Garaia eta Construcciones Amenábarren akordioaren inguruko adierazpenak [Elkarrekin Arrasateren testua]

0
1444

Elkarrekin Arrasate udal taldeak publikoki salatu eta bere desadostasuna helarazi nahi du udal gobernu taldeak (EAJ eta PSE alderdiez osaturik) Garaia S.Coop eta Construcciones Amenabarrekin parke teknologikoko inguruetan biribilgunea eraikitzeko sinatu nahi duen hitzarmenarekin. 

Hitzarmen honen sinadurarekin, Arrasateko udal gobernuak praktikan Garaia S.Coop enpresa pribatuari dagokion obra zatia finantzatzea nahi du, berriz ere ondasun publikoa eta arrasatear guztiena dena interes pribatuen azpian jazarriz. Biribilgune proiektuaren prozesuak argi utzi du zeintzuk diren udaletxe honetako gobernuaren lehentasun politikoak. Prozesu honen tramitea aurreko legealditik dator eta iada legealdi hortan udal hirigintza sailetik EAJ saiatu zen zuzenean Amenabarri 57.689 euro oparitzera urbanizazio hori burutzeko. Oposizioko indarrak izan ginen (Baleike eta EHBildu) kontuhartzaileari txosten bat eskatuz astakeria hura eragotzi zutenak. Txosten horrek gobernuaren Garaiarekiko oparia irregularra zela zioen, ilegala. Ez pozik horrekin, aurten trikimailu tekniko guztiak erabiltzen jarraitu dute ondasun publikoaren ezjabetzea burutu ahal izateko. Oraingoan “aurrekarin” bezala dator, honen itzulera baldintzatua izanik, itzuliko den bermatu gabe. 

Guzti hau aurrera eramateko erabiltzen dituzten argudioak garbi uzten dute udal gobernuan dauden alderdien ideologia. Hitzarmenean bertan Garaia eta Amenabar (ezjabetze publiko honetan beste onuradun handia) enpresa pribatuen interesak izkutatzen saiatzen dira, biribilgunea garatzearen interesatu eta onuradun nagusiak direla esatea saieztuz (Garaiaren instalazioetarako eta Amenabarrek etxebizitza askeen hirisgarritasun beharrak asetzera doa proiektua). Horren ordez, hitzarmenak errealitatea nahasten du ze bai Garaia eta baita Amenabar legez beharturik daude biribilgunea garatzera. Lotsagarria iruditzen zaigu arrasatear guztion ondasunaren interesetan jardun beharko lukeen instituzio batek hitzarmenaren erredakzioan Amenabar eskuzabal bezala uztea “prest dagoela… parte hartzeko” esanez. Ez da eskuzabaltasunez parte hartzen ari, legez behartuta baizik. Agian gobernu honi eskuzabala izan dena bera dela gogoratu beharko litzaioke (arrasatear guztion kontura, hori bai) Amenabarri dagokionez, etxebizitzak garatu behar dituen eremua birkalifikatu bait zitzaion 930.000 eurotako plusbalia enpresari eraginez. Eta baita azpimarratzea birkalifikatze hori etxebizitza askeak eraikitzeko izan zela babes ofizialeko etxebizitzetarako metro bakar bat erabili gabe, egin zitekeena bestalde. Guztiz jokabide esanguratsua gure udal gobernuaren aldetik. 

Horretaz gainera, hitzarmenean Garaiari laguntza ematea justifikatzen saiatzen dira honen finantza ezintasunak argudiatuz, guztiz nahasturik uzten gaituena kaudimen dexentea duen entitate honetan, ez da ahaztu behar bere kapital sozialaren baitan bazkide ahaltsuak dituela: Mondragon Fundazioa %36’56, Aldundia %27’56, SPRILUR %27’65 eta Arrasateko Udala %10 baino gutxiagorekin. Oraindik bitxiagoa iruditzen zaigu arrasatearrak izan beharra kontua ordaindu behar dutenak bazkide txikiena eta gaitasun ekonomiko baxuena dutelarik beste entitateen aurrean. 

Eta amaitzeko, hitzarmenak dio Amenabarrek etxebizitza promozioaren ondorioz Arrasateko udalarekiko 57.689’76 eurotako erantzukizun ekonomikoa duela. Ondorio hortara heltzeko egin diren kalkuluek zalantza eragiten digute, erantzukizun kopuru hori ateratzeko jardun ekonomikorako bideratutako lurzorua bezala kalkulatu delako eta guk dakigula, 

Amenabarren lurzorua erresidentzial irekia da. Azken hau bezala kalkulatuz, hasierako 57.689’76 euro hoiek 416.855’04 eurotan bukatuko lukete. Ez da gutxi.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen