Gaizka Erañak Larraitz Trojaola ordeztuko du EH Bilduko zinegotzi gisa

0
2524
kargu hartze

Larraitz Trojaolak Udalean lanpostu bat lortu du, eta “ez dira bateragarriak lanpostu hori eta zinegotzi kargu hori”. Bere ordez, EH Bilduko zinegotzi bezala, Gaizka Eraña Arana jardungo du, besteak beste, Arizmendi Ikastolako irakasle.

Larraitz Trojaola Berezibar 2019ko Udal-hauteskundeetan zinegotzi aukeratua izan zen, EH Bilduren zerrendako 5. ordezkari bezala.

Ordutik zeregin ezberdinak bete ditu koalizioaren taldeko partaide gisa. Oraintsu, baina, Udalean lanpostu bat lortu du, eta EH Bilduko ordezkari Maider Morrasek azaldu digu “lanpostu hori eta zinegotzi postua legez bateragarriak ez direla”.

Kasu batean soilik jarraitu ahalko luke zinegotzi karguan, “jardunaldi osoz liberatuta egongo balitz, eta hori gaur egun ezinezkoa da”.

Horren ondorioz, EH Bilduk Larraitz Trojaola ordezkatuko duen zerrendakide bat aukeratu behar izan du. Horrela, hurrengo zerrendakidea Karmele Iparragirre Gandiaga da, baina adineko pertsona honek “hainbat mugimendu sozialetan diharduenez (tartean Arrasateko Pentsionisten Plataforman)” koalizioak beste pertsona bat bilatu behar izan du.

EH Bilduren hauteskunde-zerrendako ondorengo ordezkaria Gaizka Eraña Arana da. Arrasatear honek, besteak beste, “Arizmendi Ikastolan irakasle bezala dihardu, bertan komunikazio ardurak izan ditu besteak beste, eta iritzi-emaile da Goienan”.

Gaizka Erañak “jada EH Bilduko udal-taldearekin lanean, ikasten hasi da”, Maider Morrasek azaldu bezala. “Jarrera irekia azaldu du eta oso motibatuta dago. Oso pozik gaude berarekin”.

Baliteke Larraitz Trojaolaren kargu uztea eta Gaizka Erañaren kargu hartzea datozen udalbatzarretan egitea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen