobus zerbitzura mugatzen da. Urteak daramazkigu Avanza enpresak ezartzen dituen baldintza txarrak pairatzen, Gipuzkoako Foru Aldundia konformatu eta ezer egiten ez duen bitartean. Gazteok, ordea, hobera egiten ez duen egoeraren aurrean nahikoa dela esan eta garraio sistema publikoak, duina izateko helburuarekin, urgenteak dituen aldaketak aldarriakatzeko elkartu gara.

Garraio publiko duin batek, garraio sistema herritarron mesedetara egotea eskatzen du. Horregatik, puntualtasunean, konexio hobeak izango dituen eredu batean, guztiontzako irisgarria izango den eredu batean eta segurtasunean oinarrituko den garraio sistema publikoa beharrezkoa dela deritzogu.

Horretarako ezinbestekoa da herri handien, (4000 biztanletik gorakoak diren herrien) arteko linea zuzenak ezartzea, egun dauden linien maiztasuna handitu eta beharrezkoa den egoeretan errefortzuzko autobusak jartzea. Egun dugun eskaintzak ez baititu gazteon mugimendu beharrak asetzeko adina berme ematen eta atzerapenak eragiten ditu.

Horregatik, autobusen puntualtasuna bermatzeko baldintzak sortzea ezinbestekoa dela deritzogu, era berean, autobusen jarraipena egiteko baliabideak martxan jartzea eta azken hauen mantenua bermatzea garrantzitsua da.

Garraio publikoa eta autobus geltokiak askotan ez dira irisgarriak herritar guztiontzat, ezta duinak ere. Geltoki irisgarri, seguru eta erosoak behar ditugu. Ondo argiztatuta egongo diren geltokiak eta markesina gardenak izango dituztenak. Herri handietako geltoki nagusien kasuan, itxiak izango direnak eta komunak izango dituztenak.

Debagoieneko gazteok pairatzen dugun isolamenduarekin eta mugitzeko oztopoekin amaitzeko burdin bideetarako zein hiri handietako maiztasunak handitu behar dira eta linea berriak sortu. Horrez gain, garraioa herritarron mesedetara egoteko, ezinbestekoa da ikas eta lan eremuetatik gertu dauden geltokiak ezartzea eta puntako orduetan herri handietatik zerbitzu zuzenak jartzea. Horrez gain, gazteok gauez garraio publikoan mugitzeko eskubidea gauzatzeko, gauetako autobus zerbitzua ez etetea eta maiztasunez handitzea eskatzen dugu.

Bestalde, egun ezagutzen dugun garraio sistema oso garestia da, prezioak neurrigabeak dira. Herritarrok ditugun beharrei erantzutetik urrun, doakoa bilakatzeko urratsak egin behar direla uste dugu. Honek, guztiz publifikatua egotea eskatzen du, hau da enprensa pribatuek duten esku-hartzearekin amaitu beharra dago. Langile zein erabiltzaileen mesedetan, enpresa pribatuen interesetatik aldendu eta garraioa herritarron interesetara jartzeko.

Aurreko guztia modu egokian bete dadin eta garraio publikoa duina izatea nahi bada, langileen baldintzak hobetzea ezinbestekoa da. Autobusak egoera egokian egon behar dira, langile eta erabiltzaile guztion segururtasuna bermatu dadin.

Ezinbestekoa iruditzen zaigu gure mugikortasun eredua iraultzea eta horretarako, garraio publikoa duina izatea. Horregatik, gure aldarriak eskualdeko garraioren bueltako erabakiak hartzen diren guneetara eraman nahi ditugu, eskualdeko gazteon eskariak aplikatu eta garraio duina lortzeko helburuarekin.

Eskari hau ez dator edozein testuingurutan, sinetsita gaude, garraio publikoak egun herri eta gizarte bezala ditugun beharrei erantzun behar diela eta inoiz baino garrantzitsuagoa dela garraio duina izatea. Izan ere, garraio publikoa erabiltzearen aldeko kultura sustatu behar da, aldaketa klimatikoa eta krisi sozioekologikoak ezinbestean behartuta. Co2 emisioak murrizteko ezinbestekoa da kotxearen erabilera murriztea eta gaur egun dugun garraio publikoak eskatzen duen zerbitzua ez da nahikoa ibilgailu pribatua alde batera uzteko.

Beraz, beharrezkoa da garraio publikoa zerbitzu moduan indartzea eta guztiontzako eskuragarria izan dadin doakotasuna bermatzea, trantsizio ekologiko justua bideratu ahal izateko.

Klima aldaketaren afera ez da kontu isolatu bat, kapitalismoaren izaera estrukturalaren ondorio baizik. Klima aldaketa eta sistema kapitalistaren garapena eskutik lotuta doazela ulertzen baitugu. Klima larrialdiarena gazteon bizitzak zeharkatzen duen afera bat besterik ez da.

Gazteok arriskuan gaude. Gure belaunaldiak ez du krisia ez den beste egoerarik ezagutu. Izan ere, azken hamarkadetan mendebaldeko gizartea gidatu duen sistema neoliberalaren agorpena ematen ari den garaian hazi eta hezi izan garen belaunaldia gara. Kapitalak etekin metaketari eusteko, krisi egoera betikotzen duen berregokitzea burutzen ari da. Horren baitan, geroz eta bortitzagoa bihurtzen ari delarik bizitza eta kapitalaren arteko talka.Horrek, gazteongan forma berezitua hartzen du. Izan ere, gazteria kategoria sozial gisa existitzen denetik, ezinbesteko funtzioa bete izan du sistemaren erreprodukzioaren logikan.

Hori horrela, krisi orokortu une honetan, non kapitalaren etekin metaketari eusteko gizarte sektoreak geroz eta gehiago prekarizatuak izaten ari diren, gazteok hori are modu nabarmenago batean bizi dugu. Lan eremuan esplotatuenetarikoak gara, hogeita hamar urte bete aurretik emantzipatzea amets hutsa besterik ez da eta ezin dugu era duinean ikasi. Esan beharrik ez dago alderik alde zeharkatzen gaituzten krisiek gure osasun mentalean duen eragina.

Gazteon bizitzak prekarioak izatera kondenatzen gaituztenek isilik nahi gaituzte, gelditik eta sumiso. Gure bizitzak etengabe arriskuan jartzen dituztenen aurrean izango gara, garraio publiko duina lortzetik, gazteontzako bizi baldintza duin eta bizigarriak lortzeraino.

Garraio publiko duina orain.
Gazteontzako bizitza duinak.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen