“Garibay eta Viteriren eskolek Arrasateren garapenean eragin handia izan zuten”

0
716

‘Arrasateko seme kuttunak, Esteban de Garibay eta Pedro de Viteri’ bisita gidatua egin da, Ugutz Basauri Gamboaren eskutik. Gidariak azpimarratu du bi pertsona historikoen artean, 3 mendeko tartea izan arren, “lotura handia dela”.

‘Ezagutu Arrasate’ ekimena martxan dago, Arrasateko Udalaren eta Debagoieneko Mankomunitatearen eskutik.

Horrela, ‘Arrasateko seme kuttunak, Esteban de Garibay eta Pedro de Viteri’ bisita gidatua egin da gaur goizean, Ugutz Basauri Gamboak gidaturik.

Bi arrasatear historiko hauek garai ezberdinetan bizi izan ziren, euren bizitzen artean 3 mendeko aldea izan zen, baina “euren arteko erlazioa uste baino handiagoa da”.

“Esteban de Garibayren garaian (XVI. mendean) gerlari asko zeuden, baina berak luma baliatzen zuen, bai historiaz idazteko, baita transmisore gisa ere”.

“Gazteleraz askotan idatzi zuen baina baita euskaraz ere, euskaltzalea baitzen. Horrela, Arrasateko historia ugari jaso zituen, eta bertako eskola sustatu zuen”.

Esteban de Garibayk Gaztelako erregeen lehen konpendeioa egin zuen, eta “Anbereseraino joan zen orduko argitaletxe punta-puntakoenera, Cristobal Plantinoren argitaletxera”.

“Arrasatearra saiatu zen Gipuzkoatik eta erregeen aldetik dirua lortzen, baina azkenean bere poltsikotik ordaindu behar izan zuen lana, diru barik geratu zen”.

Hala ere, “bere hemengo garaikide batek, Juan de Araoz-ek, Ameriketan dirutza lortua zuena, lagundu egin zuen. Bere arrebarekin ezkondu zen eta San Frantziskon (egun Kulturate dagoen tokian) eskola bat sortu zuen”.

Bertatik oso hurbil, baina 3 mendeko aldearekin, Pedro de Viterik “lehenbiziko eskola laiko, misto, zabal eta hezkuntza modernokoak ireki zituen”.

Horrek “talka egin zuen orduko” gizarteko sektore batzuekin, eta 1936 estatu kolpearen ondorioz eskola publikoak “gainbeheran joan ziren”.

Horrek guztiorrek erakusten du “Hezkuntzaren eskutik, eta altzairuaz baliaturik, Arrasateko formazioa oso ona izan dela. Hezkuntzak bi pertsona historiko elkartzen ditu, eta Arrasateren garapenean eragin handia izan zuen”.

Pedro de Viteryk dirutza handia lortu zuen Ameriketan, eta ondoren “Arrasaten inbertsio handia egin zuen, baita Euskal Herri osoan ere, hainbat eskola zabalduz”.

Hori “Jose Maria Arizmendiarrietaren ekimenaren hazietakotzat har daiteke, izan ere, 1943an Biteriko eraikuntza baliatu zuen esperientzia kooperatiboaren oinarrietako bat jarriz”.

Izan ere, “aitzindariak ez dira hutsetik hasten, aurrekoen lekuko txikia jasotzen dute, eta lotura hori handia da Esteban de Garibay eta Pedro de Viteriren artean”.

Ondorioz, “arrasatearrak oso pozik egon daitezke bertako historiarekin, historiak beti argi-ilunak dituen arren. Historia horren emaitzetako bat da egungo Mondragon Unibertsitatea, prestigiodun unibertsitatea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen