“Forjagintzako teknika ezberdinak ikusteko aukera izango du ikusleak”

0
923

Irudiak: Sualai Forja

Santamasak igande honetan izango dira eta nekazari, abeltzain eta artisau ugari urteko azoka nagusirako prestaketa lanetan murgilduta daude.

Urtero bezala, Santamas Komisiñuak hainbat ekintza antolatu ditu azokaren baitan eta aurtengo berrikuntzetako bat, Aretxabaletako Sualai Forjako Iker Gabilondok eskainiko duen ikuskizuna izango da. Ofizioari eta igandeko ikuskizunari buruz aritu gara berarekin.

Nola, noiz eta zergatik hasi zinen Forjan?

Gaztetatik izan dut artisautzagatik ikusmina. Bere garaian, zeramika egiten hasi nintzen, gero, material birziklatuekin gauzak sortzera pasatu nintzen. Geroago, metalen mundua ikasten nenbilela, sutegiek eta burdinak atentzioa eman zidaten eta forjako teknikak eta metal hori maneiatzen ikasten hasi nintzen.

Guztia, dei bat bezalakoa izan zen, atentzioa eman zidan gauza bat zen eta hori egin behar nuela pentsatu nuen, saiatu behar nintzela.

Zer eratako lanak egiten dituzu gaur egun?

Gaur egun, Sualai izeneko tailerra daukat Aretxabaletan. Nire zerbitzuen bitartez, biztanleei haien helburuak lortzeko aukera ematen diet. Adibidez, zaharberritzeetan aritzen naiz, pieza zaharrak berreskuratzen eta konpontzen. Bestetik, pieza berriak sortzen ere egiten dut lan, norbaitek gauza pertsonalizatu bat nahi badu eta merkatuak ez badauka berak nahi duena, hori konpontzeko nago ni, pertsona horri bere ideia materializatzeko.

Forja dakien eta forjatik bizi den jende gutxi dago. Ofizio hau etorkizunean mantenduko dela uste duzu?

Lanbide zahar hau industriara eraldatu zen gurean, industriak errementariak bereganatu zituen. Hor hutsune handia egon da, adibidez, ni ikasteko estatuko beste probintzia batzuetara joan behar izan naiz. Bestetik, baditut hau erakutsi didaten maisuak, Valentzian, Galizian, Madrilen, Italian edo Frantzian eta handik eta hemendik, ahal izan ditudan jakintza guztiak hartu ditut eta gurera ekarri, ofizioa berreskuratzeko.

Lanbide honek, galtzeko joera dauka, baina esango nuke instituzioen aldetik zaintzen ez delako ere badela. Adibidez, arte eta ofizio eskolak ixten joan dira eta horrelako lanbide bat ikasteko aukerak mugatuak dira. Lehen hainbat lekutan zeuden ofizio eskolak baina orain beste leku batzuetatik mugitu behar da ikasteko.

Hala ere, lanbide gogor hauetan lan egiten dugunok, gustuko dugulako egiten dugu eta jendeari zerbait gustatzen zaionean horren bila joaten da eta ahal den esfortzu guztia egiten du. Horregatik badago ofizioaren birsortze bat, gazte batzuk interesatuta daude eta uste dut garai txarrena pasatu dugula.

Santamasetarako zer ikuskizun prestatu diguzu?

Azoketan artisautza bultzatzeko interesa dago eta Arrasateko Santamas azoka oso potentea da. Eskertzekoa da Udalak eta Komisiñuak izan duten interesa.

Nire kasuan, erakusketa txiki bat egingo dut eta goiza aurrera doan heinean, lan txiki batzuk egingo ditut, teknika ezberdinak ikusteko aukera izango du ikusleak, burdina luzatu, okertu edo zizelkatzen ariko naiz. Egiten dudan lanaren eredu txiki bat ikuteko aukera izango dute.

Amaitzeko jendea animatzen dut, bai Arrasaten eta bai beste herrietako azoketan parte hartzera eta disfrutatzera eta bertako produktuak kontsumitzera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen