Arrasateko parke teknologikora hurbildu ziren Arizmendi Ikastolaren Almen guneko 2. Batxilergoko Teknologia ibilbideko ikasleak, parkea eta komunitatea osatzen duten enpresa zein profesionalak bertatik bertara ezagutzera.
Argazkia: Garaia PT.
Neska-mutil hauek beraien ibilbide profesionala aukeratzeko une garrantzitsuan daude.
“Garaia Parke Teknologikoa erabakiak hartzeko eragile gisa ikusi dute, dauzkaten zalantzak, beldurrak elkar banatzeko eta hartu ditzaketen ibilbide eta sektore desberdinak errealitate batean ikusteko”.
Bisitan, gunearen egunerokotasuna ikusteaz gain, Komunitateko lau enpresa eta bertako profesionalak ezagutzeko aukera izan zuten”, horien artean:
Onenpro enpresako Mikel Hernando, Diseimedia enpresako Irune Mateo, Dualia enpresako Diego Ramirez eta Saiolan enpresako Eneko Odiaga.
“Garaiako parke teknologikoa bisitatzea erabaki genuenean, inguruko enpresetako profesionalekin hitz egitea, eta euren lan egoera ezagutzea zen. Bisita oso ongi egon da eta gure espektatibak bete dira”.
Ildo horretan, “bisitatik atera garenean, ikasle gehienok, etorri diren lau profesionaletako batekin identifikatuta sentitu dira – adierazi du Julen Pagalday ikasleak – eta hau da nire ustez, gauzarik onena, ikasleak euren etorkizuna zelakoa izango den aurreikustea”.
Irune Mateo, Diseimediako enpresako arduradunak holako ekimenak oso positiboak direla azpimarratu nahi izan du, ikasitako esperientziak eta irakaspenak partekatzeko aukera ematen dutelako.
Garaia “enpresa, gizartea, hezkuntza eta eragile publikoak batzen dituen espazioa da, eta bere sorkuntzan jasotako enkarguetariko bat, ezagutza partekatu eta eragile desberdinen arteko erlazioak, kontaktuak eta aukerak erraztea da”.
Atzoko topaketak, gainera, “ekar ditzake etorkizuneko aukera desberdinak: ekintzailetzako inspirazioak piztu, lanpostu aukerak gerturatu, tokiko aberastasuna balioan jarri, enpresen humanitatea ezagutu etabar… Debagoiena saretu eta egonkorrago bat eraikitzen joateko”.




