Gaba Baltza ospatzeko egitarau zabala prestatu dute aurten ere Arrasaten. TTAK gazte taldeak, Ekin Emakumeak Elkarteak, Arrasateko Udal Ludotekak eta Gaztetxokoek eta Txatxilipurdi Elkarteak osatutako batzordeak hainbat jarduera antolatu ditu urriko azken asteetarako, herritarrek elkarrekin gozatu eta jai giroan parte hartzeko.
Udal Ludotekek urriaren 13tik 22ra bitartean ekintza bereziak eskainiko dizkiete erabiltzaileei. Besteak beste, fieltrozko panpinak sortzeko tailerrak, kandelagintza, ipuin-kontaketak eta udazkeneko produktuekin sukaldatzeko jarduerak egingo dituzte.
Gaztetxokoek, berriz, 12 urtetik gorako nerabeentzako Beldur Etxea antolatu dute urriaren 31rako eta azaroaren 1erako. Jarduera Tren Geltoki Zaharreko Gaztelekuan egingo da, eta gonbidapenak urriaren 29ra arte eskuratu ahal izango dira auzoetako gaztetxokoetan eta Tren Geltoki Zaharreko gaztetxokoan. Plazak mugatuak izango dira.
Ekin Emakumeak Elkarteak ere “Sortu zure Kukumarroa” tailerra antolatu du urriaren 22rako, 15 urtetik gorako herritarrentzat. Parte hartu nahi dutenek urriaren 21era arte eman dezakete izena, online galdetegia betez. Gainera, herritarrei etxean dituzten izarak, gortinak edo mahai-zapiak eramateko deia egin diete, urriaren 20an, 08:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Egitarauaren hitzordu nagusietako bat urriaren 30ean egingo den Arimen Biltzarra izango da. 18:30ean, Biterin elkartuko dira arimak, eta handik Monterronera abiatuko den kalejira egingo dute. Behin bertara iritsita, hainbat sorpresa izango dituzte zain.
Kalejiran herriko hainbat kultur eragilek parte hartuko dute: Doke antzerki eskolak, Arrasateko txistulariek, Goikobaluko Izartxo taldeak, Arrasateko trikitixa eskolak, Txikitxu Arrostaitz dantza taldeak eta Ttakun txalaparta taldeak.
Gaba Baltza batzordeko kideek herritarrak Arimen Biltzarrean kukumarroz edo baserritarrez jantzita parte hartzera gonbidatu dituzte, herria alaitu eta jai giroaz elkarrekin gozatzeko. Era berean, antolatutako jarduera guztietan parte hartzeko deia egin diete arrasatearrei.




