Familiak eta Intxorta 1937: “12 arrasatearrak ez ziren errekete edota soldadu faxistak, Gogorak bidegabekeria errepara dezala”

1
1340

Arrasateko 12 abertzale edota errepublikar behartu egin zituzten faxisten alde borrokatzera. Horietako zenbait lagun frontean hil zituzten. Gogora Institutuak 12 pertsona horiek “erreketeak edo boluntarioak balira bezala” aurkeztu ditu argitaratu dituen zerrenda batzuetan. Horrek samina eragin du euren senideen artean eta elkarte memorialistan. Horregatik “Gogorari exijitzen diogu ikerketa bat ireki dezala bidegabekeria hau errepara dezan”.

Argazki historikoak: Intxorta 1937.

Prentsaurrekoa gaur eguerdian egin da Kulturaten, eta Intxorta 1937 elkartearekin batera, lau arrasatearren familien ordezkariak izan dira.

Hain zuzen, ondoko errepresaliatuenak: Esteban Elorzarenak, Arrese Orbegozorenak, Ugalde Lizarralderenak eta Gregorio Orobengoarenak.

Intxorta 1937k prentsaurrekoan azaldu ditu faxistek pertsonen oinarrizko giza eskubideen aurka egindako hainbat eraso.

“Mussoliniri italiar faxistak giza talde handia ekarri zuen, baita hegazkin eta itsaspeko ugari ere. Laguntza oso handia izan zen Bigarren Errepublikaren aurka, espainiar matxinatuen alde”.

“Gogorako zerrendetan gutxienez 40 italiar faxisten fitxak daude. Alemaniarrei eta italiarrei dagozkien fitxa askotan, Gogora Institutuak ez du aipatzen hildakoen jatorria”.

“Nafar faxistak ere badaude, tartean ‘kunetero’ bat, hona borrokatzera etorri baino lehen, Nafarroan nafarrak erailtzen ibil zen. Bere fitxak argi erakusten du zertan zebilen”.

Beste kasu bat “Bilbon zegoen apaiz batena da, matxinatuen bandora pasatzear zela, bere lagunek hil zuten”.

“Nafarroan frankistek fronte matxinatuan hildakoak inskribatu zituzten jaungoikoagatik eta Espainiagatik, erorita hil ziren heroi gisa”.

“Oroibidea nafar plataformak ez ditu aipatzen, eta Euskal Autonomia Erkidegoan Gogorak sartu ditu fronte matxinatuaren hildakoen zerrendan”.

Horren aurrean, arrasatearren familiek eta Intxorta 1937k “salatu gura dugu irain egin zaiola gure memoriari, eta akats historiko larria dela gure eskuetara iritsi zaigun txosten luze, zehatz eta ondo dokumentatu bat irakurri eta gero”.

“Horren zertzelada batzuk baino ezin ditugu jorratu, baina gure asmoa da gai hori gizarteratzea, memoria taldeetara zein udaletara zabaltzea”.

Kontuan hartzekoa da Intxorta 1937 Kultur Elkarteak “ehunka lekukotasun jaso dituela 1986 urteaz geroztik, bai lehenbizi bizirik atera zirenenak (gudariak, milizianoak,…), bai hauen ondorengoen senideenak”.

Horretan “tokian tokikoa landuz, gure jakintza ere ekartzen dugu, zerrenda horretan agertzen denarekin bat ez badator ere”.

Intxorta 1937ren adierazpenak oinarritu dira, besteak beste, ‘Arrasate 1936-1956. Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ ikerketa liburuaren 2. edizioan.

“Hau beste argudio bat da Gogora Institutaren webgunean matxinatuen bandoan hildakoen zerrenda ezabatzea kontuan har dezazuen”.

“Zerrenda hori oinarrituta dago, eta hau larria da benetan, batez ere matxinoen ondorengoek (Fundación Popular delakoari buruz ari gara, PPk egindako fundazio bat alegia, eta denok dakigu PP nondik datorren) errekete edo boluntario gisa sartu dituzte pertsona batzuk, nahiz eta pertsona horiek errekete edota boluntario ez ziren izan”.

Areago, pertsona hauetako batzuek “kolpe militarrari aurre egin zioten, Arrasatekoak Amaiur Batailoian esaterako. Preso hartu zituzten eta ondoren behartu egin zituzten matxinoen bandoan borrokatzera”.

“Gogora Institutuak datuak hartu ditu gure liburuetatik, baina ez da gurekin egon. Ez ditu kontuan hartu memoria elkarteak, hau da, urte askotan familia askoren testigantzak jasotzen ibili direnak”.

“Testigantza horiei esker, hemen salatzen dugunaren adibideak dokumentatu ahal izan ditugu”.

