Irudiak eta beheko testua: Garaia Parke Teknologikoa.
Datorren abenduaren 17an egingo da Garaia Investors ekitaldia PTGaraian, eskualdeko ekintzailetza teknologikoa eta berritzailea sustatzeko hitzordu garrantzitsuenetako bat. Ekitaldi honek aukeratutako startup-ei aukera emango die beren proiektuak aurkezteko aditu-epaimahai baten, inbertitzaileen eta ekintzailetza-ekosistemako eragileen aurrean, lankidetza, garapen profesionala, ideien trukea eta enpresa-sare baten sorrera bultzatzen dituen giro batean.
Azaroaren 1etik aurrera, startupak ekitaldian izena emateko epea zabalduko da. Proiektuak ikusgarri jarri nahi dituzten ekintzaileentzat aukera paregabea da.
Azaroaren 17tik aurrera, berriz, aukera zabalduko zaie enpresetako ordezkariei, inbertitzaileei, finantza-erakundeei, profesionalei eta ekimen berritzaileak ezagutu, babestu, elkarlanean aritu edo inbertitu nahi dituzten pertsonei.
Ekitaldiaren helburu nagusiak:
- Parte hartzen duten startup-ei ikusgarritasuna ematea, ekintzaileei aukera eskainiz beren proiektuak inbertitzaile, enpresa, finantza-erakunde eta ekosistemako beste eragile garrantzitsu batzuen aurrean aurkezteko.
- Ekintzaileak eta inbertitzaileak konektatzea, sare bat sortuz iritz-itzulera (feedback) trukatzeko eta babestu, elkarlanean aritu edo inbertitzeko potentziala duten startupak ezagutzeko.
- Ikasketa eta garapen profesionalerako espazioa eskaintzea, beren startupa edo jarduera komertziala merkaturatzeko lehen urratsei aurre egiten ari direnei; potentzialeko kolaboratzaile, inbertitzaile, hornitzaile edo bezeroak erakartzeko gakoak eta argudio indartsuak ezagutzea.
- Debagoiena Euskadiko ekintzailetza-ekosistemaren erreferente gisa kokatzea, eta PTGaraiak proiektu berritzaileen garapenerako eskaintzen dituen aukerak eta baliabideak nabarmentzea.





