GALek Xabier Perez de Arenaza arrasatearra erail zuen. Bere arreba Yolandarekin izan gara, eta gogora ekarri du “hilketez gain, torturak, (oraindik) presoen kinka larriak,… izan direla”. Horren aurrean beharrezkoa da ardurak argitzea “baina horretarako gobernuek eta alderdi askok ez dute borondaterik”.
CIAk berretsi duenez, Felipe Gonzalez da GALeko X jauna delakoa. EH Bilduk Kongresuan ikerketa batzordea eratzea eskatu du, baina hori galarazi dute PSOE, Vox eta PPk.
Yolanda Perez de Arenaza arrasatearrak azpimarratu du “nire anaiaren aurkako erailketaz gain, beste hainbat ere izan zirela. Argi zegoen erailketa horien guztiek atzetik babes instituzional bat zutela, kasualitateak ez zirela”.
“Gu herritar eta familiakoak gisa, orduan prentsa irakurtzen genuenok egoeraz ohartzen ginen, eta jakin bagenekien hilketak argitzeko eta eteteko borondate politikorik ez zegoela. Guztiz kontrakoa”.
Horregatik, “argitu behar dira zer izan zen GAL, nola sortu zen, zergatik, zertarako eta nola amaitu zen. Izan ere, atxiloketa batzuk eta epaiketa batzuk izan ziren, baina espetxeratutakoak denbora laburrera indultatuak izan ziren”.
Kontuan hartzekoa da ministro bat espetxeratzeko arrazoia “oso larria izan behar duela, baina nire ustez inork ez zion arazoari heldu behar besteko seriotasunarekin. Batzuen eta besteen artean babestu ziren, dena lehenbailehen eztali nahi izan zuten, eta gauzak ez dira argitu”.
Ordutik espainiar gobernuek eta agintariek “ez dute horretarako borondate politikorik izan. PSOEk eta PPk Euskal Herriaren aurkako borroka zikina egin dute: GAL, Triple A, Batallon Vasco-español, torturak komisarietan, oraindik kartzeletako kinka larriak,…”.
CIAk oraintsu desklasifikaturiko agiriek gaurkotasunera itzuli dute GAL eta ‘X jauna’ delakoa: “Orduan adierazi zen Felipe Gonzalez izan zitekeela baina berehala eztali nahi izan zuten. Hala ere, iritzi publikoak argi ikusi zuen Gonzalez bera zela”.
Ordutik “bere inguruko alderdi politikoak ixilik geratu dira, eta zelanbait inplikatuta egon badaude. 40 urte igaro dira baina ez da ezer argitu, eta hori ez da soilik PPren eta PSOEren ardura: beste alderdi politiko batzuek zerbait egin ahal izan dutenean, ez dute egin”.
Aurrera begira “nire nahia da gai hau guztiz argitzea. Argitzen ez den bitartean, ezin da esan hau herri demokratikoa denik”.
Ordea, “herrialde bateko agintariek euren herritarren aurka erailketak erabiltzen dituztenean, eta oro har giza eskubideen aurkako zapalketa bortitzak erabiltzen dituztenean, herrialde hori ez da demokratikoa. Guztiz kontrakoa da”.
“Hori salatzekoa da bai herritarren aldetik, baita Kongresuan dauden beste alderdi politikoen aldetik ere”.
Zehazki, aste honetan PSOE, Vox eta PPk galarazi dute ikerketa-batzorde bat sortzea. “Gauza batek atentzioa deitu dit: garaian ere saiakera bat egin zen, eta boto gutxi batzuen aldeagatik ez zen ikerketa bat abiarazi. Aste honetan, ordea, boto gehiagorengatik ez da batzorde ikertzailea abiatu. Ondorioz, atzerapausoak ematen ari dira?”.
Horren harira, ondorengo galderak egitea beharrezko ikusten du: “zeini ematen zaio botoa? Zer-nolako herrialdea nahi dugu?”.
Euskal Herrian giza eskubideen zapalkuntzak “askotarikoak dira: preso ugarik urrunduta jarraitzen dute, nahiz eta honezkero kalean behar luketen eta euren eskubideen aldeko mila borroka egin; tortura kasu asko egon dira, baina ez dira argitu eta gainera salaketa izan arren, salatutakoa ministro izan daiteke,…”.
Horren guztiorren ondorioz, “ezin dugu esan gobernu eta herrialdi demokratikoak ditugunik. Sinetsi gura nuke aurrera egiteko borondatea dagoela, eta gobernu batzuek gauzak argitzeko ardura izango dutela. Hori lortuz gero, zapalkuntzak ahaztu ez arren, behintzat arazoa gaindituko genuke”.
Hala ere, “PPk PSOE Espainiako Gobernutik kendu nahi duenez, guretzako hain mingarria den hau guztiau euren probetxurako erabiltzen dute. Bitartean gu euren erritmora dantzan gaude, bai familiar bezala, baita oro har Herri bezala ere”.
Adibidez, 25 urte dira Lasa eta Zabalaren senideen eta hurbilekoen aurka Ertzaintzak kargatu zuenetik, Tolosako hilerrian. “Hori ez zen Espainiako Gobernuaren erabakia izan, hori Eusko Jaurlaritzak agindu zuen. Hori guztiori garbitzen ez den bitartean, argi egongo da garai bortitzak gainditzeko borondaterik ez dagoela”.
“Garai bortitzek gure artean jarraitzen dute, eta bertan jarraituko dute gauzak argitzen ez diren bitartean. Hori Herriari zor diote Espainiako eta Euskadiko gobernuek. Horrela, Herriak aurrera egingo du une horiek gaindituz”.
“Nik ez dut nahi atzera begiratzea une latz haiek berriro bizitzeko, orain aurrera begiratu behar dugu, eta beharrezkoa da gertaturikoak argitzea, garbitzea eta gainditzea”. Laburbilduz, “euskal herritarren giza eskubideen aurkako delituak argitu behar dira, eta ardurak argitu daitezela. Nik gura dut berriro errepika ez daitezela”.