Areto futboleko Mondratek irekiko du asteburu honetan kirol jardunaldia. Arrasatearrak Portugaletera joango dira, eta bertan Jarrilleros taldearen aurka jokatuko dute Pando Aisia kiroldegian arratsaldeko 15:30ean.
Ordu berean, baina kasu honetan Oiartzunen, Mondrak bertako taldearen aurka jokatuko du Karla Lekuona futbol zelaian. Leintz Arizmendiko neskek, berriz, etxean jokatuko dute asteburu honetan. Partida igandean arratsaldeko 17:30ean jokatuko da Mojategin.
Errugbiari dagokionez, Kanpanzar Arrasateko mutilek Irungo Playaundi zelaian jokatuko dute larunbat honetan, arratsaldeko 16:00etan Zaisa Txingudiren aurka. Bestalde, Arrasate/Ordiziako neskek lokal bezala jokatuko dute asteburu honetan, baina Ordiziako Altamira zelaian, arratsaldeko 16:00etan. Aurrean Vithas Gaztedi izango dute.

Larunbatean arratsaldeko 16:00etan ere, eskubaloiko Mugarri-Ingou kantxaratuko da. Patxi Garciaren mutilek Urdaibai Isabelen aurka jokatuko dute Mundakako Isla Kale kiroldegian.
Saskibaloi taldeek ere asteburu honetan jokatuko dute. Mondragon Unibertsitateko neskek Tojuren aurka jokatuko dute larunbatean arratsaldeko 17:00etan Gasteizko Ibaiondo kiroldegian. Bestalde, Mondragon Unibertsitateko EBA Ligako mutilek Iturripen jokatuko dute igandean arratsaldeko 18:30ean Raisan Pas Pielagosen aurka.

Amaitzeko, igande goizean, Aretxabaletako Ibarra Kiroldegian, Arizmendiko bolibol taldeak bigarren astez jarraian jokatuko du Jatorkideren aurka. Baina oraingo honetan junior taldeari aurre egingo diote. Partida goizeko 11:00etan hasiko da.