Garagartza Auzoko Batzordeak salatu du AHTren obrek Lezetxiki gertuko galeria suntsitzea

0
449

Testua: Garagartza auzoko batzordea. Argazkia: Lezetxikiren lagunak.

AHT eraikitzeko proiektuaren arduradunei:

Salatu nahi dugu Lezetxikiko aztarnategi arkeologikotik gertu dagoen galeriaren suntsiketa, AHTren obren ondorioz gertatua.

Goibeldu eta mindu egin gaitu jakiteak AHTren obrak galeria erortzea eragin duela eta ondorio larriak eragin dizkiola aztarnategi arkeologikoaren inguruari. Izan ere, 2022. urtean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatu zuen Lezetxikiko aztarnategia babes bereziko kultura ondasun, arkeologia eremuko kategorian, eta garrantzia handia du euskal historiaurrea ezagutzeko. Besteak beste, Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenak aurkitu dituzte bertan, orain dela 164.000 urtekoak.

Ondare hori altxor bat bezala zaindu behar dugu. AHTren lanek eragindako kaltea onartezina da, eta babestu eta zaindu behar ditugun balio eta arau kulturalen aurka doa.

Gipuzkoako Aldundiaren Kultura departamentuak dioenez, AHTren tunelaren obrak Lezetxiki dagoen barrunbe sistemaren mutur bati besterik ez dio eragin. Hori egia izango balitz ere, hau al da modua gure historia, ingurumena eta ondarea zaintzeko? Edo, helburu ekonomikoek dute lehentasuna guztiaren gainetik?

Ez da lehenengo aldia AHTren obrak ingurumenean kalteak sortzen dituena. Denak ez du balio.

Horren guztiaren aurrean, gure desadostasuna eta amorrua agertzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu berehalako neurriak hartzeko, gai honen inguruan zer gertatu den ikertu dezan, eta AHTren tunelaren obrak Jaurlaritzak berak babestutako eremuari egin dion kaltea zer-nolakoa den argitu dezan.

Aldi berean, eskerrak eman gura dizkiegu Lezetxikiren Lagunak taldeari eta inguruko espeleologia zaleei, desinformazio garai honetan argia ekartzeagatik eta egoeraren berri emateagatik AHTren obren inguruan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen