First Lego Leagueren prestakuntza-programa Arrasaten ere egingo da

0
250

Hastear dago First Lego League Euskadi txapelketaren 15. edizioaren prestakuntza-programa, zein lehen aldiz egingo baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Prestakuntza-tailerrak irekiak izango dira EAEko eskola guztientzat, eta gaurtik urtarrilaren 24ra bitartean egingo dira. Txapelketa martxoaren 2an izango da, eta aldi berean egingo da Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen.

Beheko testua: First Lego League Euskadi. Argazkia: MB artxiboa.

Gaurtik urtarrilaren 25era arte, FIRST LEGO League Euskadiren hamabosgarren edizioaren barruan, Euskadin Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak prestakuntza (5 tailer online eta 7 bisita) eskainiko die EAEko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei, 9 eta 16 urte bitarteko gazteen artean, modu praktiko eta dibertigarrian, zientzia eta teknologiarako bokazioa sustatzeko. Ekimen hau mundu osoan egiten da, eta aurten, 110 herrialdetako 679.000 ikaslek (haietatik 2.000 EAEkoak) hartuko dute parte MASTERPIECE izeneko erronka tematikoan. Taldeek gainerakoekin partekatu nahi duten zaletasun bat identifikatu beharko dute, eta, horretarako, teknologia eta sormena erabili beharko dituzte. Besteak beste, arteekin lan egiten duten pertsonak har ditzakete inspirazio-iturri gisa, sormenaren, komunikazioaren eta entretenimenduaren arloetako profesionalak baitira.

Aurten, hamabosgarren edizioa Innobasquek antolatzen du, Euskadin, Deustuko Unibertsitatearekin (Bilbo eta Donostia), Mondragon Unibertsitatearekin (Arrasate-Mondragon) eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin (Vitoria-Gasteiz) batera; EHUk aurten egin du bat ekitaldiarekin. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ere parte hartzen dute. Aipatutako lau erakunde horiek konpromiso bera partekatzen dute, zehazki, ikasleen artean ikasketa zientifiko-teknologikoetan eta haiei lotutako trebetasunetan interesa piztea: berrikuntza, esperimentazioa, pentsamendu kritikoa, lantaldea edo sormena. FLL Euskadi Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren STEAM Euskadi Estrategiaren barruan dago, eta bere helburua da ikasleen artean prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea.

Euskadi, Estatuko prestakuntza-tailer bakarra.

Azken hamabost urteotan, FIRST LEGO League STEAM Euskadiko Hezkuntzako (ingelesezko siglak: zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematikak) programa nagusi moduan finkatu da, eta horretan eragina dauka balio bereizle garrantzitsu honek: Euskadikoa estatu osoko prestakuntza-ziklo bakarra da.

Euskal enpresa, museo, antzoki eta unibertsitateei esker, ikasleek bertatik bertara ezagutuko dute edizio honetako erronkaren arloan aritzen diren aditu, ikertzaile, zientzialari eta teknologoen lana.

Bisitak egin ahal izango dituzte txapelketan parte hartzen duten ikastetxe guztiek, eta EAEko eskola guztiek har dezakete parte online tailerretan.

Adibidez, Bilbon, Arte Ederren Museoan eta Arriaga Antzokian bisitak antolatu dira, ikasleek zuzenean jakin dezaten nola antolatzen den erakusketa bat eta nolakoa den antzezlan baten taularatzea; Vitoria-Gasteizen, errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz, bidaia bat egingo da denboran zehar, Santa Maria Katedralaren historian mugarri izan diren gertaerak ezagutzeko. Donostian, Tabakaleran ikasleentzako bisita gidatu bat antolatuko da Máquinas de Ingenio. Jakintzen bidegurutzean erakusketan. Bertan, Euskadiko zientzia eta teknologia arloko ikerketa-zentroetan lan egin duten artisten lanak daude ikusgai, esaterako, exoeskeleto baten protesia eta cyborg diseinua. Ordiziako Goierri Eskolan, bi gela digital bisitatuko dira Mondragon Unibertsitatearen eskutik: bata gela sentsorizatua izango da, eta murgiltze-bistaratzea egin ahal izango da errealitate birtualeko betaurrekoak erabiliz; bestean, horma eta mahaiak interaktiboak dira.

Aurreko edizioan bezala, tailerren zikloa online egingo da. Parte-hartzaileek ikasiko dute, besteak beste, nola erabil daitezkeen teknologia aurreratuak (big data, errealitate birtuala edo adimen artifiziala) artelanak sortzeko (ElektrARTekin), nola inprimatu 3Dn material desberdinak erabiliz (BCMaterials-ekin) edo nola sortu edukia erraz errealitate birtualeko aretoetan, gamer estilo hutsean (Virtualware-rekin).

Guztira, 12 erakundek hartuko dute parte ezagutzaren transferentziako ekitaldi honetan: Basque BioDesign Center, Bexreal, BC Materials, Gasteizko Santa Maria Katedrala, ElektrART, Bilboko Arte Ederren Museoa, Mondragon Unibertsitatea, Tabakalera, Arriaga Antzokia, Deustuko Unibertsitatea, UPV/EHU eta Virtualware. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinazio-lana egingo du.

FIRST LEGO League Euskadi txapelketaren hamabosgarren edizioaren finala martxoaren 2an izango da, eta, aurten, lehenengo aldiz, lau egoitza izango ditu: Bilbo, Donostia, Arrasate, eta oraingoan, Vitoria-Gasteiz batu zaie. FIRST LEGO League Euskadiren aurreko edizioan EAEko 42 ikastetxetako 2.092 ikaslek hartu zuten parte.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen