Arrasateren kasuan, Iturripeko kanpusean (Loramendi, 4) izango da goizeko 10:00etatik aurrera.
Testua: FIRST LEGO League Euskadi
FIRST LEGO League Euskadi torneoaren finala martxoaren 4an egingo da, hiru egoitzatan aldi berean: Bilbon, Donostian eta Arrasaten. Euskadiko 42 ikastetxetako 128 ikasle-taldek hartuko dute parte hainbat egoitzatan izango den final horretan, berrikuntza-proiektu batekin, programatu duten robotarekin eta balioen erakustaldi batekin. Partaideen ia erdia, %47, neskak izan dira aurten. Horrez gain, 247 boluntario ere izango dira, hainbat eginkizunetan: epaile, arbitro, zientzialari, taldeen laguntzaileak edo floater… Dibertsioa ziurtatuta dago jende guztiarentzako moduko jardueren bidez.
Gazteen artean zientziarako eta teknologiarako bokazioak piztea helburu duen hezkuntza-programaren 14. edizioan 2.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte aurten, eta 6 hilabetetan aurtengo erronkari egin diote aurre: SUPERPOWERED, energia jasangarriaren etorkizuna sortzen. Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Deustuko Unibertsitatea, Donostia Sustapena eta Mondragon Unibertsitatea dira ekimenaren antolatzaileak.
FLL Arrasaten
Arrasateren kasuan, Euskal Autonomi Erkidegoko 15 ikastetxetik datozen 400 ikasle inguru bilduko duen erronka akademikoaren baitan 43 taldek hartuko dute parte ekitaldian, 25ek Challenge kategorian eta 18k Explore kategorian. FLL torneoan lehiatuko diren taldeek estatu mailako First Lego League finalera sailkatzea izango dute jokoan. Superpowered erronka medio, ikasleek beraien programa zientifikoan energia nondik datorren eta nola banatu, biltegiratu eta erabiltzen den aztertuko dute.
Ekitaldia Mondragon Unibertsitearen Iturripeko kanpusean (Loramendi, 4) izango da, larunbatean, goizeko 10:00etatik aurrera eta arratsaldeko 16:00rak arte. Sari banaketa 15:15ean izango da. Sei talde sailkatuko dira Espainiako finalerako. Martxoaren 25 eta 26an jokatuko da final hori Cartagenan, Murtzia.