Garazi eta Amaiur Barrena: “Euskaraz abestea ez da aukeraketa bat, barrutik ateratzen zaigun zerbait da”

0
6867

Argazkia: Amaiur eta Garazi Barrena 

Ahizpak dira, gazteak, eta musika etxetik jaso dute. Garazi eta Amaiur Barrena oholtza gainean gero eta sarriago ikusten dira, gitarra eta trikitixaren laguntzaz euskal musika jorratzen. Euskaraz abesten dute, naturaltasunez, eta publikoarekin konplizitate berezia sortzen dutela diote.

Nola hasi zenuten zuen ibilbidea musikan, ahizpak izanik?

Azkenean egia da txikitatik musika oso presente izan dugula gure etxean. Aita musikaria da, amarekin beti abestu izan dugu, amonarekin ere bai; orokorrean gure familian musika beti egon da oso presente. Txiki-txikitatik jo izan dut trikitixa, eta Garazi ere gitarrarekin hasi zen duela urte asko. Beti gustatu izan zaigu asko abestea. Biok batera jotzen hasi aurretik kontzertu batzuk eman genituen, baina gutxi.

Gogoratzen al duzue noiz erabaki zenuten elkarrekin serioago kantatzen hastea?

2025ean hasi ginen biok kontzertuak ematen. Lehenengo kontzertua uztailean jo genuen, baina egia da beti eduki dugula gogo hori, biok batera oholtzara igotzekoa.

Zein izan da zuen familiaren papera zuen bide musikal honetan?

Familia papera oso garrantzitsua izan da. Lehenengo galderan esan dugun bezala, txikitatik egon gara musikaz inguratuta. Aita musikako irakaslea da eta etxean beti abestu izan dugu denok. Esan daiteke musika oso barruan daukagula eta hortik ateratzen dela egiten duguna.

Zer esan nahi du zuentzat euskaraz kantatzeak?

Egia esan, ez dugu horretaz bereziki hitz egin; hasieratik horrela atera zaigun zerbait da eta naturaltasunez abesten dugu euskaraz. Gure egunerokotasunean euskaraz bizi gara, eta guretzat garrantzitsua da daukagun hori, euskara, musikan ere erabiltzea. Berezia da guretzat, gurea delako, eta uste dugu ez dela aukeraketa kontziente bat, baizik eta barrutik ateratzen zaigun zerbait.

Euskarak beste hizkuntza batzuek baino emozio desberdinak transmititzeko aukera ematen dizuela sentitzen al duzue?

Bai, esango genuke baietz. Euskarak ematen digu emozio batzuk sentitzeko eta adierazteko aukera berezi bat, azkenean gure barrutik ateratzen den zerbait delako. Euskaldunak gara, euskaraz bizi gara, eta horrek sortzen dizkigu barruan agian beste hizkuntza batean sentituko ez genituzkeen emozio batzuk.

Nola definituko zenukete zuen estilo musikala?

Gure bizitzako momentu honetan oraindik ez dugu gure sorkuntza propioa modu jarraituan plazaratu, beraz ez daukagu estilo zehatz eta koherente bat definituta. Momentuz euskal musika egiten dugu, batez ere bertsioak. Ez gara estilo jakin bat lantzen jarri, eta oraingoz hori da gure jarduna.

Zein artista edo taldek izan dute eragin handiena zuengan?

Txikitatik jaso izan dugu euskal musika, eta ez genuke esango artista bakar batek markatu gaituenik. Orokorrean euskal musikak eragin digu: Oskorritik hasi eta Hertzainakera, eta baita gaur egungo artistak ere, adibidez Olaia Inziarte. Euskal marko horretan sartzen diren artista askok izan dute eragina gugan.

Nola uztartzen dituzue tradizioa eta modernitatea zuen kantetan?

Momentuz bertsioak jotzen ditugunez, gure bizitzan zehar gustatu izan zaizkigun kantuak jotzea gustatzen zaigu, eta gure modura defendatzen ditugu oholtzan. Urteak atzera sortutako abestiak gaur egun gure erara jotzea modernizatzeko modu bat dela uste dugu.

Garazi, nola eragiten du gitarrak zuen kanten konposizioan?

Gitarra askatasun ikur bat da niretzat. Nire instrumentua tronpeta da, baina gitarrarekin abestu eta sortu dezaket. Barruan daukadana adierazteko balio dit: triste edo pozik nagoenean, edo maite dudan jendearekin partekatzeko. Konposatzeko ere oso naturala egiten zait; gitarra hartu eta ateratzen da.

Amaiur, trikitixak indar handia du euskal musikan: zer ekartzen dio zuen soinuari?

Nik uste dut trikitixak indar handiagoa ematen diola gure kontzertuei. Txikitatik jo dut eta gure soinuari beste energia eta kolore bat gehitzen diola sentitzen dut.

Nola lantzen dituzue gitarra eta trikitixaren arteko moldaketak elkar osatzeko?

Egia esan, askotan etxean hasten gara jotzen, akordeekin probak egiten, eta hortik ateratzen da. Tonuak egokitu eta elkarrekin doitzen ditugu. Nahiko modu naturalean ateratzen zaizkigu abestiak.

Zer sentitzen duzue elkarrekin zuzenean kantatzean?

Elkarrekin jotzea oso erraza da. Ez dugu beti denbora askorik entseguetarako, baina bizitza osoa elkarrekin jo izanak konexio berezi bat eman digu. Oholtzan konplizitate hori nabaritzen da eta plazer handia da.

Bereziki gogoratzen duzuen kontzerturik ba al dago?

Amaiur: Bai, niretzat bereziki gogoangarria da Antzuolan eman genuen lehenengo kontzertua. Giro polita sortu zen eta oso eroso sentitu nintzen oholtzan jotzen.

Nola erantzuten du publikoak euskarazko zuen musika entzutean?

Publikoak oso ondo erantzuten du. Asko eskertzen du abesti ezagunak jotzea, eta askotan gurekin batera abesten hasten dira; hori da gehien gustatzen zaiguna, konexio hori sortzea. Guretzat garrantzitsua da lehenengo gu eroso egotea oholtzan, guk gozatzen badugu hori transmititu egiten delako, eta publikoak nabaritu egiten du.Bi emakume gazte gitarra eta trikitixarekin oholtzan egotea ere erreferente izan daitekeela uste dugu, eta hori garrantzitsua da guretzat.

Andoni eta Asier Azkare anaiak luzatutako galdera:
Zenbat garagardo edan zenituen aurreko zapatuan?

Garazik bi, eta Amaiurrek lau.

Garazi eta Amaiur ahizpek hurrengo elkarrizketatuari luzatzen dioten galdera: Kontatu pasatutako anekdota bat

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen