Elena Torregaray historialariak ireki du X. Arrasateko Iragana Astintzen hitzaldi zikloa. Esteban de Garibay historialari arrasatearrak bere burua “de nación cántabro” bezala aurkezten zuen, zergatik?
Aurtengo lehen hitzaldia Elena Torregarayk eman zuen aurreko asteazkenean, Antzinako Historian irakasle UPVn, besteak beste.
Historialari donostiarrak baloratu egin zuen Arrasate Zientzia Elkarteak 10. urtez halako hitzaldi ziklo bat antolatzea.
Elena Torregarayk azaldu du Garibayren obra ezagunena ‘Compendio historial…’ deitzen dela, eta liburuaren hasieran bere burua “de nación cántabro” bezala aurkezten duela. Zergatik?
Ildo horretan, kontuan izan behar da Gipuzkoako armarriak dioena: ‘Fidelissima Bardulia nunquam superata’, eta esaldi hori honela itzul daiteke: ‘Bardulia oso fidela inoiz ez garaitua’.
Garibayk latina jakin bazekien eta “autore klasikoen obrak jatorrizko hizkuntzan irakurtzen zituen”. “Hortaz gain, frantsez eta italieraz ere irakurtzen zuen, gaztelera eta euskara egiteaz gain”.
Orduko ikasketez gain, “autodidakta zen”, eta “Espainiaren” historia orokorra idaztea erabaki zuen. Agiriak irakurtzeaz gain, “Espainian eta Portugalen bidaiatzen hasi zen” eta “orduan ohikoa zen bezala, artxibategian interesgarriak iruditzen zitzaizkion agiriak bere etxera eraman zituen”.
Testuinguru hartan, XVI. mendeko espainiar inperioko agintaritzak, Europako beste estatuek bezala, “historia nazionala idatzi nahi zuen”.
Garibayk “Frantziatik eta Italiatik ikasi zuen, testu zaharrak irakurri behar zituela eta objektuak (batez ere agiriak Garibayren kasuan) aurkitu eta bildu behar zituela”.
‘Compendio historial…’ obrarekin nahi zuen “Espainiako” historia idaztea, eta “identitate nazional bat sortzea”. “Historialari hauek asmo zuten Espainia aintzina”, “garai biblikoetan”, sortu zela adieraztea.
Obra horretan “badira egiak eta baita gaur egun faltsutzat onartzen direnak ere”. Mendeetan zehar “berak adierazitakoa ez zen zalantzan jarri”.
“Euskal Herriko antzinatasunaren inguruko agiririk ez zegoen, agiri idatzirik. Arkeologia bere hastapenetan zegoen baina Garibayri ez zitzaion interesatzen”.
Gainera, garai hartan “Euskal Herrian zenbait mugarri, estela,… baino ez ziren aurkitzen”. “Garibayk ondorioztatu zuen Euskal Herrian ez zela aintzinaterik izan, hau da, hemen ez zela erromatarrik izan”.
Hala ere, “berak autore klasikoak oso ondo ezagutzen zituen: Salustio eta Tito Livio historialariak, esaterako”. “Liburu horietan jasotzen zen erromatarrak Euskal Herrian izan zirela, beraz hor kontraesan bat zegoen”.
Bere ibilbidean “Biblia erabili zuen, tubalismo izeneko korrontearen bitartez”. Tubal Noeren semea zen, betiere Bibliaren arabera. Garibayren arabera, “Tubal Espainiara etorri zen eta kantabroekin bizitzera joan zen”.
Horrela frogatu gura izan zuen “lehen espainolak kantabroen mendietan egongo zirela, baina kantabro horiek Euskal Herriko mendikoak zirela”.
Hau da, Elena Torregarayk azaldu zuenez, Garibayren hitzetan Tubal “Espainiara etorri zen, Espainia sortzeko, Euskal Herrian geratu zen, eta Euskal Herritik Espainia sortzen du”.
Horren arabera, “lehen espainolak, benetakoak, euskaldunak” lirateke. “Baina Garibayk ‘kantabro’ deitzen zien. Horretarako vasco-cantabrismoaren hipotesia egin zuen”.
“Garibayk nahastu zituen kantabroak, baskoiak eta euskaldunak edo baskoak. Zergatik tematu zen horretan?”.
Erromatarren arabera Penintsulan erresistitu ziren “bakarrak kantabroak izan zirela. Bere ezagutzen arabera, Euskal Herrian erromatarren aztarnarik ez zegoenez, errisistentziaren ondorioz, euskaldunen arbasoak kantabroak izan ziren”.
Zergatik aldarrikatzen zuen hori Garibayk XVI. mendean? “Orduko ikuspuntuaren arabera, berak eta Euskal Herriko probintzia ezberdinek partikularismoa defendatzen zuten, hau da, pribilejioak” “Gaztelako koroan”. Hau da, “Garibayk Espainiarako historia bat idatzi zuen, euskaldunei leku pribilejiatu bat ematen”.
XVIII eta XIX. mendeetan, foruen aurkako gatazkaren inguruan, “autore askok vasco-cantabrismoaren tesia erabili zuten”, baina “zuzen zeuden kantabroak eta baskoiak ezberdintzen zituztenak”.
XX. mendean “irakurketa kritikoa egiten hasi zen eta aurkikuntza arkeologiko gehiago lortu ziren”. Garibayk “erromatarren nahasketa bati jarraipena eman zion”. “Akatsa edo errore interesatua ez zegoen historialarien testuetan, baizik eta erromatarren poeten eta satiristen testuetan”.
Izan ere, literatura sortzailea hauek “benetako gerretako egoera batzuk aprobetxatzen zituzten euren testuei dramatismo gehiago emateko, errealitatea deskontestualizatuta, izenak beren nahiera erabilita,…”.
Baskoein inguruan idatzi zuten “kanibalak zirela”, “basatiak” eta “ez zituzten ia gizakitzat hartzen”. Silio Italico poetak esaterako “bigarren gerrate punikoa nahita nahastu egin zuen baskoien Kalahorrako gosetearekin eta kantabriar gerrarekin”.
“Ondorioz, katabriar eta baskoien herriak berdinak zirenaren ustea zabaldu zen”. Oker hori “testu literarioetatik testu historikoetara pasatu zuen, eta Garibayk hori jaso zuen. Nahasketa mantendu zuen”.