Gaur, goizean First Lego League Euskadi-Mondragon txapelketaren finalaren aurkezpen ofiziala egin da Kulturaten. Finala otsailaren 22an izango da, Iturripe eraikinean. Maider Morras Arrasateko alkateak, Nekane Errasti Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko Ingeniaritzako koordinatzaile eta ikertzaileak, Maite Legarra Mondragon Korporazioko erakarpen eta talentu garapenaren arduradunak eta Nagore Lauroba ekitaldiko boluntarioak aurkeztu dute ekitaldia.
Lehiaketaren gai nagusia Itsas azpiko bizitza izango da ‘Sumerged‘, eta parte hartzaileek esplorazio ozeanikoarekin eta teknologiaren erabilerarekin lotutako erronkei aurre egin beharko diete. Lego piezekin robotak eraikiz eta programatuz. “Oso gai esanguratsua da, teknologia gure ozeanoen babesarekin eta ezagutzarekin lotzen baitu”, azpimarratu du Legarrak. Aurten, finalean 43 taldek hartuko dute parte, bi kategoriatan banatuta: Challengea 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzat (27 talde) eta Explore 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat (17 talde).
Maider Morrasek poztasuna adierazi du beste urte batez Arrasate izateagatik First Lego League-en Euskadiko finaleko egoitzetako bat. “Alde batetik, Arrasateko unibertsitate zein enpresa ezagutza balorean jartzen du, eta bestetik, teknologia talentuaren hiri bilakatzen du”. Gaineratu du, “lehiakortasunera mugatu beharrean, festa giroko eguna”
dela, eta “modu sortzaile eta dibertigarrian, teknologien eta berrikuntzen mundura sartzeko aukera” ematen diela gazteei.
Maite Legarrak hiru arrazoi azpimarratu ditu MONDRAGONen parte hartzearen inguruan: “Erantzukizun soziala lehenengo. Gizarte moduan zientzia eta teknologiako bokazioak gazteengan ikusarazteko eta lantzeko beharra dugu eta FLL-k horretarako testuingurua ematen digu. Bigarrena da kooperatibak kokatuta dauden inguruko hezkuntza zentroekin
harremana izateko aukera ematen digula. Estrategia global baten barruan ZTIM Hub proiektua dugu, Mondragon Unibertsitatearen bi fakultatek eta MONDRAGONeko kooperatibek sustatuta, bokazio horiek ikastetxeetara eramateko. Hirugarrena da MONDRAGONeko baloreek eta FLL-koek bat egiten dutela: talde lana sustatzea, inpaktu soziala bilatzea eta ikuspegi kritikoa izatea”.
Boluntarioen laguntza beharrezkoa
Urtero bezala, antolatzaileek deialdia egin dute ekitaldia behar bezala gauzatzen lagunduko duten boluntarioak biltzeko. Boluntarioek hainbat funtzio beteko dituzte, hala nola arbitroak, epaileak, lehiaketa-eremuetako arduradunak, zientzialariak edo floater-ak. “100 pertsona inguru behar ditugu bolondres, horregatik jai honetan boluntario parte hartzeko deialdia zabaltzen dugu”.
Nagore Laurobak, boluntario gisa hainbat ediziotan parte hartu duenak, ekitaldiaren garrantzia azpimarratu zuen “zientzia eta teknologiaren festa handi bat da, jai giroa egoten da eta ez da tentsioko lehiaketa bat. Ikasleak oso motibatuta sentitzen dira eta esperientzia aberasgarri batez gozatzen dute”. Horretarako, hemen izena eman ahal izango da.
Boluntarioen rolak
● Arbitro: Roboten jolasa kontrolatuko dut.
● Epaile: Taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko ditut.
● Floater: Lehiaketak irauten duen bitartean taldeei laguntza emango diet hitzordu
ezberdinetara garaiz iristen direla eta egun osoan ondo pasatzen dutela bermatzeko.
● Zientzialari: FLL Junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko ditut.
● Timekeeper & Scorekeeper: Mahai-jokoaren software-a eta partiden iraupena
kontrolatuko ditut.
● Eremuen arduradun (Field, PIT & Queue volunteer): Lehiaketaren eremuak
kontrolatuko ditut taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko.
Bigarren urtez, Open gunean irekiko da. “Aisialdirako gune bat da, espazio ireki bat txapelketara hurbiltzen diren guztiak parte hartzeko aukera dute. Gune hau Huheziko ikasleak eramango dute aurrera”.
Antolatzaileen babesaz gain, First Lego League Euskadi-Mondragonek Innobasque, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta EHU bezalako erakundeen babesa du, baita Mondragon Korporazioko hainbat kooperatibena ere, hala nola Ausolan, Danobatgroup, Erreka, Fagor Taldea, Ikerlan, Krean, Laboral Kutxa, LKS Next, Lortek eta Maier.
First Lego Leagueko finala gazteen artean zientziarekiko, teknologiarekiko, ingeniaritzarekiko eta matematikarekiko (STEM) interesa sustatzen duen hezkuntza ekitaldi bat da, eta Arrasateko hitzordua arrakasta handia izatea espero da, bai parte hartzeari dagokionez, bai giroari dagokionez.
Erronka Garbia proiektuaren barruan
Aurtengo berritasunetako bat da ekitaldia Erronka Garbia proiektuaren barruan egingo dela eta ekintza guztietan jasangarritasuna hartuko da kontuan. Horretarako, Erronka Garbiaren zigilua eskuratzeko lehiaketa sostengarria izan beharko da; material berrerabilgarriak erabiliz edo plastiko erabilera gutxituz.




