Erik Cuevas entrenatzailearen taldea 12 eta 0 aurreratu da lehen zatian. Alabaina, Bera Berak alde murriztea lortu du, baina etxeko taldeak azken momentuan 29 eta 27 irabazi du.
Lehen lau argazkiak: ART.

Partidua baino lehen, eta klub zuri-moreak 50 urte betetzen dituenez, ohorezko sakea egin da, eta partidu honetan hori egiteko ohorea Aitziber Zumalde eta Maite Iturraran arrasatearrek izan dute.

Ez da denboraldi erraza gure taldearentzat, azken sailkatua eta sailkapenean puntu batekin zegoelako, gaur arte.

Gaur, baina, Donostiako taldearen aurka partidu bikaina jokatu dute, eta hala lehen zatian 12 eta 0 aurreratu dira, eta hala iritsi gara atsedenera.

Bigarren zatian ere gauzak ondo hasi dira etxekoentzat, entsegua lortu baitute, baina Bera Bera pizten hasi da eta eurek ere entsegua lortu dute.

Gainera donostiarrak markagailuan aurreratu dira (17 eta 20) eta aldea handitu dute (17 eta 27), baina Arrasate/Ordiziak ez du amore eman eta azken unean Sararen jaurtiketa sartu da, eta taldea 29 eta 27 irabazi du.

Entseguak lortu dituzte, besteak beste, Arrasateko Kattalinek eta Eiderrek, eta Ordiziako Maitek eta Itziarrek. Sarak jaurtiketen bidez ere puntuak lortu ditu, eta garaipena etxean geratu da.

Gaurkoa denboraldiko azken partidua izan da, eta gure taldea azken sailkatua izan bada ere, denboraldiko helburuak bete ditu, ARTtik azaldu duten bezala:

“Emaitzetatik harago joanda, azpimarratu beharra dago konbinatu gipuzkoarrak eman dituen aurrerapausoak, formazioa izan baita aurtengo ikasturterako finkatu duten helburu nagusia”. Beraz, zorionak Arrasate-Ordizia!









