Txapeldunordea Iker Aizkorbe izan da, eta hirugarren Iurgi Inda. Artgazkik antolatutako txapelketa solidarioak ostiralean emango dio laguntza ekonomikoa Espainiako Erreketismo eta Osteomalazia Elkarteari.
Artgazki elkarte arrasatearrak antolaturik, ‘Udazkena Euskal Herrian’ lehiaketaren VI. edizioa jokatu berri da.

Argazki bikain ugari aurkeztu dira aurten ere, eta epaimahaikide lanetan Sergio Crespo eta Andoni Iñarra aritu dira.
Argazki txapelduna Felix Urrutiaren ‘Lizarrusti’ izan da, txapeldunordea Iker Aizkorberen ‘Dirudiena irudi’ eta hirugarren Iurgi Indaren ‘Elgetatik’. Zorionak hirurei eta parte-hartzaile denei!

Antolakuntzak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile denei “kausa on bati egindako ekarpenagatik”. Izan ere, aurten ere Artgazkiren txapelketa elkartasunezkoa izan da:
Jasotako diru laguntza guztia AERyOH elkarteari (Espainiako Erreketismo eta Osteomalazia Elkarteari) emango dio dohaintzan ostiral honetako ekitaldian, Kulturaten 19:00etan.
Hemen klikatuz lehiaketara aurkeztutako argazkiak ikus eta goza daitezke. “Zenbakitutako irudiak Arrasateko IbaiArte elkarteko dendetan inprimatu eta jarriko dituzte salgai – azaldu du Artgazkik – Argazki horiek saltzeagatik lortutako dirua AERYOH elkartearentzat izango da”.
Era berean, aipatzekoa da Kulturateko ‘klaustroetan’ bertan zabalik jarraitzen duela Artgazkiko lagunen ‘Arrasate 20/20’ erakusketa fotografikoa.