“Ez izan Gabonetako egunen beldur” aholkatu dute Nahia Zeziaga eta Andrea Larrea nutrizionistek. Era berean, gomendatzen dute norberak bere buruari jartzea “helburu bat errealista, neurgarria, pertsonala eta malgua”.
Beheko bideoa eta goiko irudia: Kulturate.
Arrasateko Pertsona Nagusien Kontseiluak antolatuta, bi adituek hitzaldia eman zuten asteartean Kulturateko areto nagusian.
Hitzaldiaren helburua izan da “Gabonak era orokor batean lantzea, eta entzuleei erremintak ematea Gabonak hobeto kudeatzeko, nutrizioa hobetzeko”. Hona hemen bideoa bere osotasunean:
Hitzaldian nutrizionistek adierazi dute “Gabonak urte osoan bi aste direla”, eta sasoi honetarako zenbait errezeta gomendatu dituzte.
Azaldu dute askotan “kilokaloriei garrantzi handia eman zaiela kontuan hartu barik elikagai horiek pertsonoi aportatzen digutena. Egun argi geratu da askoz garrantzitsuagoa dela elikagaiaren kalitate nutrizionala kilokaloriak baino”.
“Noski, kilokaloriak ere kontuan hartu behar dira norberak oreka bat lortzeko, baina benetan garrantzitsuagoa da elikagaiak aportatzen diguna”.
Ordea, “elikagaien industria askotan saiatzen da osasungarria ez den bere produktu bat osasungarria dela guri sinestarazten”.
Horregatik nutrizionistek “supermerkatuetan produktuen etiketak ondo irakurtzeko ikertu behar izan dugu”.
Aditu hauek gomendatzen dute “Gabonetako egunen beldur ez izatea, norbere burua errudun sentitzen saihestea eta batez ere gozatzea. Kontuan hartu urte osoko sei egun direla”.
“Urtarrilaren 6an edo 7an errudun ez sentitzeko, Gabonei begirako helburu bat jar dezagun. Gakoa da helburu errealista, neurgarria, pertsonala eta malgua izatea”.
Eta Gabonetako menua aukera badezakezu “aukeratu zer eta zenbat erosi. Aukera daitezke berdura gehiago erostea, fruta postrean sartzea eta azukre gutxiagoko postreak”.
On Ekinek QR bat sortu du eta hitzaldian ezagutzera eman zuen, Gabonetarako errezeta bereziak gomendatuz:
Txokolate beltzezko bonboiak, ferrero osasungarriak, polboroiak, turroia, ananazko sorbetea, erremolatxa patea, ganbaz betetako piperrak, atun eta oliozpinduz betetako endibiak eta kalabazin biribilkiak.