Hasteko eta behin, Maritxu Kajoi jaia dela eta, herriko hainbat ostalarik eta Maritxu Kajoi Komisiñuak berak hartutako erabakia balioan jarri nahi genuke.
Ez zen erraza izango eurentzat arrasatearrok hainbeste maite dugun jaia bertan behera uztea eta zer esanik ez hilabetetan ateak itxita izan eta gero negozioa galtzeko prest dauden horientzat. Bihoa hemendik gure eskerrik beroena erakutsi duten jarrera eskuzabal eta arduratsuagatik.
Arrasateko udal gobernuak izan duen jokamoldea, berriz, kezkagarria iruditzen zaigu oso. Pedagogia egin beharrean, herritarrei zentzuz jokatzeko eskatu beharrean, jaia bertan behera utzi duen Maritxu Komisiñuaren erabakia publikoki indartu beharrean, euren negozioen jarduera mugatuko duten jatetxe, ostalari eta elkarte gastronomikoak txalotu beharrean… herria poliziaz betetzeko asmoa baino ez du erakutsi. Kontrolak, isun mehatxuak, debekuak… eta gainera asteburu osorako.
Bizitza hankaz gora jarri digun osasun arazo honetatik sano aterako bagara, komunitate gisa jokatu beharko dugu. Elkarrekiko konfiantza landuz eta irtenbidea denon esku dagoela ulertaraziz, besteak beste. Herritarrak krisiaren konponbidera erakarri behar ditugu, gazteak barne, egoera larriagotu izanaren errudun bihurtu ordez. Jazarpen polizialak, parkeak ixteak, herrirako sarrera mugatu edo debekatzeak ez dute osasun egoera hobetzen lagunduko, denok argi dugulako toki batean ez bada beste batean egin dezaketela parranda gazteek; gaur ez bada, bihar.
EH Bildutik osasun larrialdia hasi zenetik ari gara eskatzen Udal gobernuari herri mailako krisi mahai bat sor dezala, ordezkari politikoak eta agente sozialak elkarrekintzan arituz, politika publiko eraginkorrak martxan jar ditzagun. Gazteak neurri horien konplize egin behar ditugu, kriminalizazioaren bitartez arazoan sakontzea eta berriak sortzea baino ez baitugu lortuko.
Nortzuk dira zuen txaloak merezi dituzten ostalariak?Gainerakoek ikas dezaten…
Zuk jakingo dozu Ibon
Akaso ez da zure lana ??
Zoritxarrez ezer ez egiteak ere ez du ezer konpontzen, herritar batzuk eta tabernari beste batzuk arauak ez dituztelako betetzen. Eta udaltzainek parkeak ixtea eta sartu irtenak kontrolatzea pilaketak egon ez daitezen jazarpen polizialarekin konparatzea gehiegitxo da agian. Beste garai bateko diskurtsoa dirudi goikoak.
Bilduko honei herritarrak nola konbentziduko dabezan esatea falta izan jakie. Krisi Mahai magiko horrek gure burmuinengan eragin aldakor zuzentzailea ekarriko dauela uste badabe, esnatzea deukie.
Niretako Bilduk arrazoia dauko. Udal gobernuaren inakzioa kezkagarria da eta herriko agente sozialak elkartuta arazo hauei konponbidea emuteko ideiak sortu leizke. Ez dakit zergatik esaten dozun, Tximino, magiko. Arazoak konpontzen jartiia da kontua, mahai baten, edo beste modu baten. Baina hemen ez da ezer egiten. ETa Bilduk behintzat proposamen bat egin dau. Beste batzuk ezer ez. Arazoa igual zuek daukatzue, ezertan sinisten ez dozuenok. A, eta udaltzainak aspaldi dabitz gazteak agobiatzen, jazarpenera hurbiltzen dan mailan.
Baina Bilduk babesa emango die udaltzainei ezta Edurne?
Berriro: ostalari eredugarri horiek nortzuk dira?
Lehenengoko galderiandako erantzunik ez daukot. Eurei galdetu bihekotzezu, Bilduri. Eta, bigarrenaz, ba, ulertzen dot gaur zabaltzeko asmorik ez daukienak, edo bazkari-afaririk emungo ez dauienak diela ostalari eredugarrixak, zuk deitxu ditxuzun moduen. Emun bueltatxo bat kaletik eta zeuk konprobau zeintzuk diezen.
Bueltatxo bat eman dut.Nik esango nuke ez dagoela ostalari eredugarririk. Bi metroko tartea ez da errespetatzen. Zein da eredugarritasunaren parametroa?
Ez dago herritar eredugarririk
Ez dago ostalari eredugarririk
Ez dago politiko eredugarririk
Ez dago gazte eredugarririk
Ez dago udaltzain eredugarririk
Eskerrak eredugarritasun parametrorik ez dagoala, ostantzien danak suspendidu!
Bizipoza muturren aurrien lapurtzen ari doskue!