Francisco Gastañares Elorza: “Union Cerrajerako langilea, Amaiur Batailoiko gudaria. 1936ko azaroaren 15eko nominan agertzen da, gudarien lehen nomina, Eusko Jaurlaritza eratu eta gero”. Arrasatear hau “ere azken nominan agertzen da, 1937ko ekainekoa. Bere zenbakia 69.037 da”.

“Francisco behartu egin zuten erreketeekin batera borroka lerrora, atxilo hartu ostean hil zen. Eta bere izena Arrasateko parrokiako plakan jarri zuten errekete balitz bezala, nahiz eta erreketea ez zen”.

Bere anaia, Juan Gastañares Elorza: “milizianoa, Dragones Batailoian ibili zen”.

Gregorio Orobengoa Ceciaga: Elma enpresako langilea. Ihes egin zuen Arrasatetik matxinoak sartu baino lehen, eta Amaiur Batailoiko gudari aritu zen hasieratik bukaera arte. Preso hartu zuten eta erreketeekin borrokatzera behartu zuten hil zen arte”.

Sabino Ortiz de Guzman Gallastegi: “Gudaria, Amaiur Batailoian ibili zen, eta hau ere behartu egin zuten matxituen kolpearen alde egitera, hil zen arte”.

Bere anaia Leoncio Ortiz de Guzman Gallastegi: “Amaiur Batailoikoa, eta matxinoek preso hartu ostean, ihes egin zuen eta berriro Errepubliaren alde borrokatu zuen lerroan. Gero bizi osorako erbesteratu zen”.

Carmelo Balanzategi Zubizarreta: “Gazte Sozialista Bateratuetakoa, Juventudes Socialistas Unificadas-ekoa. Dragones Batailoian borrokatu zuen, hasieratik Santanderren erori arte. Eurekin eramanazi zuten hil zen arte”.

“Badira beste pertsona batzuk (abertzaleak eta errepublianoak) sartuak izan direnak Gogora Institutuaren zerrenda horietan”, adibidez:

Ramon Ugalde Lizarralde: “Soldaduskara joateko deitu zuten, baserritik ihes egin zuen, eta hilabete batez gordeta izan ostean, etxera itzuli zen. Behartu egin zuten gerrara joatera, matxinatuekin batera, hil zen arte”.

Angel Etxebarria Berezibar eta Juan Arrese Orbegozo: “Juan errepublikanoa zen, eta biak ala biak ez ziren boluntarioak izan, behartuak baizik. Hauxa da bere senideek eta lekukoek esandakoa”.

Esteban Elorza Olalde: “Pertsona hau ere behartu egin zuten, abertzalea zen”.

Bere anaia Felix Elorza Olalde: “Oiartzunen fusilatu zuten, baina ez dago bere heriotza-agiririk epaitegian”.

“1939an faxistek Arrasateko parrokian plaka bat jartzea eta plakan pertsona hauen izen-abizenak jartzea, pertsona hauei egin zitzaien azken iraina izan zen”.

“Faxistek ondo baino hobeto zekiten pertsona hauek ez zirela faxistak eta frontera behartuta eraman zituztela. Zortzi pertsona hauen izenak plakan agertzen ziren:”

“Esteban Elorza Olalde, Francisco Gastañares Elorza, Gregorio Orobengoa Ceciaga, Sabino Ortiz de Guzman Gallastegi, Carmelo Balanzategi Zubizarreta, Ramon Ugalde Lizarralde, Angel Etxebarria Berezibar eta Juan Arrese Orbegozo”.

“955 arrasatearrek borrokatu zuten bi fronteetako lehen lerroan, 552 kolpe militarraren aurkako Erresistentzian, eta 403 matxino moduan edo matxinoekin”.

Azken hauen artean “250 gazte joan ziren kinto bezala matxinoen lerroetara matxinoen ideiekin ados egon barik”.

“Frogak eduki dauzkagu esateko Loiola San Ignazio erreketeekin borrokatzera behartu zituzten pertsona batzuek ihes egin zutela, kolpeari aurre egiten zioten lerroetara”.

“Hauen artean zenbait arrasatear: Felipe Barrutiabengoa Gastañaga (Amaiur Batailoira), Leoncio Ortiz de Guzman Gallastegi (Amaiur Batailoira), Ignacio Olazabal Larreategi eta Guillermo Juldain Sanz“.

Kontuan hartzekoa da goian aipatutako izen-abizenak “soilik arrasatearrei dagozkiela, hau da, Gogoraren zerrendan dauden 12 pertsona, matxinatuen bandokoak balira bezala, ez ziren matxinoak”.

Oro har, Euskal Herriko herri guztiak kontuan hartuz gero “ziur ehunka pertsona agertuko direla, benetan matxinoak izan ez ziren pertsona”.

Prentsaurrekoan goian aipatutako Ramon Ugalde Lizarralderen ondorengoetako batek, Anabel Ugalde Gorostizak ere testigantza eman du:

“Hemen nago aitari zor diodalako, berak zuen mina anaia hil zutelako behar ez zuen lekuan. Aipatutako Ramon Ugalde Lizarralde gure etxean ‘Erramun’ zen, gure aitaren anaia zaharragoa”.

“Nik hemen kontatuko dudana beste etxe batzuetan ere kontatuko zuten, urtarrilean 21 urte egin zituen, eta familiaren etxera etorri ziren soldadu joan behar zuela esanez”.

“Berak ez zuen nahi, eta beste lagun batekin batera biek ihes egin zuten. Sekula ez zen jakin non egon ziren, nik uste dut halamoduz ibiliko zirela hilabete batean galduta”.

“Azkenean gure familiaren etxera itzuli zen, eta hori eginda ez zuen besterik egin, soldadutzara joatea baino. Hori guztia 1938an izan zen”.

“Eraman zuten, euskaldun asko omen zeuden bere inguruan, eta tiroz hil egin zuten. Hau da, urtarrilean kinto bihurtu eta maiatzean zerraldo ekarri zuten”.

“Gure mina izan zen Gogorak zerrenda hauek atera zituenean, ikusi genuenean gure osaba ‘sublebado’ moduan. Eta horregatik hemen nago, pertsona horien guztien adibide moduan”.

Arrasateko parrokian frankistek jarritako plakan bere izena jarri zuten “eta uste dut plaka bitan apurtu zutela. Horrek gure aita poztu zuen”.

“Norbaitek esan zion bere anaiaren izena ere plakan zegoela, eta ni umea nintzen eta gogoan daukat erantzun ziola, bere onetik irtenda, ez zuela hor egon behar”.

“Gure etxean gai oso traumatikoa izan dela esango nuke. Gure aitak kontatzen zuen, baina arrebek-eta ez omen zuten askorik kontatzen. Gogorra”.

Intxorta 1937k gogorarazi du 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarrak zilegitasunez eratutako Errepublikako Gobernuaren aurkakoa izan zela.

“Emaitza hiru urtetako gatazka militar bat izan zen, eta bere garapena ezin da ulertu italiarrak, alemaniarrak eta errusiarrak kontuan hartu barik”.

“Garaipenaren ostean, estatuko instituzioen laguntzaz, ‘causa general’ delakoa egin zen: ikertu, zenbatu eta izendatu zituzten euren eroritakoak, garaileenak”.

“Galtzaileek, errepublikarrek, Errepublikaren orduko ideiak defendatu zituztenak, errudun deklaratuak izan ziren, atxilotuak, epaituak, fusilatuak edo espetxe zigor oso luzeetara zigortuak”.

“Bien bitartean, kolpisten aldekoek lanpostu garrantzitsuak izan zituzten, ondo ordainduak, eta bestelako pribilejioak, adibidez estankoetako kontzesioak”.

“Euren izenak elizetako hormetan goraipatu zituzten, baita udaletxeetan ere, 40 urtez. Beraz eurek izan zuten euren egia, justizia eta erreparazioa”.

“Eta galtzaileek? Ezta euren ondorengook ere, ez dugu ezagutu oraindik gertatutakoaren inguruko benetako ikerketarik. Francoren heriotzak ez zuen egoera aldatu”.

“Amnistiaren Legeak jarraitzen du gainditu ezinezko horma bat, galarazten ditu frankismoak egindako krimen guztiak ikertzea eta argitzea”.

“Guardia zibilaren eta poliziaren artxibategiak itxita jarraitzen dute, eta beste artxibategietara sartzea nahiko zaila da”.

“Gure senideek desagerraraziak jarraitzen dute, ezin dira parekatu kolpe militarraren aurka erresistitu zutenak eta askatasun horiek zapaltzearen alde hil zutenak”.

Izan ere, “batzuek zilegizko demokraziaren alde hil ziren, eta besteek orduko demokraziaren aurka borrokatu zuten”.

“Eta zer esan soldadutzara joatera behartu zituzten pertsonetaz, eta eurekin bat ez zetozen ideien alde borrokatzera behar zituzten pertsonetaz?”.

Horregatik guztiagatik “Gogorari exijitzen diogu ikerketa bat ireki dezala bidegabekeria hau errepara dezan”.

Halaber, exijitu du institutuak argitaratutako biktimen zerrendetatik erretiratzea erreketeen, pilotu nazien eta faxista italiarren izenak.

‘Arrasate 1936-1956. Gerra, Erresistentzia eta Frankismoa’ liburua

Gogorak argitaratutako zerrendak

Iruzkin 1

  1. Zorionik beroenak Intxorta taldekoei, eta batez ere Garai Bengoari egin eta egiten diharduten lan eskergagatik. Bihotzez esker mila

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen