Falangeko Etxegintzaren adibide bat Arrasaten: Grupo San Juan [Testua: Ramon Ugalde]

3
1736

Urte asko ez dela kendu zituzten Falangeren sinboloak dintel horretatik: geziak eta uztarria.

Lantxo hau gure ondare arkitektonikoa eta urbanistikoa hobeto ulertzeko saiotxo bat da. Izan ere, jarduera arkitektonikoa leku eta denbora zehatz batean egiten da. Eta hala gertatzen da Grupo General Mola eta Grupo San Juanekin ere, lekuko eta adibide interesgarriak dira garai bateko egoera historikoa ulertzeko. Etxe multzo bien arkitektoa Ramon Martiarena izan zen. Grupo General Mola zaharragoa da baina “etxegintza falangistaren” ezaugarriak hobeto betetzen ditu San Juanek.

Aldi honetako etxe multzoei horrelako izenak jartzen zizkieten: Edo santu edo ama birjina batenak edo Francoren Erregimenarekin lotura handia zeukaten militar edo martiriekin. Mola izan zen altxamendu militarraren zuzendarietako bat, eta Arrasateko konkista militarraren erantzule eta etxe multzo bati eta Portaloiari bere izena jarri zioten.

Funtsean esango nuke Gerra Zibila irabazi zutenen jardun urbanistikoaren emaitza arketipokoa dela. Gerra zibila irabazi zutenen artean zeuden kontradikzioak ere atzeman daitezke bertan. Aldi honetako arkitektura ikertu duten gehienek onartzen dute orokorrean “modernitate” delakoa ez zegoela begi onez ikusita. Behintzat hasierako urteetan, baina harrigarria da Aprendizes eraikinarekin egin zutena: manposteriazko etxetzar handi hartan egin zuten moldaketa adreiluzko erlaitza zabal batekin errematatu eta leiho bertikal eta zabalak ireki. Baina beti daude araua apurtzen duen salbuespenak . Gerra frontetik nahiko aparte egon zenez Arrasatek ez zuen hondamen handirik jasan bere eraikinetan.

Plazak eta erdi puntuko arkupeak Falangeko arkitektoek zuzenduriko aldi honetako etxe multzo gehienetan agertuko zaizkigu eta noski, baita Grupo San Juanen ere.

Falangearen ideologoek uste zuten langileen etxebizitzak nolabaiteko antolaketa hierarkiakoa izan behar zutela, blokeekin multzoak osatu behar zirela, plazatxoak, eta horrela langileak hobeto integratuko zirela nazio espainiarrean eta aldendu egingo zirela ezkerreko ideologietatik. Etxeak ere familiako bizitza “sano” eta “alaia” eramateko modukoak izan beharko ziren. Esan behar da Gerra Zibilaren irabazleen artean ere bazegoela langile klasea “salbatzeko” eta “duintzeko” programa bat. Hori bai, iraultza sozialik egin gabe eta hierarkiak mantenduz. Edo iraultza egitekotan iraultza nazional sindikalista.

Arrasateko udaletxeko artxiboan dago Grupo San Juaneko espedientea eta bertako dokumentazioan azaltzen da etxeak egiten ari direla “Por Dios, por España y su Revolución Nacional-Sindicalista”.

Kontzeptu hauek azaltzeak tarte handia eskatzen du baina kontuan hartu behar da Gerra Zibilaren osteko lehenengo urteetan estatu berriak hartu zuela funtsean bizitza ekonomikoaren zuzendaritza, eta neurri handi batean etxegintzarena ere bai. Horregatik, aldi honetako etxe multzoek antzerako estilo bat daukatela. Nazional Sindikalismoa izan ziren gerrako irabazleen artean nagusitu zen ideologia.

Bestalde esan behar da arkitektoen artean ez zela egon aparteko “depuraziorik”, hau da Errepublikaren garaian lanean ari ziren arkitekto gehienek lanean jarraitu zuten errejimen berriarekin ere.

Grupo San Juaneko multzoa diseinatu zuen arkitektoa Ramon Martiarena Laskurain donostiarra izan zen. Bere anaia Ascensio Martiarena pintore ospetsua zen eta gerra denboran Iparraldera pasatu zen, badirudi ANVko kidea izateagatik jazarria izan zela, irakasle lanpostua kendu zioten Donostiako eskola batean eta 5000 pztako isuna ordain arazi. Dirudienez Ramonek ez zuen arazorik izan agintari berriekin. Dena dela Soriako arkitekto munizipala izan zen urte askotan eta Ascensiok bere lan artistikoa Sorian garatu zuen. Hortik nik ondorioztatzen dut Ramonek bere babesa eman ziola bere anaiari.

Ramon Martiarena (1897-1966) arkitekto interesgarria da, Sorian oso baloratuta dago bere ArtDéco estiloko eraikuntzengatik. Bertan ibilbide artistiko batzuk antolatuta dauzkate Martiarenaren lanak komentatzeko.

Gipuzkoan, gehien bat gerra osteko urteetan aritu zen Obra Sindical del Hogar delakoak zuzentzen zuen etxegintza programan: Lezon Grupo San Pedro, Grupo Alaberda Oreretan… langileentzako (sic) auzoak eraikitzen. Baina multzo txikiagoak ziren, pisu gutxiagokoak, estiloa era “atseginagoa” egiten zaigu, tradizionalagoa da.

San Juanen ordea beste eskala bat erabili zuten, hasierako proiektuan 200 etxebizitzak izan behar ziren. Garai hartako Gipuzkoan etxegintzako eragiketa handienetakoa.

Lehenbiziko proiektua 1943an aurkeztu zuen Martiarenak, 46 urte zituen, nik uste dut sasoi betean ibiliko zela, proiektuaren erredakzioan energia eta gaitasun handia zeukala uste dezaket. Dirudienez bi arazo egon ziren promozioa aurrera ateratzeko: lur zorua lortzeko zailtasuna eta hirigintzako arauak lau plantatik pasatzen ez zutela uzten.

Falangeren ideologiaren arabera langileentzako etxeak herri gunetik hurrean egon behar ziren. Elizarentzat eta ugazaba katolikoentzat ordea langileen auzoak baserri giroko eremuetan kokatzen baziren hobeto: kale zuloko bizioetatik aparte eta baserritarren giro sanoaren ukituarekin.

Aldi hartan etxebizitzarena arazo larria zen Arrasaten: 1941. urtean Parrokiak egindako ikerketa batean ohartu ziren 100 etxebizitzetan bi edo hiru familia bizi zirela. Bi urtetan 300 bikote ezkondu ziren.

Irtenbide bat lortzeko agintariek Solaren Jauregia eta lorategiak desjabetzea erabaki zuten. Kokapen horren inguruan ere polemikatxo bat egon zen. Garai hartan Solaren jauregiko lorategia Arrasateko “Birika” omen zen.

Solaren jauregia eta lorategia: Grupo San Juan eraikitzeko eta Garibai kalea irekitzeko aprobetxatu zuten. Artean tuberkulosiak gogor jotzen zuen Mondragoeko biztanleria.Urtero 19 bizilagun hiltzen ziren tuberkulosiak jota. 1945 urtean 79 kutsatu izan ziren, 25 ospitaleratuak eta 17 ohearen zain gelditu ziren. Etxeak ere hala moduzkoak izango ziren eta beraz horrelako jende pilaketarekin izurriteak sekulako sarraskia eragiten zuen.

Falangeko ideologoek asko azpimarratzen zuten etxe “sanoaren” beharra, baldintza higienikoak ondo beteko zituena. Hobe zen, bestaldetik Mondragoeko Birika baino mondragoetarren birikak salbatzea eta hala proiektua martxan jarri zen. Eta hala Solaren lur sailen desjabetzea egin zuten metro koadroa 32,56 pezeta ordainduz, guztira 15.411,9 metro koadro haietatik 6.828,70 metro koadro Arrasateko Udalak ordaindu zuen.

Lurzoruaren desjabetzea udalak burutu zuen eta espedientean aipatzen denez baita Zaldibar inguruan zegoen etxetxo batena ere bai. Saneamenduko lanak, plazatxoko aterpearen eraikuntza eta beste lan batzuk ere udalaren kontura izan ziren. Hasierako proiektuan diseinatutako etxeak dotoreagoak ziren, baina gero estilo soilagoan eraiki zituzten. Beharrak ere halakoak izango ziren, kontuan hartzen badugu ekonomiaren aldetik urte zailak izan zirela.Militarrek ere euren iritzia ematen zuten arkitektura kontuetan “estilo castrense” defendatuz eta Grupo San Juanen kasuan estilo kuarteleroa nagusitu zela onartu beharko dugu: etxe blokeen kokapena, plazatxoen inguruko antolaketa, bloke luzeak barrakoi militarren irudira, apaindurarik eza, burdinazko barroteak balkoien aurrealdeetan …Zokaloetan ordea harrizko piezak erabili zituen, eta hau bertako arkitektura tradizionalaren elementutzat har daiteke.

Prozesua luzea izan zen, proiektua 1943tik eta 1955ean likidatu zen arte. Hasierako proiektua lau alturako 200 etxebizitzakoa zen eta azkenean etxe kopurua murriztu egin zen merkataritza lokal gehiago lortzearren eta erabaki zuten 197 etxe eta18 denda egitea eta eraikinei bost altura ematea.

Solako lorategiko arbolak kategoria handikoak ziren, Martiarenak bere proiektuan aipatzen ditu zedroa eta ezkiak (tiloak) “soberbios” bikainak, bota barik utzi behar zirela etxeen urbanizazioa hobetzeko. Arbolak ez ziren salbatu, noski. Bere garaian esaten zuten baten batek interes handia zeukala arbolak bota eta egurra aprobetxatzeko…

Ideologia nazional sindikalistan bazegoen nolabait klase borroka gainditzeko borondate bat eta etxeak nahiko berdintsuak izan arren bi eredu aurkeztu zituzten:

A Tipokoa: 61,60 m2koa eta B Tipokoa 71,56m2koa. Txikiagoek sukaldea eta jangela integratua eta handienek aparte. Hiru logela: senar emazteentzako, semeendako bat eta alabendako beste bat. Logeletako bereizketan asko azpimarratzen zuten Falangearen ideologoek. Jantokirako gela bat berezitzea ere defendatzen zuten duintasunaren izenean.

Horrelako promozioetan etxeen banaketa horrela egiten zen:

Grupo San Juaneko etxeen banaketa ere horrela egingo zuten? Ez dakigu.

Autarkiaren urteak ziren eta produktu autarkiko bat erabili zuten bigetilen ordez pisuak egiteko: ladrihierro

Eta gainerako materialak ere “nazionalak” izan ziren: Bertako haritza, Soriako pinua, Igeldoko harearria …
Arkuak eta plazatxoko aterpeak ere bertako egoerara egokitzeko egin ziren, kontuan hartuta Herrialdean euria maiz egiten zuela eta paseatzeko leku babestu bat lortzeko.

Horrela ba etxe multzo honetan Lehen frankismoko etxegintza ofizialaren ezaugarri gehienak betetzen dira: Izena, blokeen antolaketa, plazatxo arkupetua, material “nazionalak” erabiltzea, Herrialdera egokitzeko ahalegina, etxe “higienikoak” (komuna, gela berezituak seme eta alabendako, gela guztiak leihoekin, jan gela, isolamendu akustikoa familiaren pribatutasuna babesteko..)

Horrelako etxe multzo handietan arkitektoek eliza eta eskola ere diseinatzen zituzten, baina kasu honetan ez zen horrela egin Biteri eskolak aldamenean zeudelako eta parrokiarekin nahikoa izango zela iritzi ziotelako.

Halaber frankismoaren beste ezaugarri batzuk betetzen dira: Langile talde bakoitzaren soldata zehatza, babestutako enpresa kapitalisten indartzea… Horrelako promozioak Donostiako burokrazia falangistak zuzentzen zituen, Artean Jose Ignacio Yeregui ingeniaria zen Gipuzkoako Eraikuntzako Sindikatuaren jefe probintziala. Gaur egun eraikuntzako enpresa indartsu bat da.

Ongizatearen estatuaren garapenean urrats inportanteak eman ziren etxe multzo honen eraikuntzarekin. Frankismoaren helburuetariko bat zen langile familiak etxe jabe bihurtzea eta horregatik eman zien babesa horrelako promozioei. 40 urteko epea ematen zitzaien etxea ordaintzeko: lehenengo 20 urteetan diru kopuru bat eta gainerako urteetan pixka bat gutxiago.Baina obrak bukatu zirenerako urte pilo bat pasatu ziren eta hasiera batean adostutako prezioa aldatzen eta igotzen joan zen urteak pasatu ahala. 1949an 45.000 pezetatan baloratzen ziren etxeak 1953an 82.000ra iritsi ziren…

Eta horrek ezinegona eragin zuen. Beste etxeekin alderatuta San Joanekoak zati bat garestiagoak ziren: Zerrajerako etxe batzuk Ziorlan 52.000 pezetatan baloratu ziren eta AsociaciónMondragonesa del Hogarrenak ere berdintsu.

Asuntoa da Gipuzkoako “Obra Sindikalak” ontzat eman zuela San Juaneko etxeen balorazioa. Baina etxe horietara joan behar zirenak ez zeuden konforme eta Falangeko agintariei (Raimundo Fernandez Cuesta eta Jose Antonio Giron) tasazio arrazoitsu bat eskatu zioten.

Bertara bizitzen joan behar ziren 32 pertsonek ere gutun bat bidali zioten Francori. Sinatzaileak Bando Nazionaleko borrokalariak eta Gorrien preso izandakoak ziren. Arrazoien artean Francori esaten zioten Erregimenaren etsaiek aprobetxatzen ari zirela egoera hau Movimiento Nazionalaren kontra gaizki esaka ibiltzeko (injurias y calumnias).

Zertan bukatu zen hau guztia? Ideiarik ere ez daukat.

3 IRUZKIN

  1. Nik uste falangistek indar txikia zuten Gipuzkoan, Movimiento Nacional-eko beste iturburua, karlismoak zuen indarra gehien herrialdean eta Arrasaten.
    Nik uste, derrigorrezko Sindikatu Vertical franquistak bultzatu zuen San Juan taldea, artikuloan aipatzen den “Obra Sindical del Hogar ” delakoaren bitartez eta ez falangismoak.
    Franquismoak hiru bidetik bideratzen zuen “parte hartzea”, udal eta Cortes hauteskundetarako esatebaterako:
    – Familiko aitak, bestela ama alarguna ba zen.
    Hauek ez zuten antolakuntza estrukturarik
    – Sindikatua
    Hauteskundeak bazeuden eta lokalak
    eta abar bazituzten.
    – Partidua:
    Movimiento Tradicionalista de las JONS.
    Hau da carlismoa + falangismoa.
    Honk potere politikoa zuzena zuten.

    Aparte beste botere franquista handia Eliza zen. Kriston estrukturarekin: elizak, ikastetxeak, lokal sozialak, Arizmendiarrieta horren parte zen.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen