Lanak Goitu Eraikuntzak enpresak egingo ditu, 474.448,53 euroko aurrekontuarekin.
Gaur goizean Iturbideko egoitzan egindako prentsaurrekoan jakitera eman denez, Udalak otsailaren 28an ekingo die Garibai etorbidean eguneko arretarako zentroa eraikitzeko lanei. Goitu Eraikuntzak SL enpresa arduratuko da lanak egiteaz, lehiaketa publikoan emaitzarik onena lortu ondoren. Obrak aurrekontu hau izango du: 474.448,53 euro, eta 6 hilabete eta erdi inguruko iraupena izatea aurreikusten da.
Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu duenez, eguneko arreta-zentroak “aurrera egiten eta herritarren ongizatean gehiago sakontzen lagunduko du. Gure helburua da zerbitzu berri hau herritarren eskura jartzea 2022rako. Halaber, arreta-zentro berriak erabiltzaile bakoitzaren arreta-premia espezifikoei lotutako laguntza eskainiko du”.
Une oro, helburua honako hau da: arriskuan edo mendetasun-egoeran dauden adinekoen autonomiari eusten laguntzea, haien iraunkortasuna eta sozializazioa bultzatzea.
Zerbitzuak gehienez 12 pertsonako arreta-edukiera izango du unitate bakoitzeko. Helburua da adineko pertsona zaurgarrien autonomiari eustea. Baita beste aukera bat eskaintzea harremanak behar dituzten eta normalean bakarrik edo lan egiten duten senideekin bizi diren adineko autonomoei. Eta aldi berean, adinekoentzako harrera-, aisialdi- eta bizikidetza-zerbitzu bat eskaintzea, prebentzio-jarduerekin, arreta pertsonalizatuekin eta jolas-jarduerekin, oinarrizko helburua bizi-kalitatea izanik.
Horrela, Garibai etorbideko 1 zenbakian beheko solairuko lokal bat egokituko du Udalak. Ondorengo zerbitzuak hartuko ditu: bulegoa, 2 komun irisgarri dutxarekin, erabilera anitzeko areto handi bat, atseden-gela, jangela, janaria prestatzeko gunea, langileria baliatzeko aldagela eta garbiketa-gela.




